Lakuntzan daude “Emakume zientzialari izan nahi dut” sariak

Guaixe 2019ko urr. 19a, 10:46
Lakuntzarrak Nafarroako Unibertsitate Publikoan saria jasotzen. Amaia kantariarekin izateko aukera izan zuten.

Antzezlan horretan oinarrituta egindako lanengatik, eskolako ikasleek Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. ikasmailako lehen saria eta akzesita eskuratu zituzten.

Lakuntzako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. ikasmailetako ikasleak bi sarirekin bueltatu ziren Nafarroako Unibertsitate Publikotik (NUP) hilaren 11n: mailako onenarena (eskolarendako tablet bat eta ikasleendako NUPen sustapen materiala) eta akzesita (NUPen artikuluak eta Iruñeko Planetariorako eta Donostiako Eureka Zientzia Museorako sarrerak). Gainera, Lakuntzako Herri Eskolak liburu sorta bat jaso zuen opari. Hamar ikasle izan ziren NUPen sari banaketan: Alain Berastegi, Djibril Diouf, Iker Escudero, Laida Garziandia, Osama Handi, Julen Larraza, Luca Martinez, Idoia Miranda, Ekain Ramajo eta Olaia Razkin. Aldamenean senitartekoak eta irakasleak izan zituzten.

Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatutako lehiaketa joan den ikasturtean “Emakume zientzialaria izan nahi dut” antzezlana ikusi zuten ikasleei irekita zegoen. Sariketara antzezlanean agertzen diren iraganeko edo egungo emakume zientzialariekin loturiko lan bat aurkeztu behar zuten. Lakuntzarrei lehen saria  “Zientzia berdintasunaren bidean” ipuin digitalak eman zien, eta akzesita “Mary Anning” aurkezpen digitalagatik. Aurrenak zientzia gustuko duen neska baten istorioa kontatzen du. Atzenak, berriz, fosil jasotzailea, saltzailea eta paleontologoa emakumezko britainarraren bizitzaren berri ematen du.