“Ilusioa egin dit aitortzak”

Guaixe 2020ko urt. 18a, 12:53
Garikoitz Flores autoan.

Lakuntzako danborradak Garikoitz Flores auto pilotua omenduko du igande gauerdian.  

2019an Espainiako Mendi Igoerako 2. mailako txapeldunordea izan zen lakuntzarra, eta aurreko urtean lehiaketa irabazi zuen. 2019ko Urbasako Igoera ere irabazi zuen Floresek eta danborradako antolakuntzak meritu horiek aitortu nahi dizkio. 

Joan den urtean autoko direkzioarekin arazoak izan zenituen, zein egoeratan dago ibilgailua? 
Motorra aldatuko diogu eta 2018ko bat jarriko diogu. Borjako igoeran kolpe bat izan nuen. Autoa eta motorra erreparatu ondoren, ea aurten nola dabilen. Urtero motor berriak ateratzen dira eta jendeak azken motorrak ditu. Hiru urte neraman motor berarekin, pixka bat zaharkituta gelditzen zen. Ez da gauza bera motor berria jartzea edo lau urte dituen motor bat. Ea zer ateratzen den. 

Urbasako Igoera irabaztea nola hartu zenuen? 
Urbasako igoera niretako oso garrantzitsua da. Etxeko igoera irabaztea oso polita da. 

Denboraldi berrirako zein asmo dituzu? 
Lagun batekin, Mikelekin, aztertzen aritu gara eta Espainiako txapelketa jokatuko dugu. Car cross bat erosi dugu, harean ibiltzeko da. Eta nola dabilen probatzeko lasterketaren batean parte hartuko dugu. 

Noiz hasiko duzu denboraldia? 
Martxoaren 23an uste dut, Esteponan. Zortzi proba ditugu. Esteponaren ondoren, Ubrique, Fito, Galizia, Tenerife… zortzira arte. 

Diru-kostua izanen du ere, ezta? 
Horregatik, aurten furgoneta batekin joanen gara. Gauza batzuek diru asko balio dute, jendea eramatea… Ni lagun batekin joaten naiz. Bilboko beste lagun bat ere laster egiten du eta biekin moldatzen gara. 

Nola hartu duzu danborradako omendua izatea? 
Aurrekoan Ricardo Aretak hots egin zidan. Harritu nintzen. Polita da. Gustukoa da. Ilusioa egin dit aitortzak.  

Hitza hartuko duzu? 
Gutxi. Egia esan, lotsa handia ematen dit. Zerbait aterako da. 

Nola ospatuko dituzu sansaastinak? 
Egia esan, lasai; txintxo gaude. 

Erlazionatuak