Lakuntzako Pertza elkarteak ia 500 bazkide ditu, eta lakuntzar askoren topagunea da. “Gauzak nola dauden ikusita, eta gure elkartearen tamaina kontuan hartuta, bazkideen eta gizartearen osasuna jarri dugu aurretik, eta ez dugu elkartea zabaldu. Hala ere, lanean gaude. Mantenu lana egin, eta elkartea puntuan jartzeko aprobetxatuko dugu etenaldi hau” azaldu du Mikelatxo Flores Arregi Lakuntzako Pertzako presidenteak. Elkarteak makina bat ekimen antolatzen ditu urtero, baina, akaso, ezagunena Lakuntzako Pertza erromeria da. “Lakuntzako Pertza Elkartea 1966 urtean sortu zuten herriko gazte batzuek, eta lehen egoitza Amion etxean egon zen. Hurrengo urtean, 1967an, lehendabiziko Lakuntzako Pertza eguna antolatu zuten” azaldu du Mikelatxo Floresek.
Istorio zaharra oinarri
Elkartearen izena ez da kasualitatezkoa; istorio zahar batean oinarrituta dago. “Lakuntzarrek betidanik izan dute San Migelera igotzeko ohitura. Uda mendian pasatzen zuten, negurako egurra egiten. Hala entzun dut nik etxean. Lan guztiak egin ondoren, nolabait ospatu beharra zegoen, eta San Migel santutegian egiten zen Asulbizio egunean ospatzen zuten. Asulbizio eguna bekatuak barkatzeko ekitaldia zen, eta elizkizun haietara igotzen ziren San Migelera. Nonbait, Asulbizio egunera joaten edo mendira egurra egitera joaten gertatu omen zen lakuntzarrei pertza erori zitzaieneko istorioa” aipatu du Mikelatxok.
Lakuntzako etxe guztietan kontatzen da pertzaren pasadizoa. “Ez dakigu gertatu zen ala ez, baina istorioak dio behin lakuntzar talde bat San Migelera zihoala. Tripotaz betetako pertza zeramaten asto gainean, eguna mendian emateko. Nonbait, astoa irristatu, eta pertza erori zen. Zarata entzunda, Uharte Arakilgo errotaria bidera atera zen, eta begia galdu zuen. Eta ordutik burla egiten zieten lakuntzarrei. “Lakuntzako pertzak ze fin ein zuben?” galdetzen zieten, adarra jotzeko” kontatu du presidenteak. Erantzuna ondokoa zen: “Zuben aittek eta amak ein zubiena”. 1966 urtean, herrian elkartea egin zenean, ez zuten zalantzarik izan: Lakuntzako Pertza izena jarri zioten, burlari buelta emateko. Eta hurrengo urtean erromeria antolatzen hasi ziren, asto, tripota, pertz eta guzti. Erromeria Ama Birjina egunaren ondorengo igandean izaten da, eta Ama Birjina igandea bada, egun horretan bertan.
Erromeria
Lakuntzako Pertza egunean, goizeko 06:00etan suziria bota, eta San Migel aldera abiatzen dira lakuntzarrak, astoarekin. Adin guztietako jende mordoa joaten da. “Ikusgarria izaten da. Goizago ateratzen dira boluntarioak, bide erdian, garai batean pertza famatua erori zen tokian, sua prestatzera. Izan ere, bertan atsedenaldia egin, eta lehendabiziko tripota erreak jaten dira. Boluntario asko aritzen dira lanean, ixil-ixil, gainontzekook festaz goza dezagun” dio Mikelatxok. Bide erdiko geldialdia egin eta gero, San Migelera igotzen da, eta 11:00etan meza izaten da. Bitartean, elkarteko juntako kideak eta boluntarioak tripotak erretzen hasten dira. Lehen kobrezko pertza erraldoietan egosten ziren tripotak, aterpean, baina santutegiko jatetxean eta aterpean obra egin zenean, aldaketa agin zen. Javier Anduezak parrilla erraldoi bat prestatu zuen egun horretarako propio, eta, ordutik, tripota erreak prestatzen dira. Mezatik ateratzean dastatzen dira. “225 kilo tripota eta 100 litro ardo inguru erosten dira egun horretarako. Bezperan, adinduei eta gaixo daudenei etxean banatzen zaie tripota; izugarri eskertzen dute. Erromerian dastatzen da gainontzekoa. Hasieran, Ziordian prestatzen zuten, baina duela urte askotxotik Lakuntzako Arregi harategiak prestatzen du. Gustura jaten da tripota egun horretan, zapore berezia hartzen du” dio Mikelatxok.
Tripotarekin batera, astoa da festako protagonista. Hasieran Martin artzainaren astoak eramaten zituen tripotak. “Lanera ohitua zen astoa zen, eta egunean bertan hartuta, erromeriara joaten ziren. Baina hura hil eta gero, kanpotik astoak ekartzen hasi ziren, eta noizbait arazoak egon izan ziren, astoak ez zeudelako halako lanbideetara ohituta, eta kosta egiten zen goraino itzotzea. Duela urte batzuetatik hona, boluntario batek astoa zaindu eta entrenatu egiten du, erromeriarako propio. Astoa beti eraman behar da ahalik eta zelaiena, bera ongi ibiltzeko, eta, ahal izanez gero, itzaletik” aipatu du presidenteak.
Lakuntzako Pertza dantzak
Tripotak banatuta, Biltoki gazte elkartekoek Lakuntzako Pertza dantzak dantzatzen dituzte, Jon Oñatibia oiartzuarrak sortutakoak. “Garai haietan Diputazioak euskara klaseak antolatzen zituen Iruñean; lakuntzar batzuk ikastaro horietara joan ziren. Han, Ion Oñatibia euskara irakasle oiartzuarra ezagutu zuten. Lakuntzako Pertza erromeriaren berri eman, eta festa ezagutzera etorri zen. Eta orduan bururatu omen zitzaion festa honek dantza batzuk behar zituela, eta berak sortu zituen dantzaren zatiak: Makila-dantza, Era, Pertzaren Iraultzea eta Biribilketa. Lakuntzara etorri zen, 1977 urte inguruan Biltokikoei erakutsi zizkien, eta urte horretako erromerian dantzatu zituzten. Oñatibiak berak jo zuen txistua. Ordutik Biltokikoek dantzatzen dituzte, eta beteranoek elkartera sartzen diren gaztetxoei erakusten dizkiete. Dantzak giro polita sortzen du, eta parte-hartzailea da. Bukaeran, jende guztia animatzen da dantzara” nabarmentzen du Mikelatxok.
Aurtengoa, sinbolikoa
Dantzen ondoren, Guardetxera hurbiltzen dira lakuntzarrak, bazkaltzera. Familiaka edo kuadrillaka, jende asko geratzen da bazkaltzera. Ondoren, dantzaldia egoten da, erromeria. Bukaeran, dena bildu eta herrian jarraitzen du festak, plazako dantzaldiarekin. “Egun polita izaten da; festen aurreko kutsua du, hurrengo astean festak hasten direlako. Lakuntzarrendako egun polita izaten da. Tamalez, eta pena handiarekin, aurten ezingo dugu festa ospatu” dio presidenteak. “Aurten abuztuaren 16an litzateke erromeria, eta aztertzen ari gara egun horretan zerbait sinbolikoa egitea, aipatu ditugun elementuak kontuan hartuta: elkartea, tripotak eta herria. Baina festa, berez, ezin da egin. Lehendabiziko aldia izango da 1967tik. Espero dezagun hurrengo urtean festa ospatu ahal izatea, baina horretarako ere lana egin beharko dugu” azpimarratu du presidenteak.