Mikel Arregi Marin gaurko egunez hil zuten duela 41 urte. Ziorditik Lakuntzara bueltan joaten zirenen autoa metrailatu zuen Guardia Civilak. Ospitalerako bidean hil zen Arregi. Arregi bera eta gertaera gogoratzen duen oroigarria dago Etxarri Aranatzen, kuartela zegoen tokian, eta han eginen da lore eskaintza gaur.
Mikel Arregi gogoan herri ekimenak horretaz aparte, Pasaiako badia dokumentalaren emanaldia iragarri du. Larunbatean izanen da, 19:00etan, kultur etxean. Dokumentaleko hiru zuzendarietako bat, Xabier Otamendi lana aurkezten izanen da. Ikus-entzunezkoa ikusi nahi duenak sarrera euro batean eskuratu dezake dagoeneko, horretarako Tania arrandegitik, Erosletik edo Apurretik pasa beharko dute. Bestalde, herri ekimenak jakinarazi du Mikel Arregi 25. urteurrena dokumentala aurki sareetan ikusgai jarriko dutela. Gainera, herri ekimena memoria gordetzeko oparia prestatzen ari da.