Arregi Marin gogoan izateko liburua

Guaixe 2021ko urt. 15a, 14:28
Mikel Arregi gogoan herri ekimenak bere burua arukeztu zuenekoa.

Igandean aurkeztuko dute Lakuntzako kultur etxean, 12:30ean. Argazki proiekzioa izanen da eta liburua eskuratzeko aukera ere bai. 

Mikel Arregi gogoan herri ekimenak bere burua 2019ko lastail akaberan aurkeztu zuen eta bere buruari honako egitekoa jarri zion: “1979ko azaroaren 11n izandako gertakari bortitzen oroimen historikoa berreskuratu eta gordetzea da”. Egun hartan guardia civilek auto bat metrailatu zuten Etxarri Aranatzen eta, ondorioz, Mikel Arregi Marin hil zen. Herri ekimeneko kideen iritziz, “gertakari haiek lakuntzar askoren oroimenean daude oraindik, baina lau hamarkada pasa dira dagoeneko eta herri batek hegan egin eta aske hegan egin ahal izateko hegoak behar dituen bezalaxe, ezinbestean bere sustraiak ezagutu behar ditu”. 

Arregi Marinen familiak lan handia egin du gertaeren inguruko dokumentazioa jasotzen eta justiziaren bidean egiaren aitortza bilatzen. Herri ekimeneko kideen iritziz, ordea, “ez da familia baten kontua soilik. Herri baten historiaren zati bat da. Gure herriaren historiaren zati bat”. Horregatik, Mikel Arregi gogoan herri ekimenak orain arte jaso den informazio guztia liburu batean bildu du, “gertaeren dimentsio osoa islatzeko asmoz. Oraingo eta ondorengo belaunaldiek gure herriaren historia ezagutu dezaten”. 

Familia herri ekimenaren, lan taldearen, partaidea izan da hasieratik eta oso eskertua dago aurrera eramaten ari den dinamikarekin. Zubi lanetan Iker Uribe aritu da, berak eman dio itxura liburuari. “Justizia eta erreparazioaren bidean bidelagun”. Herri ekimeneko kideen nahia litzateke “Lakuntzako etxe guztietan liburu horren ale bat izatea, liburuan Lakuntzako herriaren historiaren zati bat biltzen baita”.