Lakuntzako kultur etxea beteta zegoela, Mikel Arregi Marini buruzko liburua aurkeztu zen igandean. Mikel Arregi gogoan herri ekimenak lakuntzarraren heriotzaren inguruan zegoen materiala jaso, sailkatu eta txukun argitaratzeko ideia gauzatuta ikusi du horrela. Material horri guztiari forma emateko urte bete lanean eman du herri ekimenak. Emaitza 15 eurotan eskuratu daiteke Lakuntzan Ogi berrin, Aliproxen eta Estankoan; Etxarri Aranatzen Kaxeta liburu dendan eta Altsasun Arkatz liburu dendan.
Herri Ekimeneko Jone Aretak azaldu zuenez, lakuntzarrek egin dute liburua, “apaltasunez eta maitasunez egina, gure historia bildu eta hurrengo belaunaldiei begira jasoa geratu dadin”. Txaro Arregik, senitartekoen izenean, Mikel Arregi gogoan herri ekimenak egindako lana bihotzez eskertu zuen eta urte luze hauetan familiak herritarren, udalaren eta hamaika taldeen aldetik jasotako babesa eskertu zuen.
Liburuaz
Iker Uribe arduratu da liburuari itxura emateaz eta “irudiari pisu handia” eman diola azaldu du, “argazki asko daude. Gertatutako guztia ulertzeko eta ikusteko modu zuzenena dela iruditzen zaigu”. Argazki gehienak familiarenak dira. Liburuko testuak, berriz, “kontakizunen bilduma bat da” zehaztu zuen Uribek, “Herri ekimenak gertakizun haien inguruan duen kontakizuna da. Kontakizun horretan pisu handia dauka familiak, Mikelen lagunek eta abarrek”. Nabarmendu duenez, “ez da historia liburu bat, gure kontakizunaren liburua da”.
Jakina, Mikelen biografia ere badu liburuak. Uribek azaldu duenez, “bere bizitzaren bidez uler daiteke garai haietan nola bizi ziren lakuntzarrak, jendea Euskal Herrian”. Irudigileak gogorarazi zuen Mikel “herri mugimenduko oso parte aktiboa zen. Herriko gauza askotan parte hartzen zuen, bai udalean, baita kanpoan ere”.
Garaiko dokumentazioa ere jaso dute liburuan: elkartasun mezuak edo Lakuntzako Udalak abian jarritako ikerketa batzordeak egindako ikerketa lana… “Azken hori oso garrantzitsua izan zen gertatutakoa argitzeko eta 1981ean epaiketa egiteko. Ez zen oso normala orduan halako epaiketak egitea” gaineratu zuen Uribek. Ondoren etorri zen Etxarri Aranatzen oroigarria jartzea eta haren historia jasoa dago liburuan. Argitalpena elebiduna da, baina euskarari lehentasuna eman diote.