Ezin estilo bakar batean sailkatu

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 24a, 13:18
Afu taldearen kontzertua Lakuntzan. RICARDO ARETA

Afu talde barañaindarrak kontzertua eskaini zuen, larunbatean, Lakuntzako kultur etxean. 'Larruazalean' diskoa aurkeztu zuen

2007. urtean "bizpahiru" lagun Barañaingo gaztetxean musika jotzeko eta ongi pasatzeko "besterik gabe" elkartzen hasi ziren. Ohitura bat bihurtu zen eta jendea batzen hasi zen. Gustuko zituzten taldeen abestien bertsioak jotzen zituzten, eta azkenean jai eta txozna batzordearen deia jaso zuten: "ea zergatik ez genuen jotzen herriko festetan esan ziguten. Eta horrela jo genuen lehenengo kontzertua". Afu taldea sortu zen, Ion Erro Arbizu taldeko kideak azaldu duen bezala. "Ez genuen inongo helbururik, eta poliki-poliki ia hamabost urte pasa dira". Taldeak laugarren diskoa publikatu zuen 2020an: Larruazalean. Larunbatean diskoaren aurkezpen kontzertua eskaini zuen Lakuntzan. 

“Egia esan, ezin dugu gure musika estilo bakar batean sailkatu". Laugarren diskoa kaleratu dute, eta taldearen ibilbidean "estilo desberdin asko" landu dituzte: boleroak, salsa, reggae, swing, doinu balkanikoak… "Denetarik egin dugu, probatzea eta gauza desberdinak entzutea eta sortzea gustatzen zaigulako". Larruazalean diskoak ere berrikuntzak ditu, "rockeroagoa" dela aipatu du Errok, baita aurrekoetako abestiekin antza dutenak ere badaude. Taldearen formazioan aldaketa txiki batzuk egon dira, eta "lehenengo aldiz gitarra elektrikoak erabili ditugu, baita bateria ere". Orain arte perkusio instrumentu "txikiak" erabiltzen zituzten, kongak edo kaxoia, esaterako. Diskoarekin "oso pozik" gelditu ziren.

'Larruazalean'
Laugarren diskoaren sorkuntza eta grabaketa prozesua 2020. urte hasieran egin zuten. "Prozesua aurreko diskoetan bezalakoa izan zen ordura arte ez genekielako zer zetorkigun gainera". Diskoaren diseinuarekin eta "ondorengo lan horiekin" ari zirenean, martxoan "kristo hau", pandemia, heldu zen, eta erabaki zuten grabatutakoa sareetan jartzea. "Bestela, zain egonez gero, auskalo". Jendea etxean zegoenez musika entzuteko denbora zuela gaineratu du Errok.

Pandemiarekin emanaldiak egiteko modua aldatu behar izan du Afu taldeak ere. "Egia esan ez da gure ohikoa den zirkuitu bat. Orain, nolabait esateko, formalagoak dira: kultur etxeetan eta abar". Disko berriaren aurkezpenarekin ari dira orain, eta Lakuntzan bihar egon aurretik zenbait kontzertu eman dituzte, Berriozarko kultur etxean eta Katakraken, esaterako. "Baina ez ditugu asko eman".

Azkeneko diskoaren aurkezpen kontzertuak direnez, abestiak diskoan agertzen diren bezala egiten dituzte: "horrela sortu dugulako eta horrela egin dugulako. Hori da erakutsi nahi duguna". Baina disko berritik kanpo aurreko kantak aukeratzeko orduan lasaienak edo "giroarekin bat" egiten dutenak hautatzen saiatu dira. "Ez da erraza, baina saiatzen gara".