Oihan 12 urte dituen mutiko lakuntzarra da. Amak azaldu duenez, “beti laguntzeko prest egoten da. Lakuntzako ferian jarritako postuan goiz osoa saltzen egon zen”.
Anfasek eskaintzen dituen zerbitzuen berri nola izan zenuen?
Duela bospasei urte. Egia esan, Anfas Sakanan lanean zegoela entzuten nuen. Gu Iruñera joaten ginen, beste elkarte batera. Zehazki, gizarte trebetasunak lantzera. Anfas egoitza Lakuntzan jarri zutenean: ‘Anfas hemen izanda’… Laguntza akademikoa behar genuela ikusten genuen. Webguneak begiratu eta beraiei hots egin nien. Berehala informazio osoa eman zidaten. Eta zer behar nuen azaltzean ikusi nuen hemen bertan zerbitzua nuela.
Anfasen Sakanako zerbitzuen artean zehazki zein erabiltzen duzue zuek?
Hasiera batean, duela bospasei urte, hasi ginen gizarte trebetasunak lantzen. Beste neska batekin batera egiten zuen. Idazketa eta irakurketa ere lantzen zituen. Gizarte trebetasunak taldean egin beharko lirateke eta ondoren talderik sortu ez zenez, idazketa, irakurketa eta matematika lantzen ditu. Azkenean, gizarte trebetasuna baita. Zeren egunerokoan gatazka bat baldin badu, lehenengo horretaz hitz egin behar da eta horri irtenbide bat eman, ondoren lanean hasteko. Bere ahulgune bat hori da; bere sentimendu horiek ez baditu kontrolatzen ezin du lanik egin. Azkenean, hori ere lantzen da. Zerbitzua oso malgua da. Idazketa eta irakurketa lantzera doa, baina sentimendu horiek landu behar badira lantzen dira momentu horretan.
Beraz, profesionalak ume eta gazteen beharretara egokitzen dakite.
Bai. Gure kasuan Anfasekin bizi duguna ez da zerbitzu edo saio itxia, baizik eta haurraren beharren arabera moldatzen dute egin beharreko lan mota. Alde horretatik, oso pozik gaude. Sekula ez dugu ezezkorik jaso, baizik eta “ea nola egiten dugun hau! Ea nola lantzen dugun hau!” Oso irekia da.
Momentuko erronkak du landu beharreko bat eta beti dago “saiatuko gara bat”, ezta?
Bai. Esaterako, saioan irakurketa lantzen dugu, baina momentuan buruan duen gai hori edo kezka batera lantzen dugu. Pertsona bere osotasunean; dena, orokorrean, lantzen da.
Zein maiztasunarekin erabiltzen duzue zerbitzua?
Oihan astean hirutan joaten da. Goizean ikastetxean eta arratsaldez doa Anfasera. Saio bakoitza 45 minutukoa izaten da.
Oinez joanen zarete.
Oinez eta bera bakarrik joaten da. Berarendako oso garrantzitsua da bera bakarrik joatea. Autonomia. Dena da. Ordutegia: “kontutan hartu zer ordu den, atera beharko duzu…” Gauza asko lantzen dira. Familiarendako ere, beste haurrekin moldatzeko, ordutegiak, hemen hurbil izatea, oso garrantzitsua da.
Lakuntzan bertan izatea zerbitzua “dena da” zuendako, ezta?
Bai. Anfas eskualde guztietan dago. Hemen, esate baterako, zerbitzu osoa euskaraz dugu. Guretako hori ere oso garrantzitsua da. Hurbiltasun hori.
Sakandarrek Anfasen zerbitzuen berri badute?
Edozein zalantza izanez gero, nik galdetzera animatuko nituzke. “Ez dakit nire haurrarendako ona izanen den edo ez”. Hurbildu eta galdetu. Hemen, ondoan daukagu. Gainera, oso profesional onak daude eta dituzun zalantza guztiak berehala argituko dizkizute. Zuretako zerbitzua bada, primeran. Ez bada ere, lagunduko dizute. Ez gelditu “niretako izanen da edo ez” dudarekin! Hurbildu, galdetu eta ezagutu Anfas. Agian, dugun ideia baino askoz ere gehiago da.
Elkartea sortu zen Down sindromea zuten premiak asetzeko. Baina elkartearen helburuak zabaldu dira.
Baditu zailtasuna duten, edo TEA, TGB… gauza asko daude. Edozein haurrek bere garapenerako behar duen laguntza eskaintzen du. Beraz, edozein traba-edo badu, hor laguntza jaso dezakezu. Daude: logopedia, gizarte trebetasunak, trebetasun akademikoak, aisialdirako taldea, helduendako programa ere badute… Anfasen izugarrizko lana egiten dute. Oso zerbitzu eskaintza zabala dute.