ETSk Lakuntzako frontoia dantzan jarri zuen

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 27a, 14:30

Denboraldiko euren azken kontzertua Sakanan izatea nahi zutela aitortu zuen Iñigo Etxezarreta kantariak

En Tol Sarmiento (ETS) taldeak denboraldiko azken kontzertua eskaini zuen igande arratsaldean Lakuntzako pilotalekuan. "Hemen gaude, igande batean, arratsaldeko zazpiretan, eta eserita. Eta hala ere, sarrerak salgai jarri ziren egun berean agortu ziren. Eskerrik asko ematen diguzuen babesagatik" eskertu zuen, bihotzez, talde arabarreko Iñigo Etxezarreta kantariak. Emanaldi ederra eskaini zuen taldeak, eta frontoian jotzeko soinua ona izan zen. Bere errepertorioko kanta ezagunenak azken diskoko lanekin tartekatu zituzten arabarrel, eta, bukaeran, Lakuntzako frontoian bildutakoak dantzan jarri zituzten, kontzertu bikaina eskainiz.

Denboraldiko azken kontzertua zenez, –pandemiako formatu berezi hauetako azkena izatea espero zuten zaleek–, taldeko teknikari eta kolaboratzaile guztiak han ziren, Jon Maia eta Peio eta Iratxe Reparaz, esaterako. Azken bi hauendako hitz gozoak izan zituen Etxezarretak. "Gure azken kontzertua Sakanan izatea nahi genuen, besteak beste Peio eta Iratxek gurekin egiten duten lana eskertzeko. Sakanan sekulako potentziala duzue" azaldu zuen, bukaeran, ETSko kantariak.

Erlazionatuak