Astekaria

Elurraren kargarekin estalpeko toldo bat behera

Guaixe 2021ko abe. 7a, 09:34

Suhiltzaileek eta udal langileek arrizkua kentzeko lan egin zuten.

Lehen elurrak plazako estalpeko toldoen gainean pilatu eta hari eusten zion farola bat botarazi zuen azaroaren 28ko goizean.

Maluta batek ez, baina elur maluta mordo batek karga ederra dutela ikusi zuten lakuntzarrek igande goizean. Plazan estalpe modua jarritako bost toldoen gainean elurra pilatu zen, eta kargagatik haiei eusten dien faroletako bat makurtu eta erori egin zen. Plazaren iparraldeen dagoen farola da eroritakoa. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak azaldu duenez, “gelditzen ziren beste lau toldoen kableak suhiltzaileen laguntzaz moztu genituen, eta maindireen moduan zintzilik utzi genituen; gainean elur gehiago ez pilatzeko”. 

Eta hala utzi zituzten aseguru etxeko peritua etorri eta guztia aztertu zuen arte. Gauza bera egin zuen udal arkitektoak. Asteartean kendu zituzten toldoak. Peritua eta arkitektoa zer gertatu zen aztertzen ari dira eta harremanetan daude, Razkinek azaldu duenez. Balizko kasu batean beste toki batetik haustea aurreikusia zegoen, ez farolaren zimenduak huts egitea. 

Alkateak azaldu duenez, “elurrari beldurra diogulako, toldoak, normalean, lastailean kentzen ditugu. Lakuntzako Pertza elkarteak bere eguna azaroaren 13an ospatu zuen. Pandemiagatik kalean jarduerak egin nahi zituzten eta, horregatik, utzi ziren toldoak jarrita. Arriskatu gara eta harrapatu gaitu”. Plaza berritzeko lanekin batera, 2014ko festen aurretik mustu zuen Lakuntzak bost toldoekin eta hainbat faroletara helduta sortutako estalpea. “Jendeari gustatzen zaio. Baina jartzeko eta kentzeko zaila da. Enpresek dagoeneko ez dute jarri nahi, eta azken urteetan udala jartzen ari zen”, azaldu du alkateak, eta gaineratu du: “orain lasai pentsatu beharko dugu zer egin, mahai gainean hainbat aukera jarri eta aztertu beharko dira”. 

Erlazionatuak