Lakuntzako Udalak jakinarazi du dagoeneko zabalik dagoela Gazte Txoko zerbitzuan izena emateko epea. Hilaren 26an zabaldu eta maiatzera arte zabalik izanen da, larunbatetan eta igandeetan 17:00etatik 20:30era. Denboraldi guztirako izen ematea 40 eurokoa da gazte bakoitzeko, bost euro hilabetean. Lakuntzako Udalak jakinarazi duenez, tasa ordainagiri bitartez kobratuko da, erdia denboraldi hasieran, eta beste erdia martxoan. Gaztigatu duenez, jarduera hasi ondoren, ez du dirua bueltatuko. Tarifak ordaintzetik salbuetsita egoteko aukerak ere aurreikusi ditu udalak, esaterako, diruz eskas dabiltzanendako. Horretarako, aldez aurretik eskaria egin beharko diote udalari, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak emandako txostena baliatuta.
Udalak jakinarazi duenez, seme-alabak gazte txokoan inskribatzen dituzten familiek, izena emateko orria betetzeaz aparte, dokumentu bat sinatu beharko dute: parte hartzeko baldintzak onartzeko, informazioa emateko eta kontingentzia plana onartzeko eredua eta 2021-2022 gaztetxokoan parte hartzeko baimen informatua. Gurasoek Gazte Txokora joaten diren gaztetxoen bidez jasoko dute sinatu beharreko agiri hori. Udalak dagoeneko hiru begiraleak kontratatu ditu. Egoitzan egin beharreko guztiak despedituta da daude, gaztetxoak hartzeko prest.