"Nik esango nuke gaur egun familia bat garela. Pixkanaka sortzen joan den Anita Parker hori bakoitzak bere emanez sortu dugun zerbait da". Olatz Andueza Razkin Anita Parker taldeko kide lakuntzarra da, eta Anita Parkerren familia Ane Martinez eta Mikel Pirisekin batera osatzen du. Urte amaieran hirugarren lana kaleratu zuten: Reset. Anita Parker berrabiarazi delako: "Gauza asko atzean utzi nahi izan ditugu, kontuan izanda guk bizi izan duguna. Hortik ikasi dugu, baina gauza asko berrabiarazi ditugu, berriz hasi, eta beste modu batera egin ditugu". Igandean kontzertua eskaini zuten Lakuntzako kultur etxean.
Taldea kantuetan, hitzetan eta landutako gaietan berrabiarazi dela azaldu du Anduezak: "Gure bizipenetatik abiatzen gara, gure inguruan ikusten dugunetik eta sentitzen ditugun gauzetatik". Gauzak beste modu batera egin nahi izan dituzte. Hirugarren lana 2020an pandemia iritsi aurretik prestatzen hasi ziren, eta konfinamenduan "gauzak" sortu dituzte. "Ez dut uste inspirazio momentu bat izan denik, azkenean, hor geunden eta aurrera atera behar genituen". Koronabirusaren aurretik eta konfinamenduan landutako abestiek osatzen dute diskoa.
Bereizgarria
Musikari etiketak jarri behar direnez, "edo ditugunez", Anita Parkerren zeinua elektro-swing-a da. "Gure musikaren oinarria elektronikoa da, eta hortik abiatzen gara". Lehenengo diskoan musika elektronikoa swing-arekin uztartu zuten eta bigarrenean elektro-swing-a zegoen arren, beste buelta "bira" batzuk egin zituen taldeak. "Orain berriro esentzia hori berreskuratzen saiatu gara". Pop eta rock ukituak dituzten abestiak ere badaude diskoan.
Mundu mailan "beste erreferente batzuk" daudela azaldu du Anduezak. Anita Pakerren kasuan, taldekideen artean musika elektronikoa "kontrolatzen" duen jendea dagoenez, baita swing-a gustuko dutenek ere, biak uztartzea erabaki zuten. Disko oso dantzagarria kaleratu dute. Gainera, hiru formatutan eskaini dute: Reset diskoak biniloa, CDan eta deskarga digitalak egiteko aukera ematen du; hiru batean. "Musika entzuteko eta kontsumitzeko modua aldatu da. Plataforma digitaletatik entzuten da musika asko eta diska fisikoki nahi dutenak ez dira hainbeste. Zerbait berezia eskaini nahi genuen".
Zuzenekoak
Pandemiak eragindako konfinamendua eta mugen itxiera zela eta, estudioan sartu ziren lehenengo aldian elkarrekin behin entseatu gabe hasi ziren lehenengo abestiak grabatzen. "Teknologia berriei esker abestiak bidaltzen genituen eta sortzen joaten ginen". Diskoa ateratzea "zaila" izan dela esan du Anduezak.
Diskoa kaleratzeko asko itxoin dute eta zuzenekoak eskaintzeko gogotsu zeuden. "Pixkanaka lokal txikietan, babestu gaituzten lokaletan eta elkar babestu dugun lokal horietan emanaldiak ematen hasi gara". Egoera berezia bada ere, ez dituzte arazo asko izan zuzenekoak egiteko. "Asko itxoin dugu, diskoa kaleratu dugu, eta baldintza batzuetan zein besteetan kontzertuak eskainiko ditugu".
Lakuntzakoaren aurretik, Bilbon eskaini zuten kontzertua. Edukiera mugatua zegoen, jendeak maskara jantzita joan behar zuen eta eserita zegoen. "Hori, edo bestela ezin gara atzeratzen hasi. Aurrera egin genuen". Egoera hoberena ez bada ere, "gustura" aritu ziren oholtzaren gainean. Bihar, larunbata, 19:00etan, kontzertua eskainiko dute Lakuntzako kultur etxean, eta Anita Parkerrek dena emanen du.
Denborarekin eta egoerak hobera egiten duen heinean "beste formatu bateko" kontzertuak eskaintzea aurreikusten du Anduezak. "Musikal jaialdiak, festak, txosnak…". Horretarako prestatzen ari dira ere.