Urbanizazio lanak Uriz kalean

Guaixe 2022ko mar. 23a, 10:31

Uriz kaleko urbanizazio lanetan langileak lanean.

Perpendikularki hegoalderantz ateratzen den kale berriko lanak aurreratuta daude.

Construcciones Valeriano Santesteban enpresako langileak hilaren 1ean hasi ziren Uriz kalean lanean. Hiru hilabeteko epea dute aurreikusitako urbanizazioa egiteko. Kale berriak 60 bat metroko luzera izanen du, ibilgailuak aparkatzeko 22 plaza izanen dira eta Uriz kaleko bidegurutzearen mendebaldean berdegune txiki bat izanen du. Lanak despeditu ondoren, 218.000 euro (BEZ barne) jasoko ditu enpresak. 

Kalean bost partzela eraikigarri daude. Haietako hiru udalarenak dira (1, 3 eta 5 zenbakidunak) eta bi (1 eta 3) enkante bidez saltzeko deialdia egin zuen. Hegoaldean dagoen partzela handiena (3, 330,02 metro karratu) 80.000 eurotan (BEZ barne) saldu zen. Erosleek lau urte izanen dituzte etxeak jasotzeko eskaerak udaletxean aurkezteko. Baldintza horrekin Lakuntzako Udalak nahi du partzelekin ez espekulatzea eta etxebizitzetara bideratzea. 

Beste partzelarengatik (1, 285,45 metro karratu) udalak ez zuen eskaintzarik jaso. Beste bi partzelak jabetza pribatukoak dira. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak azaldu duenez, “dagoeneko bi etxe egiteko proiektuak daude”. Urbanizazioan dagoen partzela handiena (5) udalarena da. Razkinek azaldu duenez, “ez dakigu zer eginen dugun oraindik. Zahar etxe bat, eguneko zentroa edo etxebizitzak egin daitezke. Momentuz, dagoen bezala geldituko da”.