Mendi lasterketak

Lakuntza-Aralar, ordu betean

Guaixe 2022ko eka. 13a, 13:30

Mikel Zabalegik eta Ainara Urrutiak irabazi zuten Lakuntza-Aralar mendi lasterketa. Lehen sakandarrak Javi Gasanz altsasuarra, eta Marina Zabala lakuntzarra izan ziren

Igandean jokatu zen Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa. Lakuntzatik abiatuta, Guardetxera (1.035 m) eta Larluzgainera (1.103 m) igo eta Etxaaltxetatik (909 m) eta Arangundik Lakuntzara jaistea zen erronka, 13,3 km-ko ibilbidean. Zorua "bustita baina nahiko gogorra” zegoen, korrikalarien hitzetan, aina harrien gainean kontuz ibili beharra zegoen, bustirik zeudelako. Mikel Zabalegi goierritarrak hegan egin zuen eta ordu bat eta minutu bat behar izan zituen helmugara bakar-bakarrik iristeko (1.01:17). Bigarren Dantzaleku Sakana taldeko Jabi Gasanz altsasuarra izan zen, minutu pasara (1:02:39) eta hirugarren Yelko Pardiñas Garcia (1:04:17), Galiziako selekzioko iruindarra. Zabalegi lehenengoz aritu zen Lakuntza-Aralarren, eta ibilbidea oso polita iruditu zitzaion. Emakumezkoetan Aretxabaletako Ainara Urrutia beteranoa izan zen lehena (1:09:18), lasterketa orokorrean hamabosgarren. Berarendako ere lehen aldia zen lasterketa honetan aritzen zena, eta oso gustuko izan zuela aitortu zuen. Bigarren Olatz Zabala irundarra izan zen (1:13:12) eta hirugarren Marina Zabala Sukia lakuntzarra (1:17:22). 

Mendi martxa eta lasterketa solidarioa
Proba nagusia abiatu eta 15 minutura Lakuntza-Aralar ibilbidea oinez egitera atera ziren 30 martxista inguru. Eta sari ematea baino lehen, ANFAS-en aldeko lasterketa solidarioan parte hartu zuten 50 pertsona inguruk, Lakuntzako plazatik abiatuta Abarrategi kaleko zuhaiztiari buelta bat eginez.