Atzo hasi ziren Lakuntzako sansaastinak. Etxarri Aranazko Osasun Etxeko mediku, erizain eta langileek Lakuntzako osasun langile guztiekin batera piztu zuten suziria, eta osasun duina eta kalitatezkoa eskatu zuten, eskertuta. Piperropil txapelketak parte hartze polita izan zuen, 18 kide, eta Cristina Razkin gailendu zen, "zazpigarren edo zortzigarren aldiz, ez dut oroitzen".
Danborradak sorpresak ekarri zituen. Adur Kanpo Floresek Ricardo Aretaren tokia hartuko zuen zuzendaritzan, eta horrek ikusmina piztu zuen. Oso ongi aritu zen Kanpo. Baina belaunaldi aldaketaren berriak aurtengo ohorezko txanoa nork jasoko zuenaren albistea bigarren mailan jarri zuen. Lakuntzako Pertza Elkarteak danborrada arte ixilunea gorde zuen; Oihana Aldabe Lazkoz musikaria izan zen omendua, eta emozio handiz hartu zuen izendapena, txalo zaparradaren artean.”Oso pozik nago. Musika nire lanbidea da, eta izugarri disfrutatzen dut. Eskerrak eman nahi dizkiot herri guztiari” azaldu zuen.
Gaitaria, tronpetista eta irakaslea
Oihana Aldabe tronpetista eta gaitaria da. Haizaldi Gaitari Elkarteko kidea, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien konpartsako gaitaria da eta Iruñeko Udaleko ekitaldi ofizialetako musikaria. Orreaga musika eskolako gaita eta tronpeta irakaslea da, eta Lakuntzako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako gaitaria. Hunkituta eta eskertuta jaso zuen ohorezko txanoa.