Darse cuento eta Kontu handiz euskarazko bertsioaren eta Aittune, iluntasunaren beldur naiz haurrendako liburuen ondoren, Oihane Andueza Imirizaldu lakuntzarrak Visible, in-visible nobela kaleratu du. Liburuaren azalean bere izena bakarrik agertzen den arren, talde lana eta elkarlana oso garrantzitsua izan direla esan du idazleak. Otsailaren 3an, ostirala, 19:00etan, liburuaren aurkezpena eginen dute Lakuntzako udaletxearen batzar aretoan eta Anduezarekin batera Victor Mesanza eleberriko irudi eta musikaren egilea eta Galder Orobengoa zuzentzaile eta prozesuaren lekuko izanen dira.
Haurrendako bi libururen ondoren, eleberriarekin ausartu zara.
Nik uste ni berarekin ausartu baino bera niregana hurbildu dela, nolabait esateko. Ez da izan nik bilatutako zerbait edo aurretik pentsatutako zerbait. Aukera sortu zen eta funtzionatzen ez badu ez dudala ezer galtzen pentsatu nuen; ez banaiz nahi bezala gustura gelditzen, saiakera polita izan da. Baina saiakera amaierara iritsi da.
Nola iritsi zen zuregana?
"Nobela niregana hurbildu da; ez da izan nik bilatutako edo pentsatutako zerbait"
Pertsona bat ezagutu nuen. Musika sortzen du eta lagun baten bitartez bere etxera musika entzutera gonbidatu zidan. Han elkarrizketan geundela esan zidan aspalditik bere bizipenak edo istorioa idazteko gogoa zuela. Momentu horretan ez nuen ezer esan, baina etxera joan nintzenean pentsatu nuen nik zerbait idatzi dudala eta ez nekien gai izango ginen eleberria aurrera ateratzeko, baina nire burua eskaini nuen. Berak harrera ona egin zion eta baietz esan zuen, prest zegoela; ez bada ateratzen ez da ateratzen eta ongi dago ere esan zidan. Lasaitasun horretatik abiatuta eta beti konfiantzatik. Horrek lagundu du, presio falta horrek bultzatu ninduen.
Errealitatea eta fikzioa nahasten dira?
Bai. Pertsona honek kontatu zizkidan bere bizitzako etapa, momentu edo egoera berezi eta xelebreak eta berak emandako materialarekin eta nik sortutakoarekin atera da eleberria. Batzuentzat errealitate hori fikzioa ere izan daiteke, eta horrekin jokatzen dugu; zer da errealitatea, zer ez da errealitatea, norentzako da erreala. Errealitatearen subjektibitatea.
Musika garrantzitsua da, ezta?
Eleberrian QR kode batzuk daude musika entzutera eramaten zaituztenak.
Beraz, nobela bat baino gehiago bada.
Irudiak ere badaude. Pertsona horrek sortutako irudiak eleberriaren bukaeran daude eta irakurtzen zoazen heinean irudi zehatz bat ikustera gonbidatzen dugu. Baina betiere nahi izanez gero. Osagarriak dira. Errealitatearekin jokatzen dugu eta errealitatearen muga horretan gaude. Horregatik deitzen da Visible, in-visible hori ere. Zer ikusten dugun, zer ez dugun ikusten, zer sortzen dugun ikusten dugun horretan. Helburuetako bat da gure gauzak ikusteko, ulertzeko eta bizitzeko modua zabaltzea. Orduan, helburu hori lortu asmoz irakurketaz gain beste arte batzuk gehitzen ditugu. Haien arteko osagarritasunean irakurlearen esperientzia zabaltzeko asmoz.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Noizbehinka elkarrizketak egiten genituen libreta batekin. Esan nion grabatuko niola eta ezetz esan zidan. Bera gauzak kontatzen joango zen eta nik bizitzen nuenaren arabera kontatzen joateko esan zidan. Joko hori ere dago, berak bizitu ditu gauza batzuk baina berak kontatutako bizipen horien jasotze lan horretan transformazioa dago ere. Transformazio hori ontzat hartuta. Kapitulu bat bukatzen nuenenean joaten nintzen eta gehiago kontatzen zidan. Koadernoa aurrean nuela gogoratzen nuena kontatzen nuen; nik jasotakoa gehi nik asmatutako potpourri antzeko bat izan da.
Protagonistak Vicente eta Victoria dira. Zer kontatzen du?
Batez ere ametsak. Batzuetan baditugu ametsak errealitate bezala bizitzen ditugunak. Esnatzen gara eta benetan bizi izan dugu pertsona horrekin nengoela eta nola da posible ametsa izatea? Baina batzuetan ere ametsak bizitzaren parte dira. Orduan, bi pertsonaia horiek guk, pertsona arruntek, ametsetan ditugun esperientzia sinesgaitza horiek lorik egin gabe dituzte. Zentzumenei dagokienez pertzepzio berezia dute.
Gogoetarako tartea dauka?
Zalantzarik gabe. Pertzepzioaren gaitasun hori zabaltzea da helburuetako bat. Pertsona honek dituen bizipenak dira, nik ulertu ditudan bezala, ni baino aurreratuago dagoen pertsona batena. Bizi handiagoa duela. Guk ikusten dugu dena oinak lurrean ditugula, baina pertsona honek ikusten du txori batek bezala bista horretan. Berak gaitasun hori du, eta gaitasun zabal eta sakon hori ere islatzen saiatu gara. Ikusmen gaitasun hori ez daukagun pertsonei paisaia hori helarazteko.
Aurkezpenean zurekin bi pertsona egongo dira. Nolakoa izango da?
Liburuari buruz hitz egin dudanean pluralean hitz egin dut. Egia da portadan nire izena bakarrik agertzen dela eta ordenagailuan idaztera ni jarri naizela, baina prozesu guztian zehar egon dira pertsonak zuzentzen, lekuko, iradokizunak islatzen... Modu pertsonalean egon dira. Aldaketa sakonak egin ditugu pertsona hauen ekarpenei esker. Aurkezpenean bakoitzak bere bizipena kontatuko du; zer suposatu duen mota honetako prozesua.Jendearen ekarpena ere nahi dugu; oso irekia izango da. Horrek aberastasuna ematen dio aurkezpenari.