Astekaria

"Film bat ikusten egongo banintz bezala idazten dut"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 27a, 14:04

Isabel Agirrezabala Lizarraga antzerkigilea. UTZITAKOA

Isabel Agirrezabala Lizarraga Tarima Beltzak eszenaratu duen 'Sin salida' lanaren sortzailea da. Gaztaroa Lakuntzan pasa zuen, eta bertan bizitutakoa idazteko inspirazio iturri izan ohi da.

"Oso lakuntzarra sentitzen naiz eta harro". Isabel Agirrezabala Lizarraga Donostian bizi da, baina amaren familia Lakuntzakoa da eta bertan pasa zituen haurtzaroko eta gaztaroko uda guztiak. Urte batez ere Lakuntzan bizi izan zen. "Niretako Lakuntza gaztaroa da, familia, bertako nobio bat izan nuen, ahizpa Lakuntzako batekin ezkonduta dago eta anaia Ihabarko batekin...". Bere pasioetako bat antzerkia da eta antzezlea ez ezik gidoilaria ere bada. Tarima Beltza Altsasuko antzerki taldeak martxoarean 25ean mustu duen Sin salida obraren egilea da.

Antzerkia gustatzen zaizu.
Hogei bat urte daramatzat antzerkian. Hiru taldetan egon naiz: Kemen, denak emakumeak ginela; ONCEko Oroimenak taldean eta duela zazpi urte Nueve teatro sortu genuen. Orain sei gara. Txapelketetan parte hartzen dugu, trukeak egiten ditugu eta abar. Gidoiak idazten ditut ere, saltseroa naizelako.

Nola hasi zinen?
Artea eta dekorazioa ikasi nuen eta pintatzea eta eskulanak egitea gustatzen zait. Txikitatik antzerkia egitea ere gustatu izan zait. Txiste asko kontatzen nituen eta antzerki forma ematen nion. Antzerkia txiste luze bat bezalakoa zela pentsatu nuen. Betidanik gustatu izan zait, eta oso-oso lotsatia izan naiz, baina antzerkiak egiten duena da beste pertsonaia batzuk bihurtu eta barruan duzuna kanporatzeko aukera ematen du. Azken finean, pertsonaia guztiek badute gure zerbait. Pertsonaia bakoitzarekin gure barruan dagoen zerbait ateratzen dugu. Eszenan zure esentzia uzten duzu. Asko gustatzen zait transformatzea eta lotsa pixka bat kentzen dut. Duela zenbait urte esan balidate kapaza izango nintzela eszenatokira ateratzeko bakarrizketa bat egiteko ezinezkoa zela esango nuke. Orain egiten dut. Isiltasuna menderatzea ere izugarria da; jende guztia esan duzunaren sentsazio hori gogobetegarria da.

Eta nola hasi zinen idazten?

"Antzerkian jendeak barre egin behar du, drama handietarako bizitza dago"

Gustatzen zait. Beti komediak idazten ditut. Oso eroak eta, batzuetan, absurdoak. Baina jendeak barre egin behar du. Drama handiendako bizitza dago. Antzokitik irribarre batekin atera behar da jendea eta zeinen ongi pasa dudan esan. Zoriontasun pixka bat ematea eta egunerokotasunaz ahaztea. Hori da idazten dudana.

Zenbat lan idatzi dituzu?
Nirea ikaragarria da. Hamar bat lan idatzi ditut, baina zortzi nik idatzi nituen baina zuzendariak bere izenean jartzen zituen. Ni talde horretan nengoen, baina inork ez zekien nireak zirela. Egun batean nekatu nintzen eta zuzendariari esan nion txorizoak egiteko fabrika batean bihurtu nintzela eta errekonozimendua nahi nuela, nik idazten nituelako lan horiek. Orduan nire kontura hasi nintzen idazten. Tarima Beltzako Zapak deitu zidan eta esan zidan zerbait egin nahi zutela eta ea banuen zerbait idatzita. Gidoi bat idatzita nuela esan, pasatu nion eta gustatu zitzaion. Arazoa zen taldea utzi zuen emakume bat itzuli zela eta beste pertsonaia bat behar zela. Socorroren papera sartu nuen.

Zertan inspiratzen zara?
Nik ez dut nire burua super gidoilari bat bezala ikusten. Autodidakta naiz. Lan dibertigarriak dira eta jendeak ongi pasatzen du? Bai. Egia da Lakuntzako gaztaroko gauzak erabiltzen ditudala. Familia pixka bat berezia izan gara. Orduan, nire lanetako anekdota asko Lakuntzako familiakoak dira. Asko eman dit Lakuntzak.

Zein da zure idazteko prozesua?
Ideia bat bururatzen zait, adibidez orain nire talderako idazten ari naizena da gizon bat hilzorian dagoela eta bere bizitzako ilusioa Celia Cruz ezagutzea da. Ez daki hil dela. Orain moja den neskalaguna izandako bati esaten dio Kubara eramateko Celia Cruz ezagutzeko eta bere diru guztia utziko diola. Festa bat egingo diote eta Travela Vargas trabestiak Celia Cruzen papera egingo du. Ideia bururatu eta idazten hasten naiz. Nik ez dakit zer esango duten pertsonaiek. Pelikula bat ikusten egongo banintz bezala idazten dut. Behatzak idazten doaz. Ez dakit nola bukatu den, eta bukatzean pentsatzen dut: "ze originala". Eta nirea da! Batzuetan gelditu behar izaten naiz; Zapak esan zidan gauzak kendu behar izan dituztela oso luzea egingo zelako. Telesailak idatzi ditzaket, antzezlanak baino. Testuak hotzak dira eta aktoreak aberasten ditu. Bizirik ikusten dut eta irudikatzen nuen moduan ikusten dut.

Tarima Beltzakoek diote badirudiela haien pertsonetan oinarritu zarela lana sortzeko.
Baina ez! Aurretik idatzita nuen. Esan zidanean interesatuak zeudela Zapa pertsonaia batean ikusten nuen, bestea beste batean... Nire taldean ere gertatu izan zait Ez zen beraiendako sortutako lan bat, baina patua da. Sin salida-n sortu dudan pertsonaiaren aktorea ez nuen ezagutzen, eta esan didate bat egiten dutela eta barrez lehertzen direla berarekin. Nire amonari Lakuntzan sorgina deitzen zioten gauzak igartzen zituelako eta niri esaten zidan botere bera nuela, beldurrik ez izateko. Sorgintxoak izango gara.

Nola sortu zenuen?
Pentsatu nuen ea zer gertatuko litzatekeen toki itxi batean ezezagun batzuk elkartuko balira. Ordu asko pasatu behar duzu itxita, eta pertsonaia desberdinak sartu nituen: sekretu bat gordetzen duen aurrejubilatua, solteroa, emakume independiente baina bizitzarik gabea eta bere bizitzarekin zoriontsua den etxeko andrea; gero beste pertsonaia bat sartu nuen eta ondoren bestea. Egia da batzuetan ezagutzen dudan jendean inspiratzen naizela.

Aktore edo idazlea? Eta zuzendaria?
Interpretatzea asko gustatzen zait, asko; komedia gustatzen zait eta drama handia ere bai. Noizbait dramatzar bat idaztea gustatuko litzaidake. Biekin asko disfrutatzen dut. Ezin dut erabaki. Zuzentzea, aldiz, ez zait gustatzen. Taldean neska gazte bat hartu dugu. Gazteengan konfiantza izatea gustatzen zait. Mikroantzerki bat egin dugu La Farandulan eta Madrilera eramango dugu. Baina nik zuzendu, ez Ez dut alboratzen; gauza askotan sartuta egoten naiz.

 

Erlazionatuak

Mugako egoeren absurdoa

Erkuden Ruiz Barroso 2023 mar 14 Altsasu