Andoni Blas Arzelus pilotua Doneztebekoa da, baina Lakuntzara etorri zen bizitzera, familiarekin. Malerreka Motorsport eskuderia Sakana Motorsport eskuderiagatik aldatu du, eta joan zen urtean ametsa gauzatu zuen: Speed Car batekin lehiatzea. Urbasako Igoeran egindako lanari esker, Nafarroako Monoplazen Mendi Txapelketako irabazlea da.
Giro ederra zegoen 41. Urbasako Igoeran. Zer nolako jendeketa!
Bai, oso jendetsua izan zen, portua bete-betea zegoen.
Horrek gehiago urduritzen al du?
Lasterketari begira urduritasun puntu hori beti izaten dugu, baina horrenbeste jende ikusita, gehiago animatzen zara. Ni behintzat.
Asistentzia gunean itxura lasaia zenuen, bada.
Lasterketa egunetan goizetan egoten naiz urduri. Jaikitzerakoan korapiloaren antzekoa sentitzen dut, baina behin lasterketako zirimolan sartuta, pasatzen da. Lasterketan jokoan dudanaren edo unean uneko presioaren arabera batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago urduritzen naiz, baina ia beti nahiko antzeko ibiltzen naiz.
Larunbatekoa zure zenbagarren Urbasako Igoera zen?
Bigarrena. Duela 7 urte egin nuen lehena, eta aurten bigarrena. 18 urte nituela hasi nintzen auto lasterketetan, eta duela 4 urte dena utzi nuen. Denetariko autoak izan nituen: 2006an Citroen AX batekin hasi nintzen eta gero hainbat izan nuen: Citroen Saxoa, Peugeot 106a, Lur Gaineko Rallyetan Ford Focusa... Beti nuen auto azkar, Speed Car edo hauetakoren batekin ibiltzeko txirrinta; halako auto batean ibiltzea falta zitzaidan. 4 urte geldirik egon eta gero, animatu nintzen. “Kapritxoa egin, eta gero berriz utziko dut” pentsatu nuen.
Joan zen urtean ekarri zenuen autoa.
Bai, iaz erosi nuen Speed Car GT 1000 auto gorria, denboraldi erdian, aurtengo denboraldiari begira. Erosi, eta lehenengo lasterketan puskatu nuen. Piezak ez zirela iristen, gauza bat eta beste... ezin izan nuen joan zen urteko Urbasako Igoeran parte hartu. Igoera baino aste bat beranduago iritsi ziren piezak. Denboraldia galdutzat eman nuen.
Halako autoak gidatzea horrenbesteko aldaketa al da?
Bai. Ez dute zerikusirik gainontzeko autoekin. Pisuak eta potentziak ez du zerikusirik. Nire autoak 200 zaldi inguru izango ditu, eta ez da 500 kilotara helduko. Atera kontuak.
Auto hauekin ibiltzea zuk espero zenuena izan al da?
Oso pozik ibili naiz. Gainera, ez dut aparteko arazo edo matxurarik izan, eta denboraldi polita atera zait.
Auto hauek aparteko ikusmina sortzen dute.
Bai, auto bereziak dira. Eta zainketa ere halakoa eskatzen dute. Ordu asko sartzen ditugu autoak doitzen, lan handia dute. Etxean errebisatu eta konpontzen dut ahal dudan guztia. Kaleko auto bati ez diozu kasurik egiten eta ez du arazorik ematen. Baina auto hauek geroz eta gehiago begiratu, nik uste geroz eta gehiago apurtzen direla. Denetatik izan daiteke, baina gehienbat autoa ongi doitzeko kontua da: suspentsioak, alineazioak... eta halakoak ongi jarri.
"Auto hauek bereziak dira, eta zainketa ere halakoa eskatzen dute. Ordu asko sartzen ditugu autoak doitzen, lan handia dute"
Pantxo Egozkueri aitortza egin zenioten pilotuek Urbasako Igoerari ekin baino lehen. Entrenamenduan istripu larria izatea, zorte txarra.
Denok dakigu zertan gabiltzan eta halakoren bat gertatu ahal zaigula, baina inoiz ez duzu pentsatzen gertatu daitekeela. Zoritxarrez, Pantxori gertatu zitzaion, eta ea lehenbailehen osatu eta ongi jartzen den.
Azkeneko irabazle Joseba Iraolaren faltan, Arkaitz Ordoki zen faboritoa eta hala suertatu zen, bera izan baitzen garaile. Podiumeko beste bi postuak lortzeko borroka, aldiz, oso latza izan zen.
Agian aurreko urteetan lasterketaren maila handiagoa zen, baina, hala ere, aurtengo maila ez zen makala. Auto asko zeuden, zale asko, antolakuntza oso ona... polita izan zen. Podiumeko postua lortzeko borroka nahiko estua izan zen, baina hasieratik denbora onak egin nituen eta horrek presioa kendu zidan. Helmugara iritsi eta denborak ikusten dituzunean, horrek lasaitasuna ematen dizu edo urduriago jartzen zara, bietako bat. Zorionez, hasieratik ongi ibili nintzen eta bigarren izan nintzen. Hirugarren Josu Lertxundi izan zen, Porschearekin. Zein katxarro ederra (kar, kar).
Bigarren izatea espero al zenuen?
Banekien arazo handirik ez bazegoen, aurrean egoteko aukera banuela. Mentalki ere indartsu nengoen. Izan ere, automobilismoan autoa ez da bakarra, mentalki ere prestatu beharra dago.
Iker Palacios lakuntzarrarekin Nafarroako Monoplazen Mendi Igoerako Txapelketa zenuten jokoan. Zu lehena zinen, eta Iker bigarrena. Ikerrek ez zituen sentsazio onak izan eta ez zuen bere benetako maila eman. Zu, aldiz, primeran aritu zinen.
Nafarroako Txapelketarako puntuatzen zuen lehen proban, Etxalar Igoeran, oso lasai atera nintzen. Hiru hilabete geldirik egon ondoren, lan ona egin nuen. Ongi atera zitzaidala ikusita, Ioarren, Izpegin eta Ibardinen ere lasai atera nintzen. Ikusita ongi atera zitzaidala, bigarren eta hirugarrena, errazago. Eta Urbasan, oso ongi.
Araseko Igoera geratzen zen Nafarroako Txapelketa erabakitzeko, baina horren faltan ere dagoeneko txapelduna zara. Zorionak!
Eskerrik asko! Araseko Igoera bertan behera gelditu da, baina aurretik ere puntuazioz txapelketa irabazia nuen. Oso pozik nago.
"Agian aurreko urteetan lasterketaren maila handiagoa zen, baina, hala ere, aurtengoa ez zen makala"
Zer nolako itzulera egin duzu automobilismora, Urbasan bigarren eta Nafarroako Mendi Igoerako Txapelketako txapeldun izanda.
Bai, bueltatu naiz, baina utziko dut, Urbasakoa azken lasterketa zelako. Arestian esan bezala, auto azkar hauekin lehiatzeko nuen kapritxoa bete dut, denboraldia ongi atera da, gustura ibili naiz, eta kitto. Gustura jarraituko nuke, baina honek denbora asko eskatzen du, diru asko, eta gaur egun baditut beste egin behar batzuk. Pena ikaragarria dut, baina nahikoa egin dut eta utziko dut. Pozik noa, gozatu dudalako. Orain beste etapa bati ekingo diot. Zaletasuna mantenduko dugu, hori bai. Autoa saltzea da asmoa, eta hemendik aurrera beste gauza batzuk egitea. Bide batez, denboraldian asko lagundu nauten lagunak izan ditut alboan, eta izugarri eskertzen diet.