Astekaria

Arkaitz Ordoki eta Andoni Blas, finenak Urbasan

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 17a, 13:00

Andoni Blas, lehendabiziko bihurgunea gainditu eta gero.

Arkaitz Ordoki alde handiz gailendu zen 41. Urbasako Igoeran. Podiuma Sakana Motorsporteko Andoni Blasek eta Durangalde Racingeko Josu Lertxundik osatu zuten. Udako eguraldiarekin, leporaino bete ziren Urbasako magalak

Urbasak beti erakartzen du. Eta horri udako eguraldia gehitzen bazaio, gehiago. Bi faktore horiek bat eginda, milaka pertsona bildu ziren larunbatean Urbasako mendi magaletan eta Olaztiko kaleetan, Sakana Motorsportek arrakastaz antolatutako 41. Urbasako Igoera jarraitzeko prest. Zaleek gozatu ederra hartu zuten, pilotuek bere onena eman zutelako eta denetariko autoak ikusi ahal izan zituztelako, barketak, formulak eta denetarikoak. Urbasako Igoera Nafarroako Mendi Igoera Txapelketarako baliagarria zen, Nafarroako Junior Mailako Igoerarako puntuagarria, eta Formula Libreko Nafarroako Trofeorako puntuagarria.

Pantxo Egozkueri babesa
Lasterketa hasi baino lehen auto guztiak ikusgai jarri ziren Clinker pareko areto futboleko pistan, parke itxian. Ekitaldia Pantxo Egozkue pilotuari aitortza egiteko probestu zuen antolakuntzak.  Izan ere, urriaren 3an istripua izan zuen pilotuak, Urbasako Igoerarako prestatzen ari zela, eta larri dago. Pilotuek talde argazkia atera zuten taldekideari animoak bidaltzeko, eta Urbasako Igoerako lehen dortsalak Pantxo Egozkueren izena izan zuen. 

Ordokiren aurrera pausoa
Guztira 103 pilotuk hartu zuten irteera, eta horietatik 89k lortu zuten proba bukatzea. Azkeneko urteetako txapeldun Joseba Iraolaren faltan, Ignauto Motorsporteko Arkaitz Ordoki (Nova NP-03) zen faborito nagusia, eta pilotu nafarrak ez zuen aukera alferrik galdu. Ordoki Jaizkibelgo Igoera irabaztetik zetorren, guztiz motibatuta, eta Urbasako Igoerako 5,9 kilometro bihurriak eta 39 bihurguneak gainditzeko 3 minutu pasatxo behar izan zituen (3:16.701). Azken urteetan goiko postuetan zebilen Ordoki, eta azkenean Urbasan bere lehen garaipena lortu du, entrenamendu ofizialean eta bi mangatan denborarik onena eginez. Behetik gora egin zuen Iraolak, eta azken mangan egin zuen bere denborarik onena, 108 km/orduko batezbesteko abiadurarekin. Hori bai, joan zen urtean Joseba Iraolak ezarritako errekorretik (2:57.862) urruti geratu zen pilotu nafarra. 

Andoni Blasen podiuma
Bigarren Sakana Motorsport taldeko Andoni Blas pilotua sailkatu zen (Speed Car GT 1000). Jaiotzez Doneztebekoa baina Lakuntzan bizi den pilotuak lan ederra egin zuen (3:27.964), eta Nafarroako Monoplazen Mendi Igoerako Txapelketa irabazteko beharrezko puntuak lotu zituen. Blas txapelketako lider iritsi zen Urbasara, baina lehia estua zuen Iker Palacios eskuderiako bere kide lakuntzarrarekin (BRC B52). Azkenean, Iker Palacios bosgarren sailkatu zen (3:36.596). “Hasieratik deseroso ibili naiz; ez nuen sentsazio onik. Entrenamenduetan ez dut espero nuen denbora egin, eta ondoren arerioekiko nuen diferentzia horri buelta ematea ezinezkoa izan da. Hau horrela da; batzuetan ongi ateratzen da –joan zen urtean laugarren izan zen (3:19.020)–, baina beste batzuetan, ez”. Hirugarren Durangalde Racingeko Josu Lertxundi bizkaitarra izan zen, zaleen miresmena piztu zuen Porsche GT3 Cup ikusgarriarekin (3:33.495). 

Besgaren sustoa
Eneriz Besga pilotu olaztiarrarena izan zen eguneko sustoa. Besgak (Renault Megane) istripua izan zuen, eta autoa iraulita geratu zen, buelta emanda. Zorionez, ez zuen zauririk izan eta bere kabuz atera zen autotik. Ohiko matxura eta arazo mekanikoez gain, ez zen istripu gehiagorik izan. Bestalde, Ander Gurmindok ere (Renault Clio Sport) ezin izan zuen proba bukatu. 

Guztira Sakana Motorsport taldeko hamar sakandarrek parte hartu zuten Urbasako Igoeran. Eta fin ibili ziren. Andoni Blasen podiuma eta Iker Palaciosen bosgarren postuaz gain, aipatzekoa da Mikel Mendinueta arbizuarra (Peugeot 205 Gti) bere kategorian, 8. kategorian, onena izan zela, eta scratchean, edo sailkapen orokorrean, 40. (4:07.830).

Beroa, protagonista
Beroaz kexatzen ziren pilotuak, suaren kontrako jantzietan izerdi patsetan zirela, asistentzia gunean arnasa ezin hartu. Ikusleak ere, beroari ezin aurre egin ibili ziren. Itzala izan zen altxorrik preziatuena. Gainontzean, beste behin, automobilismo festa ederra izan zen Urbasakoa. 

 

Sakandarrak 41. Urbasako Igoeran
1. Arkaitz Ordoki (Nova NP-03) 3:16.701
2. Andoni Blas (Speed Car GT 1000) 3:27.964
5. Iker Palacios (BRC B52) 3:36.596
16. Arkaitz Irigoien (Clio) 3:52.993
23. Iñaki Berdud (Clio) 3:59.862
40. Mikel Mendinueta (205 Gti) 4:07.830
41. Asier Juanez (Clio Sport)  4:07.969
48. Delfin Goikoetxea (Promo Racing Proto Alpine) 4:12.126

*Eneriz Besgak (Megane) eta Ander Gurmindok (Clio Sport) ezin izan zuten proba bukatu.

 

Erlazionatuak