Astekaria

Larretak autonomoendako sarietako bat eskuratu du

Guaixe 2023ko urr. 23a, 09:00

Emma Larreta Alegre jasotako saria eskutan. ESPACIO_INVISIBLES

Emma Larreta Alegre "autonomoa, eta kementsua. Zeren gaur egun autonomoa izateko ausarta izan behar da". Hala definitu du bere burua Nafarroako Gobernuaren saria jaso duen lakuntzarrak. 'InVISIBLES' "erronka ilusionagarriak" eman dio saria. Beste sari baterako ere izendatuta dago 

Nafarroako Gobernuak Lan Autonomoa Aitortzeko Sariak banatu zituen irailaren 30ean. Sari horien banaketarekin foru administrazioak autonomoek Nafarroaren garapenari egiten dioten ekarpena aldarrikatu du. Hamabost maila zituen sariketak, eta saria jaso zutenen artean dago Patxi Miranda Fernandez. Autoa partekatzeko aukera ematen duen Sakana KudeaGo aplikazioaren sortzaileak enpresa arloko esperientzia berritzailerik onenaren saria jaso zuen. 

Emma Larreta Alegre lakuntzarra desgaitasuna duten pertsonen enpresa-esperientzia hobea kategorian saritu zuten. Larretari InVISIBLES ekimenak eman dio saria. Haren bidez, publikoarendako hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat sortu nahi du, genero indarkeriagatik bizirik iraun duenaren esperientzia oinarri hartuta.

Aldaketa
Larretak azaldu duenez, "lanpostu finkoa eta lan baldintza oso lasaiak utzi nituen ekimen honi ekiteko. Erronka polita izan da, baina ausarta. Sentipen pertsonalagatik egin dut. Gizarte hau hobetzeko nire ekarpena egin eta beste pertsona batzuk laguntzeko zor hori nuela uste nuen". Beraz, "sariaz harro nago". Bidean egindakoari "aitortza baita". Eta aitortza “pizgarria” izan da Larretarendako, “oso lan gogorra izan baita". Bere ideia batean oinarritzen da dena. “Proiektuari bakarrik eman diot itxura. Sendotasun oso ona hartu du".

Urte eta erdi egin du Larretak autonomo gisa. "Arantza sartua nuen. Emakumezkoen taldeekin, desgaitasuna duten pertsonen edo indarkeria pairatu duten emakumezkoen elkarteekin elkarlanean aritzen nintzen. Aisialdian eta musutruk aritzen nintzen. Baina ekimen horrek energia, denbora eta ardura gehiago behar zituela sentitzen nuen, mimoz eta baldintza egokietan egindako proiektu on eta oso bat egiteko". Etxekoei iritzia eskatu, oniritzia eta animoak jaso eta lanean eszedentzia eskatu zuen. "Gizartearekin, bizitzarekin zor hori nuen. Albistegia jarri eta biolentzia, ez bakarrik emakumezkoen kontrakoa, orokorra: borrokak, orain gerra... Oso nahastuta nengoen. Jendeari bere gizarte lozorrotik ateratzea eskatzen diot. Eta eredua emateko, proiektuari ekin nion, ezin nuen lozorroan segi". Larreta jakitun da pertsonekin komunikatzeko dohaina duela. 


Emmak kontseilariaren eskutik jaso zuen saria. ESPACIO_INVISIBLES

Larretari autonomo izateak "askatasuna" eman dio. "Hobekien uste duzun moduan kudeatzen duzu. Zeure burua garatu dezakezu. Adimena zorrotzarazten dizu. Familiarekin gehiago egoteko aukera eman dit, eta positiboa da". Aldi berean, “estres asko" ekarri dio autonomo izateak: "ezegonkortasun handia. Sustapenari, deiak egiteari, irakasleekin, ikastetxeetako zuzendariekin, berdintasun eta kultura teknikariekin eta udal ordezkariekin bilerak egiteari eskaintzen diodan orduekin lotuta dago. Ordu asko". Horregatik ulerkorra da ekintzaile izan nahi ez duen jendearekin: "bertigo sentsazioaren modukoa da. Askoz erosoagoa da lanpostu batean egotea". Hala ere, uste du "bustiko" den "eta aurrera bultzatuko duen" jendea beharrezkoa dela. 

Autonomo gisa bere burua "ederki asko" ikusten du Larretak: "nire burua ziur ikusten dut. Oso argi dut bide onean nagoela, badakit. Ongi egindako proiektu bat dut, zentzu handiz egina. Ez nago proiektuaz maiteminduta, egingarria da". Aurretik ere ekintzailea izana da lakuntzarra. "Izan ditudan negozioak beti ondo joan dira. Baina dudarik gabe, hau arrisku handienekoa da, ukitu daitekeen zerbait ez delako. Ez ditut gonak edo tomateak saltzen. Zailagoa da, are gehiago ekonomia egoera zail honetan, aurrekontuak estu daudenean". Aurrera egiteko "konfiantza eta gogoa" baditu. Ekintzaile izatera animatzearekin batera, ekintzaile izan nahi dutenei "ongi pentsatzeko eta aholku onak eskatzeko" aholkatu die. "Ezin dira proiektuaz maitemindu. Gustukoa izan behar dute proiektua. Baina, jakina, beharrezkoa eta errentagarria izan behar du". 

Bere proiektuari ekonomia forma ematea "oso-oso zaila" dela esan du Larretak. "Nik, batez ere, gazteekin lan egiten dut. Mundua eraldatzeko boterea bakarren batek badu, gure gazteria da", ziurtatu du. "Zuk azokan tomate ekologiko ederrak saltzen badituzu, produktua eta bere prezioa dituzu. Baina jendearen adimenarekin lan egiten duzunean, kontzientziak mugiarazten saiatzen zarenean, gazteek dituzten jarrerak, pentsamenduak eta estereotipoak aldatu nahi dituzunean, arima ilusioz eta printzipioez bete nahi duzunean... Dirua horretara bideratzea ikastetxe edo udal batean, aurrekontua kudeatzen duen pertsonaren esku dago, bere ideiaren eta pertsona edo herritar gisa duen bere gizarte inplikazioaren araberakoa da. Oso zaila da". Horregatik, berretsi du saria "bultzada" izan dela. Hilabeteetan beltz ikusi du egoera: "zeinek agindu dit niri saltsa hauetan sartzea". 

Aurrera egitea
Autonomoa izatea zaila bada, are zailagoa da oraindik desgaitasuna izanda. "Eragozpena da egunero. Besoetan mugikortasun mugatua dut, izugarri nekatzen naiz. Gidatzen ematen ditudan ordu guztiak eta bestelakoak niretako... Burua ziztu bizian doa, baina gorputzak esaten dizu: 'aizu, ez zaitez emozionatu!' Eragozpena bada ere, ilusioa egiten dit, desgaitasuna duten pertsonak hor gaudela erakusten duelako, ekarpen handiak egin ditzakete". Gaur egun desgaitasuna duten hamabost emakumeri antzerki ikastaroa eskaintzen ari da lakuntzarra. "Halakoak ilusio handia egiten die;  garrantzitsu sentiarazten ditu, gizartearen arlo guztietan daudela eta hartan presentzia dutela adierazten dute. Kolektiboari ikusgarritasuna ematea niretako garrantzitsua da". 

Larretak azaldu duenez, "nirea bezalako proiektu batek, gizarte balioa du. Askotan halakoak gizatalde bati eragiten dion arazo bat egon arte ez dira balioesten. Orduan jendeak esaten du: 'nola iritsi gara hona? Nolaz ez gara jabetu?' Askotan munduak bere bidea egiten du, gizartea eramangarria da eta oinarri egonkorrak ditu atzena jendea lanean dagoelako hori horrela hala izateko. Baina dena ongi doan bitartean, gizarte gaiak lantzen ditugunak ikusezinak gara, itzalean erein eta erein ari bagara ere". 

Gaineratu duenez, "gizarte proiektu bat izatean, erakundeen aurrekontu banaketan, oso zaila du. A priori, garrantzitsuagoak diren beharrak daude. Oparoaldia dagoenean beti gizarte gaietan inbertsioa egiten da. Baina aurrekontuak estuagoak direnean, dudarik gabe, gizarte arloko proiektuak kanpoan gelditzen dira". Horregatik, dio: "jabetu behar dugu gazteen artean balio onak eta etorkizunerako ilusioa sartu behar ditugula, ekarpenak egin eta gizartearendako elementu positiboa izateko grina sartu, ondoren ez gara damutu beharko".


Saritutako guztien talde argazkia. NAFARROAKO GOBERNUA

Jasotakoa
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna izanen da azaroaren 25ean eta Larretaren agenda "bero" dago, eta horregatik pozik dago. "Bizkaian asko lan egiten dut, Nafarroan. Sakanan joan zen urtean Lakuntzan eta Olatzagutian saio bana egin genuen". Azaldu duenez, lana ahoz ahokoari esker lortzen duela azaldu du. "Saioan egon eta beste ikastetxe batzuetako kideei aholkatu diete". Hainbat udalekin harremanetan dago gaur egun, "proiektu ilusionagarriak ditut", azaldu du. 

Jendearen erantzuna "oso ona" izan dela esan du lakuntzarrak. "Ikastetxeetako hezitzaile, orientatzaile eta irakasleak oso pozik daude. Ikastetxe beretatik atzera ere deitzen naute. Aurreko ikasturtean egondako ikastetxeen %80an errepikatu dut. Proiektuaz asko esaten du eta oso pozik nago". Esan duenez, saioetatik "bizi-bizi" ateratzen da, "horrek asko merezi du. 17-19 urte bitarteko gazteek sare sozialetan jarraitzen naute, haien gauzak kontatzen dizkidate, aholkua eskatzen didate. Lortzea 30 gaztek nigan bi orduz zentratuta egotea, mugikorra begiratu gabe, lorpen handia da. Jarraitzera animatzen nau". Berea ez dela milioiak xahutu diren kanpaina bat, "komunikatzeko dudan gaitasunean asko sinistu dut, eta arriskatu dut". 

Jakinarazi duenez, Navarra Televisionek urtero banatzen duen sarietan, lakuntzarra gizarte balioak ataleko hiru hautagaietako bat da. Azaroaren 15ean jakinaraziko dituzte sariok. "Izendapenarena handia izan da, jendeak proposatu nauelako hautagai izateko. Poz-pozik nago". 

Egitasmoaz
InVISIBLES proiektua Larreta berak parte hartu zuen Ama-das dokumentalaren zati baten emanaldiarekin hasten da. Ondoren, berari pasatakoaren eta aurrera egiteko bere indarguneak zein izan ziren azaltzen ditu. Eta, azkenik, elkarrizketarako tartea izaten da, "hori da proiektuaren 'goxokia'. Jendea parte hartzeaz arduratzen naiz, inor kanpoan utzi gabe. Gozatu hutsa da", esan du Larretak. 

Proiektua 50 pertsona baino gutxiagoko taldeetan garatzen da egokien, parte hartzaileek hitza har dezaten. "Bestela, talde handietan jendeak ez du parte hartzen". Gaineratu duenez, "ertz asko ditu proiektu honek, modu askotara landu daiteke. Hainbat talderekin aritzeko baliagarria da". Egunotan arazoak dituzten gazteak dauden enplegu zentro berezi batean aritzekoa da. "Halako saioak izugarriak dira. Garrantzitsua da integratuak sentitzea, eta, gainera, ekarpena egin nahi izatea, komunitatea sortu nahi izatea", gaineratu du. "Proiektua edozein emakumezkorendako ere bada. Gainera, emakumezko horiek dira mugitu eta beste emakumezko batzuk laguntzen dituztenak. Jakin behar dute beste pertsona askori ekarpen handia egin diezaieketela. Ahaldundu beharra dago", gaztigatu du. Harekin harremanetan jartzeko espacio_invisbles (Instagram) edo emmalarreta@hotmail.com e-posta erabili daitezke. 

Erlazionatuak

Bizirik, kontatzeko

Erkuden Ruiz Barroso 2022 aza 23 Lakuntza