Plazan, udaletxearen eta markesinaren artean, estalpe finko bat nahi duten erabakiko dute lakuntzarrek asteburuan. Horretarako, udalak herri galdeketa antolatu du. Lakuntzarrek honako galderari erantzun beharko diote: Udaletxe pareko zonaldean estalpe finkoa egitearekin ados zaude? Ados bazaude, bi aukeretatik zein nahiago duzu? Boto paperean, beraz, hiru erantzun posible izanen dira: BAI-A aukera, BAI-B aukera eta EZ. Asteburu guztia izanen da botoa emateko: ostiralean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, larunbatean 11:00etatik 14:00etara eta igandean 11:00etatik 14:00etara.
Lakuntzako Udalak estalpea egiteko dirulaguntza bat eskuratzeko aukera du, baina, horretarako, proiektua ilbeltzaren 19rako egina izan behar du. Horregatik, azaroaren 9an plazan estalpea jartzeko aukeraz bilera irekia deitu zuen. Hainbat lakuntzar joan ziren. Udalaren hurrengo pausoa izan zen ideia lehiaketa bat antolatzea, eta hainbat arkitekto gonbidatu zituzten. Bi proposamen jaso dituzte eta horiek dira asteburuan udaletxeko batzar aretoan ikusgai izanen direnak. Arkitektoek beraien proposamenak egiteko honako baldintzak izan behar zituzten kontuan: estalpea eraikuntza arina eta ingurunean integratutakoa izatea, gutxi gorabehera 200 eta 250 metro karratuko azalera izatea, material arinak eta mantentzeko errazak izatea, iraunkortasun irizpideak kontuan hartzea eta estalpearen kostua 85.000 eta 105.000 euro artekoa izatea.
Bi proposamenak
A aukera
240 m2-ko azalera du, 10,5 m x 21 m aldeak dituen 4 plano inklinatuz osatutako laukizuzena. Estruktura nagusia altzairuzko profilez egindakoa eta egur bigetekin osatua. estruktura korten altzairuzko txapaz estalia proposatzen da. Estaldurari dagokionez, alde batetik, txapazko sandwich panelez osatutako oihal opako eta polikarbonato zelularreko beste oihal zeharrargiekin planteatzen da.
B aukera
240 m2ko azalera, 11,50 m x 21 m aldeak dituen paralelograma, udaletxearen aurrealdea libre eta irekia, ipar-hego ardatza. "V" itxurako 4 altzairuzko zutabe zilindriko pareak, egur laminatuzko bi habe nagusi eta habexkaz osatutako estruktura. Estaldurari dagokionez, alde batetik, txapazko sandwich panelez osatutako oihal opako eta polikarbonato zelularreko beste oihal zeharrargiekin planteatzen da.
Atzera begira
Lakuntzarrak 2010ean egindako parte hartze prozesu baten bidez jarri eta kendu zitekeen estalpe baten alde egin zuten. Plaza itxuraldatu zuten lanak 2014ko agorrilaren 21ean mustu zen. Ordutik uda partean jarri eta negurako kentzen zen toldo bat zuten estalpe gisa plazan. 2021eko azaroaren 28ra arte. Egun hartan botatako elurrak estalpeko egitura bat hondatu zuen. Azken bi urteetan festetarako karpa alokatu izan du udalak, 6.200 euro balio zuena.
Oihane Uribetxeberria Garmendia alkateak azaldu duenez, "udalean uste dugu behin betikoa izan nahi duen irtenbidea eta eguraldiaren gorabeherengandik babestutako gune bat izatea beharrezkoa dela". Uribetxeberriak nabarmendu duenez, "gune horri esker, festetako jarduerez aparte, urtean zehar egiten diren makina bat jarduerek babeslekua izanen lukete". Horien artean daude: astearteetako azoka, urtean zehar egiten diren ospakizun eta ekitaldiak (ihoteak, kinto ospakizunak, Korpus Eguna, mendi lasterketa...). Gainera, "eguraldiak hala baimentzen duenean plaza haur, gazte eta helduen elkargune eta topagunea izan ohi da urte guztian. Eremu estali batek, topagune hori indartuko luke", azaldu du alkateak.