Lakuntzarrek plazan estalpe finkoa jarri edo ez erabakitzeko herri galdeketan parte hartzeko aukera izan zuten abenduko lehen asteburuan. 16 urtetik gorako lakuntzarrak zeuden boto ematera deituta, guztira 1.079 herritar. Haietatik %26,32, 284 lakuntzarrek eman zuten botoa. 58k, %20,42, plazan estalpe finkoa jartzearen kontrako botoa eman zuten. Gainontzeko 226 botoak, %79,57, aldekoak izan ziren. Bi aukeren artean A aukerak 121 boto, %53,54, eskuratu zituen eta B aukerak, berriz, 105 boto, %46,46.
Aukeratutako proposamena Iger arkitektura estudio etxarriarrak egin du. Ideia nahikoa ondua aurkeztu bazuen ere, zenbait xehetasun falta dira eta, horregatik, Lakuntzako Udalak proiektua idazteko eskaera egin dio. Proiektua eskutan, txostena osatu eta udalak egitasmoa dirulaguntza deialdi batera aurkeztuko du, lanak finantzatu ahal izateko.
Babes gehien lortutako aukerak 240 m2-ko azalera duen estalpe finko bat da, 10,5 eta 21 metroko aldeak dituen lau plano inklinatuz osatutako laukizuzena hain zuzen ere. Egitura nagusia altzairuzko profilez egindakoa eta egur bigetekin osatuta legoke. Egitura korten altzairuzko txapaz estalia proposatu zuten arkitektoek. Teilatua bi elementuk osatuko lukete: txapazko sandwich panelez osatutako oihal opakoa eta argia pasatzen uzten duen polikarbonato zelularreko beste oihala.
Dagoeneko Etxarri Aranatzen, Irurtzunen, Arbizun eta Altsasun estalpeak egin dituzte espazio publikoan. Lakuntza bosgarrena litzateke. Arruazuk ere badu asmoa halako egitura bat egiteko ere.
Kronologia laburra
- 2014-08-21 Plaza eraberrituta eta jarri eta kentzen zen estalpea mustu zen.
- 2021-11-28 Elurteak estalpearen euskarri bat hondatu zuen.
- 2023-11-09 Plazako estalpeari buruzko batzar irekia.
- 2023-12-01etik 03ra Estalpea jartzeari buruzko herri galdeketa.