Astekaria

"Lakuntzako Pertzaren ipuina izatea polita zela uste nuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko abe. 19a, 12:57

Aralarrera igo behar den astoaren kondairan oinarritutako 'Astoaren putza!' "abentura" liburua kaleratu dute Garazi Otsagabia eta Iker Uribe lakuntzarrek. Bidane neskatoa eta Blas astoa dira protagonistak.

Bidane gazteak erronka handi bat dauka: Aralarrera egiten den erromerian Blas astoa eta honen saskiko tripotak mendira igo beharko ditu, herritarrek gustura gosaldu ahal izateko; bidean, ordea, hainbat oztopo izanen ditu, mendiak berak ekartzen dituenak eta norberaren baitakoak. Astoaren putza! Garazi Otsagabia eta Iker Uribe lakuntzarrek sortu duten liburuaren sinopsia da. Lakuntzako Pertzaren kondaira oinarri hartuta "abentura" ipuin bat sortu dute, besteak beste, Sakanako haurrei kondaira gerturatzeko. Abenduaren 17an Lakuntzako kultur etxean mustu zuten, eta hilaren 21ean, osteguna, 18:00etan, Irurtzungo Pikuxarren eta 26an, asteartea, 12:00etan, Altsasuko liburutegian aurkezpenak eginen dituzte. Egileek Lakuntzako Udalaren, Lakuntzako Pertza elkartearen eta Transportes Arregi eta Lakuntza Kalorgroupen laguntza eskertzen dute. 


'Astoaren putza' liburuaren aurkezpena Lakuntzan. UTZITAKOA

Nola sortu zen ipuina sortzeko ideia?
Garazi. Iaz lehenengo aldiz Lakuntzako Pertza egunera joan nintzen alaba txikiarekin. Guretako, lakuntzarrendako, oso egun berezia da, urteko egunik polita ez bada,gertu dago. Han nengoela pentsatu nuen oso polita izango litzatekeela horren inguruko ipuin bat izatea ohean goxogoxo alabari kontatzeko. Hori bueltaka izan nuen hilabete batzuetan, eta pentsatu nuen nik ipuina idatz nezakeela, baina ni marrazteko desastre bat naizela. Nork egin zitzakeen marrazki horiek? Lakuntzar bat, marrazkilaria eta umeendako beste liburu batzuk egin dituena... Iker pentsatu nuen. 
Iker. Sorpresa handia hartu nuen. Garazi ezagutzen nuen, baina ni baino gazteagoa da eta ez genuen harreman oso estua. Egun batean plazan zuzenean etorri zitzaidan eta komentatu zidan ipuin baterako ideia bat zuela. Ipuinaren nondik norakoak kontatu zidanean, Lakuntzako Pertzaren inguruan zela... Lakuntzar bezala ezin izan nion ezetz esan. Istorioa asko gustatu zitzaidan.

Nola izan da ipuina idaztea?

"Kondaira oinarrian dago, baina fikzioa da; moldatu eta osatu dugu"

G. Irakurle amorratua naiz eta asko irakurri dut, txikitatik. Zerbait idatzi izan dut, baina gehienbat helduendako edo niretzat, inon argitaratu ez direnak. Baina esan nuen: pentsatuko dut niri zein ipuin irakurtzea gustatuko litzaidakeen, beti buruan txikitako irakurzaletasun hori izanik. Abentura ipuin bat egin nahi nuela argi nuen. Horrela hasi nintzen idazten. Bai nahi nuena ere ez zedin soilik kondairan oinarritutako ipuina eta listo, ez zedin soilik Lakuntzako umeendako izan daitekeen zerbait. Gainera, kondaira bakarrik kontatuta berehala bukatzen da ipuina: astoa erori zen, tripotak erori ziren eta errotariari begietan eman zion, eta bukatu da. Magia pixka bat sartzea erabaki nuen, baita umorea ere: herensugea sartu dugu... Kondairan oinarrituta dago, baina ez du kondaira kontatzen. Inor ez dezala haserretu.
I. Ipuina irakurri nuenean ikusi nuen Lakuntzako Pertzatik harago zihoala, eta horrek engantxatu ninduen. Abentura dago, beste pertsonaia batzuk, fikzio puntu hori... Haurren begietatik ikusita engantxatuko du. 

Zertan oinarritu zarete protagonistak sortzeko orduan? 
G. Protagonista eraikitzerakoan nor izango zen imajinatzen hasi nintzenean argi izan nuen neska bat izango zela. Abentura liburuetan normalean mutilak izaten dira protagonistak eta nik neska bat imajinatu nuen. Nolakoa izango zen? Ausarta, 8 eta 10 urte izango ditu, lakuntzarra eta autista. Horrela etorri zitzaidan burura. Irakaskuntzan lan egiten dut eta aniztasun horrekin lan egitea tokatzen zait. Argi nuen ipuinean sartu nahi nuen beste begirada bat aniztasunarena zela; beste balore batzuk ere transmitituko zuena. 
I. Bidane protagonista bat da, eta bigarrena Blas astoa da. Indar handia du ere.

Kondaira ez ezik, zer kontatzen du?

"Besteak beste, ipuinak ohiturekiko eta naturarekiko maitasuna lantzen du"

G. Desberdina izatea izateko modu bat besterik ez dela. Hori da ipuinak transmititu nahi duen mezu nagusia. Ez dugu asko aurreratu nahi. Bestetik, herria eta ohiturekiko maitasuna dago ere kondairaren bitartez. Aralarren gertatzen den istorioa da, toki magiko bat, eta naturarekiko maitasuna agertzen da, baita animaliekiko maitasuna ere Blas astoaren bidez. Euskararen gaia ere jorratzen da. Astoak Blas izena du Blas Alegria euskalari lakuntzarraren omenez. Euskararen alde gauza asko egin zituen eta gerra garaian lan guztiak erre ziren eta galdu ziren. Lakuntzako Pertzaren inguruko kondaira idatzi zuen, eta horrekin lotuta jarri diogu Blas izena astoari. Martija de Jauregi agertuko da ere. Lekeitiotik Uharte Arakilera bizitzera joan zen XVI. mendean eta emagin eta sendalaria izanzen. Harrigarria da baina ez da oso ezaguna Sakanan; Miren Agur Meabek Itzulerak liburuan aipatzen du bere istorioa, eta idazlea Irurtzunen egon zenean ezagutu nuen nik. Liburuaren amaieran Blas Alegria eta Martija de Jauregi pertsonaien haurrei azaltzeko bi testu laburtxo jarri ditugu, gordeta gera dadin.

Zertan oinarritu zara marrazteko?
I. Ez dut modu berezi batean marraztu. Niri ateratzen zitzaidan bezala egin dut, eta oso kontuan izan dut Garaziren ikuspegia. Ideia batzuk berak esandakoak dira. Pertsonaiak sortzeko berarekin hitz egin nuen eta bozeto batzuk egin nituen. Umore puntu hori eman nahi genion eta neskatoak, esaterako, ez ditu hortzik. Astoarekin oso argi zuen ehun koloretsua izan behar zuela gainetik, berez eramaten duenaren antzekoa. 

Nolakoa izan da prozesua? 
G. Ipuin bat idaztea erraza dirudi, baina hitz gutxitan gauza asko esan nahi dituzu, eta orrazte lan horretan Ikerrek asko lagundu dit. Hasierako ipuina txapa luzeagoa zen.
I. Garazik argi zuen haurrei bideratutako ipuin bat zela eta irudietan kontatua egon behar zela ere, eta badu bere fondoa ere. Pertsonai historikoak eta abar. Orduan, normala zen luzatzea. Lagundu diot ahal izan dudan guztian. Irudiak pisu handia du, eta berak ere asko lagundu dit irudietan. Gauza batzuk oso argi zituelako. Adibidez, Lakuntzako Pertza elkartea agertzea modu ez oso zuzenean bada ere, pikota agertzea...
G. Oreka hori mantentzea. Irudiek kristoren indarra dute eta istorioa sei urtetik aurrera irakurtzeko egokia bada ere, haur txikienek ere marrazkiak ikustia istorioa jarrai dezakete, eta horrek adin tartea zabaltzen du eta unibertsalagoa egiten du ere. Ez genuen bakarrik lakuntzarrendako ipuin bat izatea nahi, baina bai ume lakuntzarrek ikustea Lakuntza dela, identifikatzea. Beraiena zela sentitzea nahi genuen. Unibertsala baina bertakoa, oreka hori nola lortu, eta horretan aritu gara. Oso irudi deigarriak eta politak daude. Bere irudiekin emozionatuta nago, eta uste dut haurrei gustatu behar zaiela pila bat.


Iker Uribe eta Garazi Otsagabia 'Astoaren putza!' liburuak sinatzen, Lakuntzako aurkezpenean. UTZITAKOA

Nolakoak izanen dira aurkezpenak?
I. Aurkezpenetan ipuinean agertzen diren ideiak aipatuko eta azalduko ditugu, eta haurrei ipuin kontaketa eginen diegu. Gogoa dugu batez ere haurren erreakzioa ikusteko, baita helduena ere, izan ere, kondaira hor dago eta fikzioa dela aipatu nahi dugu. 
G. Fikzioa da, kondaira moldatu, aldatu eta osatu dugu. Ez da kondaira bere horretan, baina kondaira hor dago.