lakuntzako kintoak

"Emozioa sentitzen dugu dantza herriari erakusten"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urt. 23a, 14:09

2024ko Lakuntzako kintoak eta aurrekintoak San Saastin egunean Alkate dantza egin ondoren.

Lakuntzako 28 kinto eta kinto gaztek 'Alkate dantza' egin zuten ilbeltzaren 20an, San Saastin egunean. 

Maider Miranda Martinez, Maddi Gastaminza Betelu, Arhane Zubeldia Etxanobe eta Ane Arraiza Ondarra kintoak prestaketa lanetan aritu dira.

1. Nortzuk zarete kinto Lakuntzan? 
Kintoak 18 urterekin egiten dira, aurten 2006ko kintakoak direnak. Kinto gazteek ere parte hartzen dute, 16 eta 17 urte dituztenek, 2007. urtean jaiotakoak. Guztira 28 kinto gara, kintoak eta aurrekintoak kontuan hartuta. 

2. Nola antolatzen zarete? 
Kintoak elkartzen gara eta dena nola antolatuko dugun planteatzen dugu; plangintza bat egiten dugu. Lakuntzako festetan, Sansaastinetan, Alkate dantza egin dugu eta aurreko bi astetan prestatzen aritu gara. Kintoak eta aurrekintoak elkartu gara dantzak prestatzeko.  

3. San Saastin eguna, ilbeltzak 20, egun berezia da, beraz. Zergatik dantzatzen dute kintoek Alkate dantza? 
Txikitatik ikusi dugun zerbait da, orduan, ohitura da. Ez dakigu noiztik egiten den. 

4. Nolakoa da dantza? 
Lehendabizi mutiko bat hasten da Ezpata dantza egiten eta gero neskak sartzen dira. Jotak eta hori dena dantzatzen dira ondoren. Kinto gazte mutiko batek eta kinta neska batek egiten dute dantza.

5. Eta nola erabakitzen duzue nork dantzatuko duen? 
Zozketa egiten dugu. Mutila kinto gazte bat izan ohi da edo saiatzen gara, behintzat. Neska kinta bat. Dantzarien altura ere kontuan hartzen da. 

6. Nola ikasi duzue? Laguntzarik izan duzue?
Gehiena aurreko urteko bideoekin egin dugu. Gure artean zalantzak baditugu helduagoei laguntza eskatzen diegu. Baina orokorrean guk egiten dugu dena. Kintoek kinto gazteei erakusten diegu, aurreko urtean egin genuelako ere. 

7. Nola joan dira entseguak? 
Nahiko ongi, baina batzuetan gehiago kostatzen da. Agian ez gara ongi oroitzen pasaden urtean egin genuenaz eta zalantzak sortzen dira ea alde batera edo bestera den. Bideoak ikusten ditugu eta gure artean erabakitzen dugu. 

8. Dantza urteekin aldatu da? 
Baietz esaten dute. Batzuk esaten dute orain gaizki dantzatzen dela; pauso batzuk ez ditugula lehen bezala egiten, baina ez dakit zehazki zer. 

9. Zer suposatzen du zuentzat San Saastin egunean alkate dantza egiteak?
Emozioa. Herriko kintoa zara eta herriari, prestatu duzuna erakusteko gogoa duzu. Gogoa dugu, eta pika bat urduri gaude ea dantzak nola ateratzen diren ikusteko. Gero dena segituan pasatzen da.

10. Nola janzten zarete?
Baserritarrez, eta neska bakoitzak gonaren bi aldetan zapi hrotera edo koloredunak eramaten ditugu. Dantza batean hasieran zapiekin lotuta joaten gara sartzen garenean.

11. Ondoren kinto ospakizunak datoz. Noiz ospatzen dituzue? Zer egiten duzue?
Bi egun irauten dituzte, aurten otsailaren 12tik 13ra, astelehen eta asteartea. Lehenengo egunean herriko puntu batean elkartzen gara, plazan normalean, eta herriko kaleetatik eskatzen hasten gara musikaren laguntzarekin, trikitixak eta bonboa. Dirua eskatzen joaten gara bazkaltzeko ordura arte. Herriko taberna batean bazkaltzen dugu eta arratsaldean herrian zehar dirua eskatzen jarraitzen dugu. Gauen, afaldu ondoren, Tolosako inauterietara joaten gara eta bueltatzen garenean etxera joaten gara, arropaz aldatzen gara, eta eskatzen jarraitzera ateratzen gara berriro. Egun horretan nekatuago gaude eta gutxiago eskatuko dugu. Alkate dantza bakarrik San Saastin egunean eta Lakuntzako Pertza egunean eginen dugu. Egun horretan Biltokik antolatzen du dantza, baina kintoek dantzatzen dugu ere. Lehen Corpus egunean ere kintoek dantzatzen zuten, baina COVIDarengatik edo ez dakigu zergatik utzi zen, eta ez da ohiturarekin jarraitu.

Erlazionatuak