Lakuntza, Iruñea eta Uharte Arakilgo lantegien ondoren, Industrial Barranquesaren hurrengo lantegia Indian egonen da, Chennaiko Greenbase Industria Parkean hain zuzen ere. Hala jakinarazi du Navarra Capital agerkariak. Barranquesa India Pvt Ltd-eko zuzendari nagusia Rajeev Okhlandiar izanen da. Iruñeko lantegiko proiektu buru Mikel Arzallusek, berriz, India eta Nafarroa artean zubi lana eginen du. Bera arduratuko da Indiako Barranquesako ekoizpen-prozesuen ezarpen osoa ikuskatzeaz.
Lakuntzako enpresako arduradunen esanetan, "India energia eolikoa garatzeko funtsezko eremua da, eta bertan daude jatorrizko ekipoen fabrikatzaile nagusiak (Vestas, Siemens Gamesa edo Nordex) eta lotutako hornidura kate osoa". Gaineratu dutenez, "apustu sendoa da, energia eolikoaren hedapena irmoki babesten duena, esportazio merkatuei erantzuteko puntu estrategikoa izateaz aparte". Industrial Barranquesa 1990tik ari da haize sektoreko piezak ekoizten. Pilatutako eskarmentuak fabrikatzaile nagusien lehentasunezko hornitzaile bihurtu dute.