Lakuntzako Udalak aurten 1.319.604 euroko sarrerak eta 1.291.419 euroko gastuak izanen ditu. Joan zen urteko aurrekontuarekin alderatuz ez dago aldaketa handirik aurreikusten. Herri galdeketaren bidez lakuntzarrek plazan estalpe finko bat jartzea erabaki zuten. Udalak lan hori finantzatzeko dirulaguntza eskatu du, baina ez du erantzunik jaso. Beraz, aurreko urteetan bezala, aurten ere udako festetan plazan jarri eta kentzen den karpa erabiliko du udalak. Hala jakinarazi du Oihane Uribeetxebarria Garmendia alkateak.
Ebazpenaren zain, laguntza jasoz gero, alkateak jakinarazi du proiektua ordaintzeko 5.250 euro daudela aurrekontuan. "Ea heldu den urteko Sansaastin festetarako iristen garen", argitu du Uribeetxeberriak. Diru laguntza jasoz gero, eraikuntzaren kostua diruzaintzako gerakina eta dirulaguntzarekin ordainduko du udalak. Gainera, agorrileko festetan eszenatokiaren ingurua babesteko, eta eraikiko den estalpe finkoaren osagarri bezala, jarri eta kendu egingo den estalpea izan nahi du udalak (8.000 euro). "Baina festetarako estalpe finkorik ez dugunez izanen, erosketa atzeratu eginen dugu", argitu du.
Liburutegia
Udalak aurten zerbitzu berri bat martxan jarriko du atzera ere: liburutegia. Irailean zabalduko ditu ateak udaletxeko ganboikoan, 16:30etik 20:30era (udan, goizez). Udalak dagoeneko onartu du liburuzaina kontratatzeko deialdia eta lakuntza.eus webgunean kontsulta daiteke. Oposizio lehiaketan parte hartu nahi duenak bere eskabidea udaletxean maiatzaren 22ra arte aurkez dezake. Oposizioa despedituta eta langilea lanean dela, udalaren asmoa da Nafarroako Liburutegi Sarearekin hitzarmena sinatzea. Horrek katalogoa berritzeko dirulaguntza eta sareak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu ere jasotzeko aukera emanen dio udalari. Aurrekontuetan liburuzainaren soldata eta ekipamendua osatzeko 3.000 euroko partida onartu du udalak.
Bestetik, alkateak jakinarazi du udalak bi langabe kontratatuko dituela urte erdirako. Kontratatuko dituzten bi pertsona horiek lorezaintza eta berdeguneen mantentze lanak eginen dituzte. Kontratua urte erdirako izanen da. Deialdian interesa duten langabeek Nafar Lansarek Altsasun duen enplegu bulegoan eman beharko dute izena maiatzaren 10a baino lehen.
Igerilekua eta parkea
Lakuntzako Udalak igerilekuan lanak eginen ditu. Auzolanean aldagelak eta beste margotu zituzten lakuntzarrek apirilaren 27an. Baina udalak beste lan batzuk ere egin nahi ditu han, "bereziki legedira egokitzeko direnak", azaldu du alkateak. Horietarako 20.000 euro aurreikusi ditu udalak. Baita beste 3.000 euro igerilekuko sukalderako altzariak erosteko ere.
Parkea Martxan dinamika parkea nolakoa izanen den "amesten" ari da apirila eta maiatzean. Garagarrilean parkearen diseinuaren inguruan erabaki ondoren, auzolanean gauzatzeko pausoak emanen dituzte. Parke eraberrituan elementu nabarmenetako bat udalak joan zen urtean erositako tirolina izanen da (6.766,32 euro).
Udalak aurreikusitako beste lan bat kultur etxeko tabernan eginen da, Gure Nahia jubilatu elkartearen egoitzan, terrazara irteera emango dun ate berri bat eginen du (6.000 euro). Bestalde, hilaren 18tik Lakuntzako udaletxearen fatxadan informazioa ematen duen pantaila digitala dago. Azkenik, udalak udaletxeko bulegorako fotokopiagailu berria erosiko du (3.500 euro).
Bi eraikin
Bi eraikinen lanaren ardura du Lakuntzako Udalak, toki erakunde batena baino gehiagorena direnak. Batetik, Aralarko Elkartearen guardetxea. "Lanak aurreratuta daude eta, ziurrenik, maiatzean despedituko dituzte". Baita, besteak beste Sakanako Mankomunitateko egoitza hartzen duen eraikina ere, hainbat udal eta kontzejuena dena. Amiantoa duen uralitazko teilatua du, eta hura kentzeko lanak aurten hasiko dira. Horretarako, "aurrekontua aldaketa egin dugu. Gogoratu lan horiek Nafarroako Gobernuaren aurrekontuari aurkeztutako emendakin baten bidez finantzatzen direla". Lanen aurrekontua 212.000 eurokoa da.
Bestalde, Lakuntzako Udalak hirigintza arautzen duen ordenantzan aldaketa egin du eta, ondorioz, herriko Alde Zaharreko eraikinetako teilatuetan eguzki plakak jartzeko aukera izanen da. Aldi berean, eremu horretako eraikinen irisgarritasuna hobetzeko helburuz, igogailuak jartzeko aukera izanen da ere. Izan ere, igogailuak jartzeko eraikinaren altuera gainditzen da eta, hori baimentzeko, ordenantzan salbuespen batzuk aurreikusi ditu udalak.
Azkenik, Arnatz dermioan hondakindegia dago. Udalak jakinarazi duenez hura itxi eta berreskuratzeko lanak eginen dira aurten. Hondakindegia 1985ean zabaldu zen eta hainbat urtez hondakin mota ugari hartu ditu. Udalak 2008an itxiera proiektua idatzi zuen eta 2012az geroztik Contenedores y Transportes Gabirondo S.L. enpresa arduratu da hondakindegia kudeatzeaz. Azken aldian lurra besterik ezin zen bota. Udalaren asmoa da ingurua berreskuratzea bai pertsonendako, baita aziendak han bazkatzeko.