Astekaria

"Goenkale, naizena izateko nire oinarria izan da"

Maider Betelu Ganboa 2024ko urr. 30a, 16:20

Anabel Arraiza lehen denboralditik ikusi genuen pantailan Sara Garmendia antzezten. Zortzi denboraldiz egon zen.

Goenkale telesaila mustu zela 30 urte bete dira. Anabel Arraiza aktore lakuntzarrak "oso oroitzapen ona" du, eta zortzi urtez bere aktore eskola izan zela argi du

ETB1eko Goenkale telesail mitikoa mustu zela 30 urte bete dira. Estatuko telesail luzeena izan zen: 21 denboralditan eskaini zen, eta 3.707 kapitulu izan zituen, 1.854 emisio ordu guztira. 1994ko urriaren 3an hasi zen telesaila, eta 2015eko abenduaren 28an despeditu zen, telebistako euskarazko fikzioan hutsune erraldoia utzita. Goenkaleko protagonistetako bat Sara Garmendia zen, Anabel Arraiza Artieda lakuntzarrak antzezten zuen Arraldeko neska gaztea.


GOENKALE, HASIERAK
Oraindik norbaitek Sara izenez deitzen al dizu?
Bai. Esaterako, ETBko jantzitegiko arduradunak Sara gisa ezagutu ninduen, eta ez zaio sartzen Anabel naizela. Eta kaletik ere bai. Landa eremutan asko ikusi da Goenkale, eta horiendako Sara naiz oraindik.

Goenkalek 30 urte, erraz esaten da.
Horrek esan nahi du urte mordoxka bat baditugula (kar-kar).

Hasieratik Goenkalen. 
Bai, hasiera-hasieratik. Nire pertsonaia bosgarren kapituluan hasi zen. Oso ongi gogoratzen dut 94ko uda hura. Ni Lakuntzako igerilekuetan nengoen lanean, eta hara deitu zidaten esanez Goenkalerako hartu nindutela. Aurretik etxera deituko zuten, ziurrenik, eta amak igerilekuetakoa emango zien. Orduan ez zegoen mugikorrik. Abuztu bukaeran jada lanean hasi ginen.

Aurretik Mirentxu Purroy zuzendariarekin 'Denboraren gibelean' filmean aritu zinen. Bertatik egin zenuen salto Goenkalera?
Ez. Mirentxu Purroyren filma ikastolan ikasten ari nintzela egin nuen. 16-17 urte inguru izango nituen. Goenkaleren castinga 18 urterekin egin nuen. Gerora zineman script lanetan aritu izan den Asier Andueza iruindarrarekin joan nintzen. Hark esan zidan: "casting bat egiten ari dira... goazen!" Eta han joan ginen biak, abenturara. "Zuk jada filme bat egin duzu" esaten zidan. Eta nik: baina ze uste duzu? Horregatik hartuko nautela?" Miramon estudioetara joan ginen biak. Urduri nengoen... izugarri. Uste dut nire urduritasuna castingerako baliatu nuela. A ze erremedio, etzegoen besterik!

"Goenkale euskal kulebroi baten gisara sailkatu da, baina orduko gai sozialek isla zuten"

Castinga nolakoa zen?
Gogoratzen dudana da hasierako zuzendari Joseba Gardeazabalek egin zidala proba, eta beste bi pertsona zeudela. Zenbait proba ziren; tartean testu txiki bat ere eman zidaten, baina ez dut gehiago gogoan. Urte asko pasa dira!

Telesailerako hartuko zizutela espero al zenuen?
Sorpresa izan zen. Egia esan, dena oso azkarra izan zen. Pertsonaiak prestatzeko astebeteko prestakuntza saioa egin ziguten eta abuztuan bertan hasi ginen. 

Goenkalen pentsatzen dugunean burura datorzkigu Arralde, Boga taberna, Maria Luisa, Joxe Mari, Hortentxi, Txapas, Gaizka, Sara... eta beste hamaika pertsonaia. Sara nahiko emakume dramatikoa zen, ezta? Beti zerbait gertatzen zitzaion.
Beno... Sara nolakoa ez zen izan! Neska kuadrilla gazte bat zegoen Arralden, tartean Sara. Hasieran neska hau pixka bat arina zen, eta bazuen ondoan fundamentu gehiago zuen beste neska bat. Hala ere, Sarari denetatik gertatu zitzaion: bere aita kartzelan zegoen, aita kartzelatik ateratzeko dirua lortzeko bere nagusiarekin egin behar izan zituen egin beharreko guztiak... eta atzetik etorri zen guztia.

Buruaz beste egiteko saiakera egin zuen. Ildo honetan, gai serioak lantzen ziren Goenkalen, gai sozial asko.
Bai, pila bat. Goenkale euskal kulebroi baten gisara sailkatu da beti, eta baditu halako elementu pila bat, baina egia da orduko gizartean gertatzen ziren gauzekin lotura handia zuela. Telesaila egunean kokatzen saiatzen ziren, bai gertakariekin eta baita ere gai sozialekin.

Egunero emititzen zen.
Hasiera hartan ezinezkoa zen inork Goenkale ez ikustea. Astelehenetik ostiralera emititzen zen, gauero; hurrengo egunean errepikapena ematen zen, eta asteburuetan, bai larunbatean bai igandean, bost kapituluak ematen ziren segidan.

Egunero atal bat: horren atzean lan karga izugarria egongo zen.
Bai. Hurrengo astetako bost gidoiak aste beteko aurrerapenarekin ematen zizkiguten. Bost egunetan bost kapitulu egiten genituen, baina orden bat segituz: lehen lau egunetan, 7:00etatik 15:00etara, barruko sekuentzia guztiak grabatzen genituen Miramonen, eta astean behin Oriora joaten ginen kanpoko sekuentziak grabatzera, Orio Arralde baitzen (kar-kar). Orioko plaza oso ezaguna egin zen. 

"Lan taldekoek oso harreman ona genuen. Familia bat ginen. Batzuk elkarrekin bizi ginen"

Ikusleok trama bat ikusten dugu, sekuentzien garapena. Baina zuek ez dituzue sekuentziak ordenean grabatzen. Zaila izango da. 
Sekuentzia bat grabatu baino lehen aurreko sekuentzian zer gertatu zitzaidan pentsatu behar izaten nuen. Kosta egiten da. Horregatik, platora sartu aurretik beti sekuentziak entseatzen genituen. Goizetan grabaketak egiten genituen, eta arratsaldeetan hurrengo eguneko gidoia ikasten genuen. Izan ere, sekuentzia pila bat grabatzen genituen, sei-zazpi sekuentzia egunero. Eta hori asko da ikasteko.

Lan nekeza zen?
Bai, baina ni gazte harrapatu ninduen, ikasketen garaian, eta memorizatzeko arazo handirik ez neukan. Interpretazio kontua, hori beste gauza bat da. Pertsona helduagoek arazo gehiago zituzten memorizatzeko. Gogoan dut Kontxu Odriozolak (Maria Luisa) bere gidoietan marrazkitxoak egiten zituela, memorizatzen laguntzeko. Sekuentzia asko zituen, eta lan handia. 

Nolako harremana zenuten lan taldean?
Super ona. Familia bat ginen. Egun, askotan gogoratzen dugu orduan sortu zen giroa, bai aktoreen artean, bai teknikarien artean... 100 pertsona inguru geunden lanean egunero, eta ordu pila bat sartzen genituen elkarrekin. Beraz, oso harreman ona genuen. Kanpoko ekintzak ere egiten genituen, bazkariak eta beste. Gainera, gutako batzuk, kanpokoak ginenak, elkarrekin bizi ginen. Ni Donostian bizi nintzen beste bospasei aktorerekin batera. Goenkalekoak, eta produktora berdineko beste programako kideak ere. Klaudio Landa, esaterako, nirekin bizi zen Donostiako pisu hartan.

Beraz, 24 orduko bizipena zen.
Guztiz. Gazteak ginen, eta gauak ere ederki probesten genituen. Badakizu zer den gazte izatea, poltsikoan dirua edukitzea eta Donostian lagun artean bizitzea? Gozamena. 


GOENKALE, FENOMENO BAT
Goenkale berehala zabaldu zen: Euskal Herriko izarrak zineten. 

Fenomeno hutsa izan zen. Hitzaldiak ematera joaten ginen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko areto nagusia lepo bete zen hiru pertsona Goenkaleri buruz hitz egitera joan ginenean. Nola imajinatu behar duzu halako zerbait gertatzea?

Sortzaileek Goenkalek halako arrakasta lortuko zuela espero zuten?
Bai zera! Lau hilabeteko kontratua egin genuen hasieran, luzagarria, telesaila ongi joango balitz luzatzeko aukera ematen zuena. Telesaila lau hilabeteko apustu ikaragarria izan zen, eta, pentsa, 21 urte iraun zuen! Inork ez zuen espero.

Famaren eragina zuzenean nabarituko zenuten.
Goenkaleren bidez, egunero sartzen ginen jendearen etxeetan; beraien sukaldeetan geunden, beraien herrietan ere gertatzen ziren gauzekin. Oso etxeko bihurtu ginen. Famatuak baino gehiago, ezagunak bihurtu ginen. Eta lagunak baita ere, nik uste. Herrietan, bereziki, harremana oso gertukoa zen. Garai haietan ni ere musikaren munduan nengoen, eta herrietara jotzera joaten nintzenean, jasotzen nuena gozamen hutsa zen.

"Goenkale aktoreen eskola bihurtu zen: zortzi urtetan nire eskola izan zen"

Zurekin herrietako festetara joatea eromena izango zen lagunendako. Denak gainean...
Beno, gehienbat goizeko 5:00etan izaten zen hori (kar-kar), baina ez dut sekula une txarrik pasatu. Jendea oso ongi hurbildu zait beti, benetan.

Lakuntzan momentuko saioko aktore bat bertakoa izatea bitxia zen. Gainera, Goenkalekoak sarritan etortzen ziren. 
Bai, etortzen ziren. Lakuntzako Pertza elkartean behin bazkari bat egin genuen. Bildotsa txilindroi erara, gogoan dut, amak prestatutakoa. Batzuk ez zekiten txilindroia zer zen ere (kar-kar). Goenkaleko 30 aktore, Lakuntza batean aske... Jendea etorri zen elkartera gurekin egotera, argazkiak ateratzera...

Zortzi denboraldiz egon zinen Goenkalen. Pena eman zizun uzteak edo behar bat ere bazen?
Ez nuen nahita utzi. Sara Garmendia ez dakit non ibiliko den, pertsonaia, behintzat ez zuten hil. Baina justu orduan Sorginen Laratza saioan hasi nintzen, beste produktora batean. Produktoreen artean zu beste batengana joaten bazara gaizki ikusia dago; pike horiek hor egoten dira, eta Sorginen Laratzan hasi nintzelako Goenkalekoa bukatu zen.

AKTOREEN ESKOLA
Goenkale berriro emititzen hasi da ETB1-en, arratsaldez, eta jende asko berriro engantxatu da. EITB-ko webgunean ere ikus daiteke. 
Lehenago gaueko ordu txikitan ere eman dute. Lakuntzar batek esaten zidan semeari biberoia ematera jaikitzen zela, eta Sara ikusten zuela. Eta orain arratsaldez hasi dira. Hori abisatu beharra dago, espero gabe zure burua 30 urte gutxiagorekin ikustea, bestela... (kar-kar).

Nola ikusten duzu zure burua?
Oso arraro. Uste dut zerbait ikasi dudala, hasierako kapitulu haietan behintzat oso berde ikusten baitut nire burua. Berde-berdea. Nik ez nuen ez antzerkirik ez halako ezer ikasi, eta pila bat nabaritzen zen. Egia da gero Goenkale aktoreen eskola bihurtu zela: zortzi urtetan nire eskola izan zen.

Zer diote seme-alabek Goenkale ikusten dutenean? Nagusienak zure antza handia du eta Goenkaleko Sara bera dela dirudi. 

Beraiek bazekiten beraien ama Goenkalen ibilia zela. Baina Maddik ni ikusi ninduenean lehenengo gauza esan zuen: “A, ni naiz!” Berak bere burua ikusten zuen Goenkalen. Antza handia dugu, bai.  

Gustatzen zaie bere ama Goenkalen ikustea?
Ez dakit gustatzen zaien edo ez, baina ez dira telesaila ikustera gelditzen. Ez dira engantxatu. Arraro egiten zaie. Ez dakit zer sekuentzia mota ikusi dituzten, baina ikusten badute beraien ama, besteren batekin hor lardaskan, ez dakit zer pentsatuko duten. Ez da beraiendako samurra izango.

"Goenkalek ekarpen handia egin dio euskarari. Euskara hurbila, espresio kolokialak, hika..."

Goenkale Euskal Herriko aktore pila batendako eskola izan zen 21 urtez. Gaur egun aktiboan dauden euskal aktore gehienak bertatik pasa ziren. ETB-ri asko kritikatzen zaio Goenkale garaitik halako fikziozko euskarazko produkturik ez egitea. 
Egia da, guztiz.

Gainera, Goenkalek 100 pertsonari jana ematen ziela kontuan hartuta, hor hutsune handi bat dago. 
Oso handia. Garai haietan, Goenkalez gain, Jaun ta jabe, Bi eta bat, Flamingo berria... halako telesailak zeuden. 13 kapituluko serieak izaten ziren, 3 hilabeteko lanak. Goenkalek 10 hilabeteko lana ematen zion aktoreari, eta 21 urte izan ziren. Egun platoak ez daude hutsik, lehiaketak eta zuzeneko saioak egiten direlako, baina Miramonen ez da fikzioa egiten. Ea zerbait egitera bueltatzen diren. Alkain, mesedez, etorri! (kar-kar)


EUSKARA
Goenkalek euskarari sekulako bultzada eman zion. Euskara arduradun bat zenuten, eta euskarazko esamoldeak eta beste lantzen ziren.
Bai, hika ere sartzen hasi ziren. Platoan bagenuen euskara zuzendari bat; beti egoten zen euskara zaintzen eta lantzen. Eta hori faltan botatzen da orain ETB-ko produkzioetan. Edukietan nabaritzen da. Euskara zuzendariak bertan beharko luke. Goenkalek ekarpen handia egin dio euskarari. Euskaltegietan zenbait kapitulu ikusten zituzten, euskara landu eta belarria egiteko. Ordura arte informatiboetako euskara entzuten genuen, euskara oso zuzena eta jantzia, eta Goenkalek bazuen beste gertutasun hori. Sobia tabernan muztioa eskatzen genuen aldiro nik esaten nien: "muztioa ez, mosto bat eta kitto". Agian gehiegizkoa zen zainketa hori. Baina “hori egina zagon” eta halako espresio asko geratu ziren. Euskaraz espresio kolokial horiek falta zaizkigu. Euskaraz ez dugu “en plan” esateko hitzik. Edo agian egon badaude, eta ez ditugu erabiltzen. Horiek falta zaizkigu.

Goenkaleko ibilbideaz zein oroitzapen duzu? 
18 urterekin joan nintzen Donostiara eta ama izan arte hor egon nintzen. Nire etapa hori %200ean bizi izan nuen. Oso oroitzapen ona daukat, eta naizena izateko nire oinarria izan da. Egin ditudan gauzak egin ditudala, horri esker izan da.

"Gaur egun Miramonen ez da fikzioa egiten. Ea zerbait egitera animatzen diren"

SALEGI, ‘IONE IGO ZERURA’
Aurten ere 25 urte beteko ditu Joseba Salegi zuzendari altsasuarraren ‘Ione igo zerura’ filmak. Zu protagonistetako bat zinen. Klausura moja komentu batekoek beraien zaindaria nolabaiteko santua zela uste dute, eta zinemagile batzuk kontratatzen dituzte mirarien eta bestelakoen antzezpena grabatzeko. Film bitxia. 
Bai, mojek omendu nahi zuten beraien komentuko zaindaria edo pertsona hori, eta grabaketak egiteko enkargu bat egiten dute. Filma da zinea zinearen barruan. Eta jakina, klausura komentu horretan oso exajeratuak diren pertsonaiak sartzen dira, eta euren artean kontraste handiak sortzen dira.

Zer moduz joan zen?
Oso ongi, gustura aritu ginen. Zinea lan egiteko beste modu bat da, askoz geldoagoa dena, eta askoz ere gehiago mimatzen dena. 7-8 ordutan kapitulu bat egitetik nentorren, eta ez dakit zenbat ordutan ez dakit zenbat segundo egitera pasa nintzen. Zineman beste zainketa bat dago, eta nabaritzen da. Esperientzia polita izan zen. 


BIBA ZUEK, ENTZIERROAK, ERROMERIAK ETA BESTE
Biba Zuek saioan iazko denboraldian koloretako betaurrekoak janzten zenituen, gai sozialak lantzen dituzten kolektiboei egindako elkarrizketak aurkezteko.
Bai, Bizipoza ekimenetik zetorren betaurrekoak jantzi eta gai sozialak lantzeko ideia.

Udan Sanferminetako entzierroetan aritu zara bigarrenez, eta Faltzesko entzierroetan mustu zara.
Iruñeko entzierroetan bigarren urtea egin dut, gustura, eta aurten bertan nintzela esan zidaten Faltzeseko entzierroak egin behar genituela. 

Faltzeseko entzierroen jarraipena sekulakoa izan omen da. 
Ikaragarria. Audientzia datuak izugarriak izan dira. Nik galdetzen nion errealizadoreari: "noiztik ez dituzue audientzia datu hauek eman?" Eta erantzuten zidan. “uste dut atentatuak ezkeroztik ez ditugula ikusi horrelakoak”. Exajeratua izan da, audientzia ikaragarria.

Faltzeseko jendeak nolako harrera egin zizuen?
Oso ona. Faltzeseko jendeak oso ongi erantzun du, eta primerakoa izan da. Baina saioa gazteleraz izan behar zenez, beldurra nuen.

Deseroso sentitzen al zara gazteleraz?
Nik ez daukat inongo arazorik gazteleraz hitz egiteko, baina kamera baten aurrean komunikatzeko orduan ezberdina da. Esaldia euskaraz hasten banaiz, nola edo hala aterako naiz, nire eguneroko hizkuntza delako. Baina gazteleraz beldur nintzen estropezu egin eta gero ezin atera ibiltze horrekin. Ez dakit ongi edo gaizki, baina salbatu genuen.

Ganadutegian behi eta zezen artean sartu zinenean beldur gehiago izango zenuen...
Ai ama... Denetatik egin dugu Faltzesen. Baina jendea oso jatorra izan da. Erraza izan da beraiekin lan egitea, beraiek oso prest zeudelako. 

Erromerian ikusi zaitugu Euskal Herrian barna. Gainera, herriko erromeria egokitu zitzaizun, Lakuntzako Pertza.
Programa egitea eskaini zidatenean, nik ez nekien. Bederatzi atal ziren, Euskal Herrian barna bederatzi erromeria ezagutzeko. Baietza eman nienean, erromerien zerrenda eman zidaten, eta Lakuntzako Pertza ikusi nuenean sekulako ilusioa egin zidan.

Gehienok pentsatzen genuen zure gauza izango zela; herrira tiratu zenuela.
Ez, inondik inora, paper gainean ikusi nuen. Guztia berezia izan zen, programaren emisioa nire urtebetetze egunean izan zelako. 

Eguraldi kaxkarra egin zuen San Miguelen, eta, hala ere, Lakuntzako Pertzako saioa polita geratu zen.
Beldurra nuen. Herrian jokatzeak beti izaten du ardura puntu hori. Baina oso eskertua nago, herriak parte hartu duelako, eta oso natural, oso ongi. Gainera, feed back-a oso ona izan da, lakuntzarrak saioarekin gustura gelditu dira. Beraz, ni ere pozik. Erromerian saioek ere oso audientzia onak eman dituzte. Neurtzeko moduagatik ETB1-en batez besteko audientzia 1,5-ekoa izaten da, eta Erromerianeko batez bestekoa 4-tik gorakoa izan da. Hori oso emaitza ona da. Ea datorren udan gehiago egiten ditugun.

Orain zertan zabiltza?
Biba Zuek saiora astean bitan joaten naiz, eta bitartean Euskal Wikilariekin jarraitzen dut lanean, eta unean sortzen diren proiektuekin. Euskal Herriko Dantza Txapelketa aurkeztu berri dut, EITBko Maratoian ere egonen naiz, eta sortzen diren bestelako proiektuetan.