Lakuntzako Udalak plazan estalpea egiteko lanak Construcciones Oses enpresari eman dizkio. Enpresak egitekoak lau hilabetetan despeditu beharko ditu. Udalak lanak emateko bi deialdi egin behar izan ditu, aurrenekoan inor ez baitzen aurkeztu. Hori ikusita, udalak eskaintzako prezioak berraztertu zituen eta eskaintzaren prezioa %30 igo zuen, lanak enpresaren baten interesa piztuko zuelakoan. Hala azaldu du Oihane Uribeetxeberria Garmendia alkateak. Estalpea egiteko udalak 237.825,50 euroko (BEZ barne) aurrekontua du.
Lanak finantzatzeko Lakuntzako Udalak Cederna-Garalurrek kudeatzen duen Europako Leader programatik 60.000 euro jaso zituen. Horri Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiarena gehitu behar zaio. Zehazki, hirigintza arloko ekintza berritzaileetarako, dokumentuak edo jarduketak eginez espazio publikoetan deialditik 45.000 euro jaso ditu udalak. Guztira 105.000 euro dirulaguntzetan. Uribeetxeberriak azaldu duenez, "estrategia baten barruan dago, mugikortasunaren markoan sartua dugu, eta parte hartze prozesu bat izan da". Alkateak jakinarazi duenez, "aurrekontua handitu bada ere, bigarren dirulaguntza lortu dugunez, udalak aurreikusia zuen diru kopuru bera gastatuko du". Aurreratu duenez, estalpea egiteko lanak ez dira neguko festetarako prest izanen. Hori bai, lanak nahi eta nahiez 2025eko apirilaren 15erako despedituta egon beharko dute.
Estalpe finkoa udaletxearen eta autobus markesinaren artean eraikiko da, eta erabilera anitzak izanen ditu. Estalpeak 236,50 m2-ko azalera izanen du. Bere gehienezko altuera 6 metrokoa izanen da eta gutxienekoa 3,5ekoa; zabaleran 10,5 eta 12,5 metro artean izanen ditu, eta luzeran 21,5 metrokoa. Estalpearen egitura altzairu laminatuko profilekin eginen da, eta altzairuzko txapaz inguratuta egonen dira. Barneko bigarren egitura egurrezkoa izanen da. Teiladuran, berriz, txapa eta argia pasatzen utziko duten polikarbonatoko xafla gardenak izanen dira.