Mikel Arregi Marin hil zutela oroitzeko ekitaldia hartu zuen Lakuntzako kultur etxeak azaroaren 9an.
45 urte pasa dira Mikel hil zutela. Lehen urteurrena da Mikelek biktima izendapena duena.
Omenaldi berezia izan da, oso hunkigarria. Besteak beste, Mikel biktima gisa aitortu dutelako. Hala ere, beti bezain gogorra izaten segitzen du. Urteurren honetan, 45 urteren ondoren izendapen hori lortu izana nolabait ospatu nahi izan dugu.
Ziklo bat ixten da?
Zikloa itxiko da biktima guzti-guztiak aitortuak direnean. Oraindik tortura, atxiloketa eta bestelakoen biktima ugari aitortu gabe daudelako. Aztertzen ari dira, eta aitortzea espero da.
Epaiketa eta epaia zenuten. Baina ez da gauza bera, ezta?
Ez, zeren epaiketa egon zen, baina ez Justiziarik.
Lan eta neke asko daude aitortzaren atzean.
Bai. Urteroko helburua zen izan zen bidegabekeria oroitzea, gertatu zena ez ahazteko. Gainera, oso antolatuta ez bada ere, beste senide batzuekin elkartu ginen: Mikel Zabalza, German Rodriguez, Jose Migel Etxeberria... Urtetan elkar babestu dugu. Taldea oso garrantzitsua izan da jarraipena eman ahal izateko.
Ez da tristea gobernu jakin batek biktimen gai hau mugitu behar izatea eta ez izatea zerbait objektiboagoa?
Gobernu aurrerakoirik ez balego, ez genuke ezer ez. Estatuak ez du ezer aitortu oraindik. Nafarroako Gobernuak egindako biktima aitortzaren ondoren, Espainiakoarena etorri beharko luke.
Detaile ederra izan duzue barkilloarekin. Nolaz bururatu zaizue?
Nire anai Silverrek aspaldi Lakuntzako barkillo bat eskatu zuen eredu gisa izan, eta bat egiteko. Iruñean egin zuen. Lakuntzakoak desagertu zirenean, eredu bat behar zuten, eta gurekin jarri ziren harremanetan. Festetarako egina egotea nahi zuten, baina duela hamabost bat egun jaso zituzten. Eta omenaldi eguna bertan zenez, barkilloetako bat herriari oparitzeko gure asmoaren berri emanez gutuna bidali nion udalari. Izan ere, Lakuntzako Udalak beti lagundu gaitu, eta hau udala eskertzeko modu bat da; udalarekin detaile bat izan nahi nuen. Bestalde, Mikelen memoria udaletxean gelditzeko modua da, 1977an gogo handiz sartu baitzen zinegotzi.