Guardetxe berriak 156 m2-ko azalera eraikia du, horietatik 113 dira erabilgarriak. Eraikinak erabilera anitzeko gela (38 m2), basozainaren bulegoa eta gela, komuna, turismo informazio bulegoa eta biltegi pare bat ditu. Eraikuntza jasangarriaren irizpideen arabera jaso da. Erabat autonomoa da, A mailako kalifikazio energetikoa du, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa kontuan hartuta, eta baita A mailakoa ere, karbono dioxidoaren isuriei dagokienez. Eraikinak konfort termiko handia du, eta zubi termikoen eta infiltrazioen isolamendu eta kontrol maila handia. Euri ura biltegi batean jasotzen du, ondoren eraikinean erabiltzeko.
Bestalde, hurbileko materialekin eraiki da. Izan ere, erabilitako egurraren %80 ziurtatua da eta, neurri handi batean, Aralar bertakoa, batez ere, basoko alertze eta pinu egurra, birpopulaketetatik datorrena. Era berean, harriak eta hurbileko materialak erabili dira horma eta hesietarako. Eraikin berria jasotzera 465.000 euro bideratu ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak.
Mendiaren kudeaketaz Aralarko Elkartea arduratzen da, Araxes eta Sakanako hemeretzi herrik osatuta. Bere lehendakari Oihana Uribeetxeberria Garmendiak azaldu duenez, "guardetxe berria aurrerapauso bat da, gutxieneko lan baldintzak betetzen dituen lanerako eremu bat izanen dugu orain". Azaldu duenez, han elkarteko eta gobernuko basozainek lan eginen dute. "Eta elkarteak behar dituen kudeaketak edo bilerak egiteko ere erabiliko du. Garai batekoa zenaren kontrara, guardetxe berria ez da publikoarendako eraikin bat". Guardetxea izan ez den hamabost urtetan basozainen bulegoa ibilgailuak izan direla gaztigatu du.
Gobernuarekin guardetxez hitz egiten jarraitu beharko du elkarteak, jasotakoaren ondoan erabilera publikorako beste eraikin bat jasotzea aurreikusita baitago. Uribeetxeberriak azaldu duenez, "proiektu hori definitu gabe dago. Horren inguruan lanean hasteko asmoa azaldu genion gobernuari mustutze egunean". Esan duenez, "bileretan Aralar eta bere erabilera anitzak jarriko ditugu mahai gainean, nola kudeatu nahi ditugun kontuan hartuz ingurumena, abeltzaintza, bisitarien harrera eta abar. Helburu horiek betetzeko bigarren eraikinak egiteko bat izan dezake".
Lehendakariak gaineratu duenez, "Aralar osotasun bat bezala bizi dugu. Guardetxe da Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremurako sarbidea, bihotza eta erdigunea, Aralarren erabilera anitzak daudelako: mendia, mikologia, abeltzaintza, basogintza... Horretara doazen guztiak guardetxeko aparkalekuan elkartzen dira. Toki estrategikoa, historikoa eta garrantzitsua da.