Aralarko mendia kudeatzen du Aralarko Elkarteak Erdi Arotik datorren pribilegio baten arabera. Toki-entitate tradizional bat da, beraz. Haren esku daude Aralar mendiko bi mila hektarearen kudeaketa, pagadia eta larreak erdibana. Bestalde, Europar Batasuneko garrantzizko lekua izanik, kontserbazio bereziko eremua da eta Natura 2000 sarearen barruan dago. Hortaz, Nafarroako Gobernuaren eta Europaren legediaren arabera kudeatu behar dute mendia.
Elkartea hemeretzi herrik osatzen dute: Arbizu, Arribe, Arruazu, Atallu, Azkarate, Betelu, Dorrau, Errazkin, Etxarri Aranatz, Gaintza, Hiriberri, Ihabar, Intza, Irañeta, Lakuntza, Lizarraga, Lizarragabengoa, Unanu eta Uztegi. Elkartea bi batzarren bidez kudeatzen dute. Batzar iraunkorrean bost herri daude, Irañeta, Arruazu, Lakuntza, Betelu eta Gaintza. Eta Batzar Orokorrean hemeretzi herriek parte hartzen dute. Presidentea Lakuntzako alkatea da historikoki, beraz, Patxi Xabier Razkin da orain Aralarko Elkarteko presidentea. Herri bakoitzak ordezkari bat dauka; zinegotzi bat edo alkatea. Langile bakarra dago elkartean, Javier Otamendi Aralarko zaintzailea.
Mendia behar bezala kudeatzeko ordenantza bat du Elkarteak; aurreneko ordenantza 1770-06-27koa da, azkena 2012-05-14koa. “Gaur egun dauzkagun eskumenak larreen kudeaketa eta aprobetxamendua, egur loteak eta haien salmenta, ehiza eta, puntualki, Nafarroako Gobernuarekin batera turismoa kudeatu izan dugu”, azaldu digu Razkinek. Mendiaren kontserbazioaz eta garbiketaz ere Aralarko Elkartea arduratzen da Nafarroako Gobernua eta Europako araudiak jarraituz.
Jabetza
Franco hil ondoren, 1987an, Estatuak mendi guztien jabetza Nafarroako Gobernuari itzuli zion. Nafarroako Gobernuak Aezkoa, Kintoa eta beste entitate batzuei itzuli zizkien haien lurraldeak. “Momentu horretan ez zen aukera hori hartu. Eta ondoren damutu gara”. Orain, jabetza berreskuratzeko bidean dago Aralarko Elkartea. Izan ere, Aralar Elkarteak bere eskubideak ditu mendian. Elkarteak beste administrazioen eskubide urraketak epaitegietan defendatu behar izan ditu Erdi Arotik 2002ra arte. Baita lortu ere. Horregatik, elkartekoek mendiaren titulartasun osoa bere esku uztea nahi dute.
“Nafarroako Gobernuarekiko harremana printzipioz ona da”. Duela urte bat Aralar Elkartea, Razkinek ordezkatuta, Nafarroako Parlamentuan egon zen lurraldearen titularitatea itzultzeko eskatuz, “beti izan den bezala”. Parlamentuan eskaera ongi hartu zutela adierazi du, eta legea tramitatzen ari direla. Gero Toki Administrazio Departamentuarekin, Isabel Elizalderekin, negoziazioari heldu beharko diote gero. Nafarroa hiru eskualdetan banatu nahi du Gobernuak: Pirinioak, Erdialdea eta Erribera, eta, azkenik, Eskualde Atlantikoa deitutakoa. “Hor dago Aralar sartuta. Erabilera publikoko plan berria negoziatzen ari gara".
Planaz
Razkinek azaldu digunez, erabilera publikoko planaren parte prozesuan daude. Honakoak ari dira parte hartzen: Sakanako Garapen Agentzia, Plazaola turismo partzuergoak, Aralarko Larreen Batzordea, Nafarroako Gobernuko turismo arduradunak, Lur Sarea (Nafarroako Jasangarritasun Agentzia) eta atlantiar eskualdeko basozainen burua.
"Bakoitza bere zatia lantzen ari da" esan digu Razkinek, eta gaineratu du: "Guardetxe berria hor sartuta etorriko litzateke. Baina, gure interesa da, mendiaren titularitatea jasotzea guardetxe berria jaso baino lehen”. Beraz, jabetza Elkarteari itzultzeko negoziaketak hasi dira.
Abeltzaintzaren garrantzia
19 herrietako 62 ganaduzaleren 6.800 ardi, 250 behi eta 800 behor inguru egon ziren 2017an Aralarko larreetan. “Kriston garrantzia dauka azienda horrek larreen kudeaketarako. Aralarren dauden larreak ez dira naturalak, Suitzakoak bezala. Larre hauek abeltzaintzak sortu ditu”. Abereak sortu zituzten larreak duela 3000 urte inguru Razkinek azaldu bezala. “Ekosistema hori mantentzeko abere kopurua handia behar dugu”.
“Lehen sektorea ez dago bere momenturik onenean eta gazteek arazo asko dituzte horretan jarraitzeko”. Hortaz, larreak txikitzen ari direla esan du Razkinek. Lehen sektoreari edo abeltzaintzari bultzada eman nahi diote Aralar Elkartetik. Horretarako produktu berrien sorrera bultzatu nahi dute. “Iparraldean eta Gipuzkoan mendi gaztak ekoizteko esperientziak daude. Produktu oso interesgarria da. Edo mendi-haragia edota halako produktu ekologikoak”. Produktu horiei bultzada emateko baldintzak sortu behar dituzte; “inbertsioak”, azken finean. Produktu horiek Guardetxean erosteko aukera egongo litzateke, Aralarko Elkarteak proposatutako proiektu integralaren arabera.
Turismo jasangarria
Aralarko Elkartearen kudeaketaren beste puntu garrantzitsu bat turismoa da. “Bisitariak badauzkagu, eta etorkizunean gehiago izanen dira”. Ordenatu behar dutela dio Razkinek. Guardetxearen proiektu integralaren barruan egonen litzateke turismoa ere. Jendeak “produktuak” kontratatu ahal izatea nahi dute: txangoak, birding edo txoriak ikusteko txangoak, kirolarekin zerikusirik duten jarduerak, orientazio probak, eraikin megalitikoak, Amutxateko kobazuloa... “Altxor bat daukagu”. Hortaz, bisitariei “azaldu” behar zaie mendian nola jardun behar duten. “Abeltzaintza eta turismoa batak besteari lagundu behar dio. Ezin dugu onartu artalde bat ikusi eta ardien atzetik jolasean egotea”. Bisitariekin "pedagogia asko" egin behar dela gaineratu du Razkinek. Bisitariei ere "dauzkagun larreak zergatik dauzkagun" azaldu behar zaiela gaineratu du presidenteak, baita lehen sektorekoen produktuak ere.
Aurrekontua
Aralar Elkartearen aurrekontua 70.000 euro ingurukoa izan zen 2017an. Razkinek azaldu duenez, "oso aldakorra da" kopurua, egurraren salmentarekin lortzen dutelako diru sarrera bakarra. Hortaz, loteak bi urtetik behin saltzen dituzte. “Bi urtean behin diru-sarrera potoloak ditugu, baina gero ez dugu sarrerarik”.
Aurtengo aurreikusitako lanen artean Arruazuko muga ixtea dago batetik. Bestetik, Europatik bost urterako 150.000 euroko diru-laguntza jaso du elkarteak, 2018-2022 aldirako. Natura 2000 sareko mendi larreak laguntzeko diru-laguntza horren bidez zein lan egin zehazteko abeltzainak eta teknikariak elkartu ziren. Haiek adostutako irizpideei segituz eginen dira, besteak beste, ganbelak non jarri eta behin otea kenduta aziendarendako behin behineko itxiturak non egin behar diren, otea behin betiko desagerrarazteko.