Lehenengoz futbol koordinatzailea du Lakuntzako Lagun Artea Kirol Elkarteak. Kluba handitzen ari zela, eta talde guztiak ongi koordinatzearen beharra ikusi zuen juntak. Beteluko Aitor Goikoetxea Iriartek onartu zuen erronka, eta bere antolaketa eta lan moldeei esker, ibilbide berria hasi du Lagun Arteak.
Entrenatzailea
Aitor Goikoetxeak hainbat urte zeramatzan entrenatzaile, 2012tik. Tolosan nesken taldea entrenatu zuen lau denboraldiz, eta gero Lekunberriko Beti Kozkorren hasi zen, beste hiru denboraldiz emakumezkoen taldearekin lanean. “Nesken taldeko entrenatzaile nintzela, hirugarren mailako Beti Kozkor entrenatzen zuen Rodri Fernandez entrenatzailea laguntzen hasi nintzen. Harreman ona genuen eta ongi funtzionatzen genuen. Horrela, bigarren B mailan lehiatzen zen Izarrara joan ginen biak, eta urtebete eman genuen bertan, eta ondoren hirugarren mailako Burlades entrenatu genuen” aipatu du Goikoetxeak. Tarte horretan, entrenatzaile izateko titulu guztiak atera zituen: lehenengoa, bigarrena eta hirugarrena, profesionala, baita ere. "Gustura nenbilen entrenatzaile, baina klubeko beste taldeek nola funtzionatzen zuten ikusten nuen, zeuden gabeziak edo hobetu beharrekoak, entrenamendu motak, gurasoen kexak... gauza horiek guztiak kirol koordinatzaileek edo zuzendariek kudeatzen dituzte, eta horrekin nenbilen bueltaka. Espainiako Futbol Federazioak Las Rozasen duen egoitzak kirol koordinatzaile edo zuzendari izateko unibertsitate mailako ikastaroa du, eta bertan eman nuen izena. Astelehenetan joaten nintzen Madrilera, klaseetara. Proiektu bat egin nuen eta hura gaindituta, titulua lortu nuen duela hiru urte".
Osasunaren ikuskatzailea
Kirol koordinatzaile izateko trebakuntza jasotzen ari zela, Osasuna futbol klubetik jarri ziren harremanetan Aitor Goikoetxearekin. "Nafarroako iparraldeko eremua ez zutela behar bezala kontrolatzen esan zidaten, eta ni bertakoa nintzenez, ea Iparraldeko umeak begiratzen eta jarraitzen hasiko nintzen proposatu zidaten; hau da, ikuskatzailea izatea". Baiezkoa erantzun zion talde gorritxoari. "Joan zen denboraldian Doneztebeko entrenatzailea nintzen, aurretik Burlades utzi bainuen. Osasunako ikuskatzaile lanetan ezagutu nuen Lagun Artea klubeko Ainhoa Etxarri juntakidea, 2023ko maiatzean. Berak esan zidan Lagun Arteak futbol koordinatzailea behar zuela, klubean nolabaiteko ordena edo funtzionamendu bateratua eratzeko. Eta erronka onartu nuen".
Aitor Goikoetxea: "Lagun Artean ikusi nuen argazkia gustatu zitzaidan, auzolanarena"
Gustuko argazkia
Goikoetxea iazko ekainean Lagun Artean hasi zen lanean, futbol koordinatzaile gisa lehen aldiz. "Klub handiago baten eskaintza izan nuen, baina nahiago izan nuen Lagun Artea bezalako talde txikiago batean hastea. Zuzendaritza junta oso langilea aurkitu nuen. Horrek harritu ninduen, guztiak oso inplikatuta baitaude. Beti daude lanean: Zelai Berriko zelaia mozten eta markatzen, sarrerak kobratzen, tabernan... Ikusi nuen argazkia gustatu zitzaidan, auzolanarena".
Jende berria sartu da juntan, eta aurrekoekin batera, lantalde eraginkorra osatu dute. Javier Hernandezek jarraitzen du lehendakari. Xabi Lizarraga lehendakariordea da, Ainhoa Etxarri idazkaria eta Josu Arraiza diruzaina. Javier Andueza, Gonzalo Gomez, Miren Iriarte, Joxe Agirre, Joan Mumbru eta Egoitz Arraiza bokalak dira.
Zortzi talde
Ekainean bertan 2024/2025eko taldeak, plantillak eta entrenatzaileak osatu zituen Aitor Goikoetxeak, juntarekin elkarlanean. Zazpi talde ziren: benjaminak, kimuen mailako bi talde, infantilak, kadeteen mailako bi talde, jubenilak eta erregionala, talde nagusia. 148 futbolari eta hamabi entrenatzaile guztira. Horretaz gain, futbolari txikiagoak Osasuna Fundazioan trebatzen dira. "Zazpi talde dira guztira, berriki sortu dugun futbol inklusibo taldearekin batera, zortzi. Guztiak ongi kontrolatu beharra ditut, gainean egon".
Lagun Artea klub txikia da, eta halakoetan denboraldi batzuetan jokalari asko izaten dira eta beste batzuetan, ez horrenbeste. Boladak izaten dira. Halakoei aurre egiteko azkeneko urteetan elkarlana dute Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek. "Esaterako, aurten kadete mailako 27-28 jokalari genituen, talde baterako gehiegi, baina bi sortzeko nahiko justu. Etxarri Aranatz Kirol Elkarteko Iñaki Elvirarekin harremanetan jarri, eta hark egindako proposamenekin azkenean bi taldeak atera ditugu. Bi kluben arteko elkarlanak segitzen du eta ezinbestekoa da".
Ordena eta metodologia
Aitor Goikoetxeak ordena jarri nahi zuen klubean, eta entrenamenduen eta partiden jarraipena egiteko metodologia bat ezarri. "Lagun Arteako juntarekin oso eskertuta nago, nik klubean sartu nahi nuen metodologia bati baiezkoa eman diotelako. Kirol gestioa edo kudeaketa egiten duen programa informatiko bat ezarri dugu. Entrenatzaile bakoitzak bere taldearen plantilla edo orria du, eta bere taldearekin egiten dituen entrenamendu eta partida guztien informazioa jaso behar du bertan, taldearen helburuak zehaztu, eta jarraipena egin. Ni, koordinatzailea naizenez, talde guztien fitxategietan sar naiteke, eta talde guztien informazio guztia dut. Badakit entrenamendu bakoitzean zer landu duten, nor dagoen lesionatuta, nork huts egin duen... Horrela, talde guztien jarraipena askoz ere hobeki egiten da". Entrenatzaileek ongi hartu omen dute sistema berria. "Nahiz eta beraiei lan bat eskatu, lan tresna bat da baita ere eurendako. Beraiei fitxa betetzea eskatzen die, baina onurak ikusten dizkiote. Behin martxa hartuta, azkar egiten den lana da. Pozik daude, egiten duten guztia jasota gelditzen delako. Golak, estadistikak, entrenamenduak... denetariko datuak sartzen dituzte".
Aitor Goikoetxea: "Taldeak ongi ari dira. Erregionala dinamika onean sartu da"
Helburuak
Helburuez galdetuta, oso argi du futbol koordinatzaileak. "Beti pentsatu izan dut kategoria txikienetan, infantiletaraino, helburua formazioa dela beti, futbolean trebatzea. Kadeteetatik gora lehiaketan pixka bat exijitzen hasi behar da".
Talde nagusia, erregional mailakoa, ongi ikusten du. "Igoera fasea jokatu ahal izateko ligako lehen lau postuetan sartzeko borrokan egon beharko luke. Historikoki Lagun Artea talde ona izan da, bere garaian hirugarren mailan egon zen; gutxienez preferente mailan egon beharko litzateke. Hor ikusten dut nik. Taldea dinamika onean sartu da, azken bost partidetan berdinketa bat eta lau garaipen izan ditu, sailkapenean bosgarren da eta ea horrela jarraitzen duen. Jokalariak inplikatuta daude, entrenatzera seriotasunez doaz eta Ander Eguillor eta Santi Suarez entrenatzaileak lan ona egiten ari dira".
Beste taldeei dagokienez, jubenilak ongi ikusten ditu. "Bigarren mailako liga irabazteko eta lehen mailara igotzeko aukerak ikusten dizkiot jubenilen taldeari. Hori gertatzea polita litzateke, datorren denboraldiari begira jubenilen bi talde sor genitzazkeelako". Kadete mailako bi talde ditu Lagun Arteak. "Bat oso ongi dabil, sailkapenaren goialdean. Bestea talde berriagoa da, Etxarriko jendearekin osatuta, eta taldearen engranajea ongi lotzeko lanetan gaude. Indibidualki gauza onak ikusten zaizkio". Infantilen taldearekin liluratuta dago. "Elena Sanchezen autore taldea da. Nola kokatzen diren, nola jokatzen duten... oso ongi ari dira". Kimuen mailako bi taldeekin ere pozik daude klubean, eta benjaminak aurten hasi dira lehian, eta oso ongi.
Ildo honetan, arreta gehiago jartzen die okerrago dabiltzan taldeei. "Ongi dauden taldeei ez zaie kasurik egin behar. Badoaz aurrera. Gaizkiago daudenekin egote gustatzen zait, galdu duen taldearekin, entrenatzailearekin gertu egon, zer hobetu dezakegun ikusteko".
Atezainen entrenatzaileak
Lagun Arteak aurten duen beste berrikuntza bat atezainen entrenatzailea da. Beteluko Unai Oterminek infantilen, kadeteen, jubenilen eta erregional mailako atezainak entrenatzen ditu, eta kadeteen mailako Liher atezainak benjaminen eta kimuen taldeko atezainak entrenatzen ditu. "Erregional mailako Adur Kanpo atezainak faltan botatzen zuen berari norbaitek entrenatzea eta aurten figura hori sartu dugu. Hau taldearendako plus bat da, atezainek egun batean eurendako propio den entrenamendu espezifikoa izatea".
Harrobi indartsua
Dagoeneko 2025/2016 denboraldian du burua Aitor Goikoetxeak. "Zeintzuk pasatzen diren maila batetik bestera, benjaminetara zenbat sartuko diren... aurretik hori guztia lantzen joan behar da. Osasuna Fundazioko bi taldeetatik batek kide gutxi ditu, baina bigarrenean kintada ona dator. Harrobia indartsu dator, eta sentsazioak onak dira".
Erronka: nesken taldea sortzea
Datorren denboraldirako erronka garrantzitsua du Lagun Arteak: nesken taldea sortzea. Lakuntzako neskek lehen kadete mailaraino mutilekin batera jokatzen zuten, baina egun gehienak beste taldetan aritzen dira, Altsasun, Lekunberriko Beti Kozkorren eta bestelakoetan.