Sakanako lehen futbol talde inklusiboa sortu duzue Lagun Artean. Nola sortu zen ideia?
Nafarroako Futbol Federazioan "Kirolean desgaitasunak" programan entrenatzaile gisa aritu nintzen futbol talde inklusiboekin azken hiru denboralditan. Tasubinsak Nafarroako Futbol Federazioarekin akordio bat zuen, eta Tasubinsa Orkoien, Tasubinsa Arazuri eta Tasubinsa Beriain, hiru talde horietan egon nintzen entrenatzaile. Lagun Artean hasi nintzenean, Zelai Berrira etorri nintzen lehenengo aldian parez pare Tasubinsa zegoela ikusi nuen. Eta arraroa egin zitzaidan Lakuntzako Tasubinsak halako futbol talderik atera ez izana. Federaziotik esan zuten programan aldaketa egingo zutela eta aurten futbol talde inklusiboak klubetatik sortu behar zirela. Horregatik, Lagun Arteako juntari taldea sortzea planteatu nion, iruditzen zaidalako oso ona dela bai eurendako, bai bailara osoarendako, eta klubarendako baita ere. Dena onurak dira. Animatu ginen, eta Lagun Artea futbol talde inklusiboa atera dugu.
Zenbat daude taldean?
Egun hamar daude, baina taldea zabalik dago. Talde mistoak dira, baina momentuz gurean mutilak daude bakarrik. Neska batek izena eman zuen, baina ondoren atzera egin zuen. 16 urtetik gorako pertsonak izan behar dira, adin mugarik gabe. Adin ezberdinetako kideak izaten dira, baina euren artean sortzen den harremana izugarria. izaten da. Zelai Berri ondoan dagoen Sakana frontoian entrenatzen dugu, hilean bizpahiru aldiz, ostiraletan. Lagun Arteako atezainen entrenatzailea den Unai Otermin eta biok aritzen gara entrenatzaile. Tasubinsan 16:30ean bukatzen dutela kontuan hartuta, 17:00etatik 18:00etara entrenatzen dugu, aldez aurretik zehaztutako ostiraletan.
Zer moduz ari zarete?
Oso ongi, gustura. Beraiek nola harremantzen diren ikustea pasada bat da. Batzuk ez zuten elkar ezagutzen, baina berehala sortzen da lotura. Sakana guztiko jendea dago: Irurtzun, Lakuntza, Olazti, Altsasu, Etxarri... eta baita nire herriko, Beteluko bat. Gustura dabiltza. Taldea irekita dago, ea sakandar gehiago animatzen diren. Oso ongi pasako dugu! Jar daitezela gurekin harremanetan lasai asko.
"Umeari ezin diogu futbolari izateko ametsa kendu, baina gurasoei bai"
Osasunaren ikuskatzailea izaten jarraitzen duzu?
Bai. Ikuskatzailea izateaz gain, aurten Nafarroako Iparraldeko arduradun izendatu naute. Sakanako hiru futbol klubak, Leitzakoa, Doneztebe, Baztan, Ultzamaldea, Baztan... klub horiekin harremana dut. Benjaminekin eta kimuekin teknifikazio saioak egiten ditugu Altsasun eta Lekunberrin.
Tarteka fenomenoren bat ikusten al duzu?
Badago bateon bat, baina oso zaila da. Kontu handiarekin ibili behar dugu, batez ere gurasoek espektatiba gehiegi izan ez ditzaten. Umeari ezin diogu futbolari izateko ametsa burutik kendu: amets hori bizitzen utzi behar zaie, eskubidea dute. Baina gurasoei, ez. Oso tarteka ateratzen da futbolari profesional bat, oso zaila da. Gurasoek argi izan behar dute oso-oso zaila dela.