mendi lasterketak

20 urte ez dira egunero betetzen

Maider Betelu Ganboa 2025ko eka. 9a, 10:28

Bi lasterketako korrikalariek batera egin zuten Guardetxe bitarteko ibilbidea.

Lakuntza-Aralar mendi lasterketa dortsal guztiak agortuak zirela jokatu zen. Ander Jauregi, Garazi Sampedro, Beñat Katarain eta Lola Oiarzabal izan ziren txapeldunak giro ezin hobean jokatutako proban

20. Lakuntza-Aralar mendi lasterketak modu ezin hobean bete zuen bere 20. edizioa, ekainaren 1ean. Zabalarte klubak antolatzen duen probak "Sold out" kartela jarri behar izan zuen, ibilbide luzeko eta motzeko tokiak bete zirelako. Are gehiago, ibilbide motzean itxaron zerrenda zegoen. Guztira 400 parte hartzailetik gertu zeuden aurretik izena emanda: 194 korrikalari Lasterketa Luzean (26 km), 169 Lasterketa Motzean (13 km), eta 25-30 inguru mendi martxan (13 km). Lakuntza-Aralarrek, Nafarroako Mendi Lasterketen Rankingerako baliagarria izateaz gain, aurten Euskal Herriko Koparako puntuatzen zuen, eta horrek puntako korrikalariak erakarri zituen. 

Mendi martxan parte hartu zutenak izan ziren irteera hartzen goiztiarrenak, 8:30ean. Lasterketa Motzeko ibilbidea alderantzizko norabidean osatu zuten (13 km). Ordurako, jada, beroketa lanetan zeuden bi lasterketetan parte hartu zuten korrikalariak. Bi ibilbidekoak batera atera ziren, beranduxeago, 9:45 inguruan. Izan ere, Lasterketa Luzeko zatirik garaienean ibilbidea markatzeko banderatxo laranja batzuk kendu zituzten eta ibilbidea berriro markatzen aritu behar izan zuen Zabalartek, korrikalarien segurtasuna bermatzeko. Arazoa zuzenduta, 147 korrikalari atera ziren Lasterketa Motzean, eta 160 Luzean. 

Ibilbide zoragarria Aralarren
Eguraldia ateri zegoen, eta nahiz eta fresko eta lainotuta esnatu, tenperaturak igotzen joan ziren, eta lainoa desagertzen. Korrikalariak, lohiaz baino, hezetasunaz kexatu ziren, eta beroaz. Bi ibilbidetako korrikalariak batera atera ziren, beheko basorantz, eta Atazar portutik Guardetxeraino (1.035m) batera heldu ziren. Han banatu ziren: Ibilbide Motzekoek Aubigainatik (1.103 m) Aranguneko bidea hartu zuten, handik Lakuntzara jaisteko. Luzekoek, aldiz, Guardetxetik Mugerdira jo zuten, Belokiko lepora (1.195m), eta Aralarreko belardi garaietatik Unagako Putzura eta Irumugarrietara (1.430 m) iritsi ziren, ibilbideko punturik garaienera. Bertatik, Desaoko Bordara jaitsi ziren, eta Pagomari (1.140 m) atzean utzi eta gero, Urritzamendira jaitsi ziren, Aranguneko bidea hartu eta helmugara heltzeko. Aralarko buelta zoragarria bezain gogorra egin zuten guztiek. 

Katarain eta Oiarzabal
Ibilbide Motzean Beñat Katarain herriko semea izan zen azkarrena (59:43), atzetik segika zuen Mikel Beunzari 41 segundo ateraz (1:00:24). Iñigo Lasartek (1:00:51) osatu zuen podiuma. Katarain Zegaman bizi denez, lehen sakandarra helmugara zortzigarren iritsi zen Ivan Sobredo "Triki" izan zen (1:05:25). Katarainek uzkurdura edo tiroi bat izan zuen bi egun lehenago, eta ateratzeko zalantzan egon zen. "Dortsala jartzerakoan badakizu zer dagoen, gogor ematera. Ordu batetik jaitsi dut, hori zen helburuetako bat". Maila handia zela nabarmendu zuen. "Podiuma oso garesti zegoen, eta beraz, oso pozik". 

Lakuntzako probak 20 edizio bete zituen eta Euskal Herriko Koparako puntuatu zuen

Emakumezkoetan, Lola Oiarzabal gailendu zen (1:14:32), Guratz Azpirozen (1:15:49) eta Norah Muzasen (1:17:04) aurretik. Hirurek proba "oso polita, baina gogorra" zela nabarmendu zuten. Lehen sakandarra Maria Goikoetxea etxarriarra izan zen (1:25:48).

Jauregi, jaitsieran
Lasterketa Luzean borroka estua izan zuten Ander Jauregi durangarrak, Mikel Unda bilbotarrak eta Iñigo Gereta gasteiztarrak. Hirurak batera igo ziren Hirumugarrietara, baina jaitsieran eraso egin zuen Jauregik eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:09:24), Undari 33 segundo (2:09:57) eta Geretari 1:17 minutu aterata (2:10:41). "Goian haizea zegoen, eta ongi etorri zaigu. Ibilbidea oso polita zen. Hasiera gogorra izan da, eta amaiera, agonia purua, luze egin da" zioen Jauregik. "Jaitsiera gogorra zen, teknikoa; justu nengoen, baina esan dut: orain da momentua, banoa dudan guztiarekin. Erori ere egin naiz, baina, azkenean, ongi atera da". Gereta zioan Jauregiren atzetik, baina azken 5 kilometroetan Undak gainditu zuen.

Munarriz, hobeki
Lehen sakandarra Aritz Munarriz izan zen, helmugan bederatzigarren, proba bikaina eginda (2:16:15). "Goian haizea mugitzen zen eta ongi egoten zen, baina jaitsieran, basoan sartzerakoan, berriro hezetasuna" azaldu zuen. Egindakoarekin "kontentu" zegoen. "Joan zen urteko denbora hobetu dut, minutu bat gutxiago, beraz, kontentu, are gehiago aurten Lakuntza-Aralarren zegoen maila handia kontuan hartuta; gazteak oso indartsu daude". Denboraldiarekin gustura dago. "Bost lasterketa egin ditut, eta ongi. Hiru Herri Trail, Galar, Jurramendi eta Beran aurreneko hamar postuetan sartu nintzen". Maiatzean Palmara joan zen, Transvulcaniara. "proba luze horietako bat zen, baina ez zitzaidan ongi atera. 50. kilometroan utzi behar izan nuen. Eta kostatu zait mentalki buelta ematea".  

Sampedrorendako, gogorra
Emakumezkoetan Garazi Sampedro iritsi zen lehena (2:38:10). Atxondoko korrikalariak 2 minutu pasa atera zizkion Leire Uribe durangarrari (2:40:49). Izaskun Bereau leitzarrak osatu zuen podiuma (2:43:07). Garazi Sampedro lehenengoz aritu zen Lakuntzako proban. "Ez zegoen lokatz askorik, egia esan. Goi-goian ongi, haizea zebilen, baina hezetasuna sumatzen zen. Hori izan da nekezena. Lasterketa oso polita da, baina oso gogorra" esan zuen. Lehen sakandarra Eneritz Karasatorre etxarriarra izan zen (2:59:01).

Txingurriye taldeak Palestinaren aldeko postua jarri zuen

Indarrak berreskuratzeko auzate ederra prestatu zuen Zabalartek. Sari ematean, podiumeko lehen hiru sarituez gain, Lasterketa Luzean promesa hoberenaren saria Martin Egizabalek jaso zuen –ez zegoen emakumezkorik–, beterano onenak Felicisimo Solanas eta Vanessa Arbelaitz izan ziren, eta lehen lakuntzarra, Asier Gartziandia. Ez zen emakumezko lakuntzarrik aurkeztu, eta Zabalartetik datorren edizioetarako neskei dei berezia egin zieten. 

Lasterketa Motzeko kadete onenak Xabier Arranz eta Alazne Lozano izan ziren, eta lehen lakuntzarra Alberto Martinez. Euskal Herriko Kopan, hiru proba jokatuta, Lakuntzakoa barne, Mestafa Mahfoud eta Oihane Unzalu dira liderrak. 

Lakuntza-Aralar mendi lasterketa
Lasterketa Motza (13 km)
Gizonak:
1.Beñat Katarain 59:43
8.Ivan Sobredo 1:05:25
10.Alberto Martinez 1:05:42
14.Jon Gil 1:07:38
15.Odei Juango 1:08:09
18.Ander Galarza 1:08:50
21.Asier Estarriaga 1:09:21
30.Jokin El Marhoum 1:12:22
31.Andoni Goikoetxea 1:12:25
37.Iosu Urriza 1:14:06
38.Aimar Araña 1:14:18
45.Aitor Oiarbide 1:16:03
47.Jorge Iradi 1:16:22
52.Jon Orella 1:18:16
64.Oihan Artieda 1:21:21
68.Amaiur Arratibel 1:21:48
72.Xabat Arraiza 1:23:50
77.Jose Javier Beregaña 1:24:26
78.Mikel Beloki 1:24:32
81.Haritz Goikoetxea 1:25:28
82.Raul Moro 1:25:47
93.Peio Bengoetxea 1:28:27
98.Jorge Vitoria 1:29:33
108.Patxi Arakama 1:31:21
129.Eduardo Eskudero 1:35:41
131.Koldo Razkin 1:37:53
133.Adrian Senar 1:39:00

Emakumeak
39.Lola Oiarzabal 1:14:32
83.Maria Goikoetxea 1:25:48
105.Aitziber Larrion 1:30:54
109.Sarabe Arakama 1:31:21
132.Erkuden San Martin 1:38:45
140.Laura Urra 1:42:17

 

Lasterketa Luzea (26 km)
Gizonak:
1.Ander Jauregi 2:09:24
9.Aritz Munarriz 2:16:51
22.Iraitz Goñi 2:26:14
51.Joseba Galarza 2:43:52
58.Jon Mendia 2:48:21
59.Mikel Galarza 2:49:30
65.Iker Eraso 2:54:04
90.Asier Gartziandia 3:06:03
94.Juan Garziandia 3:10:00
105.Sergio Sanca 3:15:39
110.Inhar Olabide 3:17:28
111.Ekhi Olabide 3:17:28
125.Ricardo Palacios 3:25:29
126.Aritz Irigoien 3:25:39
*Felix Benjumeak ez zuen proba bukatu

Emakumeak
43.Garazi Sampedro 2:38:10
77.Eneritz Karasatorre 2:59:01
104.Ainara Galarza 3:15:34