Hatortxurock jaialdiaren 30. eta azken edizioa ospatu da Lakuntzan, uztailaren 24tik 27ra. Antolakuntzak prestatutako bost guneetan -Hator Hator, Etxera, Auzolana, Elkartasuna eta Herriye- ehun taldek baino gehiago aritu dira, tartean Nafarroa 1512, ZETAK eta Muga Zero sakandarrak. Zita berezi honetan hainbat talde eszenatokira itzuli dira ere. Hatortxurocken agurrarekin esparru ezberdineko 22 eragilek bat egin dute eta manifestua sinatu dute: Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, Sortu, EH Bildu, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ernai, Ikama, Xuti, Gazte Abertzaleak, Bf, AEK, LAB, EHNE, ELA, Steilas, Hiru, 40 Minutu, Ezkerraldea Fest eta EDH. Hatortxurock 1999an jaio zen, Berriozarren, "Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eta haien senideen defentsarako tresna gehigarri gisa". Auzolana jaialdiaren oinarrietako bat, eta azken jaialdia bide beretik joan dela gaineratu dute antolakuntzatik. Uztailaren 27an, ekitaldi nazionala egin zuten, Etxera! lelopean.
Hatortxurock jaialdia hasi aurretik prestaketa lan handia izan zuten Oihan Erkiza eta Nerea Eugi antolakuntzako kideek.
Nola eta zergatik jaio zen Hatortxurock?
Oihan. Nik urte bat neukan, baina han zeudenak kontatu digute pixka bat nola izan zen. Garai horretako egoera krudel bati aurre egiteko sortu zen: presoen senideek pairatu zuten dispertsioa laguntzeko eta presoen aldeko aldarria zabaltzeko. Jaialdi txiki bat egitea erabaki zuten, eta denborarekin publikoak erantzun zuen eta antolakuntzak gehiago egitea nahi izan zuen. Handituz joan zen zerbait izan da Hatortxu. Gaur egun arte.
Zein zen testuingurua?
O. Lehenengoa egin baino urte batzuk lehenago espainiar estatua dispertsio politikarekin hasi zen eta orduan zigortuak ez ziren presoak bakarrik izan, baizik eta haien senideak ere zigortzen zituzten. Hatortxuren helburua beti izan da sufrimendu hori ahalik eta arinena izatea edo, behintzat, ekonomikoki babes bat emanez laguntzea.
30. edizioa eta azkena. Lehenengoak egin ondoren honaino iristea espero zuten?
Nerea. Espero agian bai, baina nahi ez. Askotan esaten dena: beste egoera batengatik lehenago agur esatea espero zen. Behar hori ez egotea, alegia. Kontatu zutenagatik hasieran frontoi txiki bat zen, "lagunen arteko zerbait egingo dugu edo ez dugu egingo". Hasiera batean eromena edo zoroen lana zirudiena Hatortxu bezala ezagutzen dugunean bihurtu da. Frontoi txiki batean egiten zen zerbait eta gero atxikimendu gehiago jaso ditu eta handitzen joan da. Lan talde gehiago sortu behar izan dira beharrak sortzen joan diren heinean, zerbitzu gehiago eman behar izan dira aukera gehiago zeudelako. Kokapena ere aldatzen joan behar izan da, espazio handiago bat behar zelako, jende gehiagok nahi zuelako bere aletxoa eman; bai txandak egiten bai parte hartzen.
Hirugarren aldiz Lakuntzan.
O. Toki handiago bat behar zen. Normalean egun batekoak edo bi egunekoak egin dira, baina hamargarren, hogeigarren eta 30. Hatortxurocketarako asteburuko plangintza bat egitea planteatu zen, eta orduan zerbait handia behar zen, kanpalekua... Hamargarrena Lakuntzan egin zen eta dirudienagatik herriak oso ongi hartu gintuen eta hogeigarrenerako bueltatu ziren eta 30. edizioan hemen gaude berriz ere.
Auzolanean egiten den jaialdi bat da. Noiztik parte hartzen duzue?
O. Lehenengo txanda uste dut Hatortxu 20an egin nuela. Auzokoei txandak egiteko aukera iritsi zitzaigun, izena eman nuen, eta horrela hasi nintzen.
N. Nik aurretik txandak eginak nituen, baina 20. edizioan erasoetarako telefonoa jarri zen eta 21. edizioan lehenengo brigadak jarri ziren. Heldu zitzaidan brigadetan parte hartzeko aukera, eta txanda amaitzerakoan arduradunak gerturatu ziren eta lan taldean sartzeko eskaini zidaten. Lan taldean sartu nintzen, eta hemen jarraitzen dut.
O. Bai, lehenengoan esaten dizute ez zarela bileretara eta abar joan beharko, eta azkenean zenbait urte beranduago elkarrizketak egiten zaude.
Zenbat lan talde daude? Nola antolatzen da horrelako jaialdi bat?
O. Edizio normaletan hamabi lan talde izaten gara eta honetarako eskaintza berezi batzuk ematen ditugunez (kanpalekua, parkina eta abar) kopurua handitzen da eta hamasei inguru gara. Lan talde bakoitzak bere betebeharrak eta planifikazioa ditu, eta gu saiatzen gara gure inguruan txandak lotzen. Horretarako ere txanden lan taldea dago, eta horretaz arduratzen da. Edizio honetarako Euskal Herri osoan kontaktuak egiten egon dira eta herri eta hiri handiko auzoetan ere txandak egiteko aukera zabaltzen joan da.
"Hasiera batean oinarrizko lan taldeak zeuden, eta denborarekin sortzen joan dira"
N. Lan taldeak sortzen joan dira. Hasiera batean oinarrizkoenak izango ziren eta denborarekin gehiago sortu ziren: gune seguruaren lan taldea, dendako lan taldea ere duela ez hainbeste sortu zen... Hasieran segurtasuna, barra, sukaldea, eszenatokia eta koordinazioa ziren, oinarrizkoena. Baina ikusita jendeak erantzuten zuela lan taldeak eta ardurak banatzen joan dira; guztiek ardura hori guztia ez hartzeko. Lan talde pila bat dira, eta jaialdia hasteko aste bat gelditzen zenean ere taldeak sortu dira: dutxak, kanpalekuak, furgoneta kanpalekua... Lehen ez zeuden, orain sortu dira, eta talde horiek funtzionatzeko arduradunak bilatzen joan behar izan gara ere.
Erronka handia izan da?
O. 7.000 erronka, bai.
N. Erronka bada, eta txanda guztiak betetzea ez da erraza. Baina talde gehienetan badaude pertsonak arduradunen taldean edo antolakuntzan ez daudenak eta urtero errepikatu nahi izaten dute eta gurekin txanda egiten dute. Egia da gurean ere pertsona gehiago sartu direla mesedea eskatzen diegulako, eta urteko mesede horren ondoren gurekin geratu dira.
"Txanda egiteak badu zerbait engatxazen duena; polita de sortzen den giroa"
O. Txanda egiteak badu zerbait engatxatzen duena.
N. Eta polita da sortzen den giroa. Auzolanean egiten da, eta Hatortxu guztiak oso gureak sentitzen ditugu. Elkarrekin hainbeste bilera eta hainbeste denbora pasa ondoren, elkar maite dugu; familia bat gara. Anai-arrebak bezala, tarteka gure liskarrak ere ditugula. Baina gustura gaude.
O. Batzuetan maite, beste batzuetan gorroto...
Jendeak errepikatzen badu, zerbaitengatik izango da, ezta?
O. Bai; bestela ez ziren 30 edizio egingo.
Noiz hasi zineten 30. Hatortxurock prestatzen?
N. Edizio normal batean irailaren hasieran hasiko ginen lehenengo bilerak egiten eta buruan izateko Hatortxurock heltzen ari zela. Baina egia da 30. edizioa hau antolatzeko 29aren pareko hasi ginela. Lan talde batzuk burubelarri hasi ziren (eszenatokia, komunikazioa, azpiegiturak...). Erronka ederra izan dute.
JAIALDIA
Zenbat talde pasa dira Hatortxurocketik?
O. Taldeak ez dakit, baina zenbat txanda egin diren esan dezaket: 30. edizioarekin 30.000 txandalari inguru izan dira.
"Taldeekin Hatortuxren ibilbideari berari keinu bat egin nahi izan zaio"
N. Taldeei dagokionez saiatu dira ahalik eta talde gehien errepikatu ahal izatea eta Euskal Herriko eszenari toki handi bat ematea.
O. Eta Hatortxuren ibilbideari berari keinu bat egitea garaiko talde ospetsuak zirenak etortzen zirelako eta haien ahalegina eskertzeko agurraren parte izate eskaini zieten.
Talde batzuk ere oholtzara itzuliko dira.
N. Eszenatoki lan taldearen lana izan da, bereziki, baina uste dut talde batzuk nahi izan zutela Hatortxu honetan egon beraiendako Hatortxu eszenatoki garrantzitsu bat izan delako hainbat arrazoirengatik. Askotan aipatzen dute Euskal Herriko talde askorendako Hatortxu lehenengo aldiz oholtza garrantzitsu bat izan dela eta apustu potente bat egin duela euskal eszenarengatik eta tokiko esznenarengatik. Orduan, askorendako garrantzitsua izan da hasieratik toki bat izan dutelako eta bestetik jaialdiak duen ikuspegiagatik eta lan guztiagatik. Horregatik Hatortxun egotea nahi izan dute askok.
Hatortxurock jaialdia gizartearekin batera garatu da?
"Mundu guztiak izango du tartetxo bat gustuko duen kontzertu bat ikusteko"
N. Nik uste dut nabaria dela aldaketa bat ematen ari dela eta gero eta ikuspegi zabalagoa dagoela eta publikoak aukera gehiago dituela bere gustuko kontzertuez gozatzeko. Lehen agian rock estilokoa zen gehiago, baina nik uste dut ikusi dela anitzak garela eta Euskal Herria bezala kolore eta mota askotakoak garela eta horiei erantzun bat emateko geroz eta zabalagoa izan da eskaintza. Mundu guztiak izango du tartetxo bat gustuko duen kontzertu bat ikusi ahal izateko.
Azen aurreko edizioa, 29a, Atarrabian izan zen. Nola bizi izan zenuten?
O. Berezia izan zen. Oraingoan Hatortxuk agur esango du, baina 29. edizioan Atarrabiari agur esan genion eta taldean ere hori izan zen zati garrantzitsu bat. Horretaz gain, nabaritzen zen bertako azkena zela. Jendea gogotsu ibili zen, sarrerak azkar bukatu ziren; edukiera ez zen hemen bezain handia, eta jendeak oso ongi erantzun zuen.
N. Bai jendea bai antolatzaileak hunkituak geunden. Askotan aipatzen genuen: hau azken ez dakit zer da, Atarrabiako azken bilera orokorra, azken... Azkena zela eta agur sentsazio hori sumatzen zen.
O. Berezia izan zen, bai. Aurreko urtetako berdina zen, baina aldi berean bagenekien ez zela beste Hatortxurock bat izango.
Agurrerarako prest?
O. Momentuz prestaketarekin ari gara, orduan horretan zentratuta gaude.
N. Ez dakit oso kontziente garen. Aurrekoan esan genuen, muntaketa astean, momentuko lanetan pentsatzen zaude eta egia da jartzen zarela pentsatzen zenbat gelditzen den: aste bat, hiru egun gelditzen dira, bihar hasiko da... Eta bat-bateko gauza bat da. Lanean ari zara, hesiak jarri behar dira, barrak bete behar dira, ez dakit zer margotu behar da eta bat-batean eguna heltzen da eta orduan agian jabetuko gara agur hori iristen ari dela.
O. Momentuz Hatortxurocken hasieran pentsatzen ari gara, eta behin hasitan bukatuko da eta bukatzean ikusiko dugu ea zer gertatzen den.
Disfrutatzeko aukera duzue?
O. Ordutegiaren arabera, baina saiatzen gara tarte libreetan kontzerturen bat ikustera joatea. Ez da berdin laneko esparrutik ikusi edo publikoaren tokitik ikusi. Beti saiatzen gara pixka bat gerturatzen; ni behintzat saiatzen naiz. Ahaztu gabe ardurak ditugula.
N. Gure artean hitz egiten dugu ea zer kontzertu ikusi nahi ditgu eta egia da beti dagoela gozatzeko tartetxo bat eta gustuko ditugun kontzertuak edo ekitaldiez gozatzeko aukera. Libre gauden momentuetan kuadrillakoekin trago batzuk hartzeko aukera dugu.