Lakuntzako Pertzak berari buruzko dokumentala mustu du

Guaixe 2025eko irailaren 10a

Lakuntzako plaza zinema areto bihurtuta.

Ondarea jasotzeaz aparte, elkarteari buruzko historia transmisiorako bitartekoa da ikus-entzunezkoa

Lakuntzako plazan iluntzea. 21:30ean zen hitzordua, agorrilaren 15ean. Aulki mordoa, eta pantaila erraldoia. Zinema emanaldi berezia izan zen egun hartan: Sozidedie, Lakuntzako Pertza elkartearen 60 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentalarena. Hitzorduak Lakuntzako plaza bete zuen. Haur, gazte nahiz heldu, inork ez zuen elkarteari buruzko emanaldia galdu nahi izan. 

Aritz Gorostiagak egindako ikus-entzunezkoak elkartearen ibilbidea azaltzen du 90 minutuan. Horretarako, 36 pertsonari egindako elkarrizketak eta artxiboko materiala baliatu zituen. Elkarrizketatuen artean daude sei bazkide sortzaile, Aralarko erromeria sustatu zutenak edo aipatu ospakizunean Lakuntzako Pertza estreinakoz dantzatu zutenak. Gainera, agorrileko festetan eta San Saastinen elkarteak eskaintzen dituen auzateak, Lakuntzako danborrada edo piperopilak nola egiten dituzten azaltzen da. Baita Lagun Artea futbol taldearen sorrera, Aralar Txirrindularitza taldearena eta Zabalarte mendi klubarena ere.

Izaskun Andueza Imirizaldu buru zuen elkarteko aurreko zuzendaritzak sustatu zuen dokumentala. Lakuntzako Pertza elkarteko kideek nabarmendu dutenez, ikus-entzunezkoaren helburu nagusietako bat bere "kultura eta nortasun aberastasuna babestea da, eta, aldi berean, transmititzea". Horregatik, egindako elkarrizketa gehienak Lakuntzako euskaran grabatu zituzten, desagertzeko arrisku larrian dagoen euskalkian hain zuzen ere. Lana egiteko elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta Lakuntzako Udalaren dirulaguntza jaso du. 

Erlazionatuak

Lakuntzako Pertzak, 60 urte

Maider Betelu Ganboa 2024 aza 20 Lakuntza