Aspaldi egin zen adinez nagusi Lakuntzako Pertza Elkartea, baina aurten data borobila du: 60 urte. Lakuntzakoa ez da soilik elkarte gastronomiko bat, askoz gehiago da; astoa eta tripotak hartuta Aralarreko Lakuntzako Pertza erromeria, Sansaastinetako danborrada, San Saastin ermitako auzatea eta beste hainbat ekitaldi antolatzen ditu. Lakuntzarren bilgune da hiru pisuko elkarte ikusgarria, eta herriko zenbait kirol eta kultur taldek bere egoitza dute bertan. Azaroaren 16ko Bazkide Egunean bere sorreraren 60. urteurrena gogotsu ospatu zuten bazkideek, elkartea martxan jarri zuten 24 bazkideetatik bizirik geratzen diren seiak batez ere. Eurek, eta zendutako bazkide fundatzaileen senitartekoek, omenaldi beroa jaso zuten. Sei fundatzaileekin 60 urte egin dugu atzera, 1964an kokatu, eta sorrera ezagutzeko.
Sakanako lehen elkartea
Pedro itxeko Sebastian Flores, Meixterrako Juan Mari Razkin, Kaporratzeneko Felipe Andueza, Domingon itxeko Simon Razkin, Santusenako Gabriel Lazkoz eta Silvestreko Felix Arregi bazkide fundatzaileek ongi gogoratzen dituzte hasierak. Sebastian Flores izan zen elkartea egiteko ideia izan zuena. Etxeko enpresako komertziala zen, eta Gipuzkoa aldean ikusi zituen lehenengoz soziedade edo elkarte gastronomikoak, Beasainen, Ordizian... "Sakanan ez zegoen halakorik. Bestelako bilguneak bazeuden, baina elkarteak ez. Egun batean meza ondoren tabernan zerbait hartzen ari ginela, lagunei kontatu nien. Zengatik ez tuu Lakuntzen halakoon bat montatzen lagun artien gustura ioteko? galdetu nien. Montatzaun ba! erantzun zidaten. Eta horrela hasi zen dena".
Sebastian Flores: "Gipuzkoan ikusi nuen lehenengoz elkarte gastronomiko bat. Lagunei kontatuta, Hemen montatzaun! izan zen erantzuna"
Amionien
Amion etxean izan zuen elkarteak lehendabiziko egoitza. Pedro etxeko Sebastian Floresek Amion etxekoak familia zituen, lehengusuak. Sebastianek Amionekuen estarbiko zati bat eskatu zien alokairuan elkartea egiteko. Eta han jaso zuten lehen elkartea. Hasieran 20 ziren elkartea egiteko 1964. urtean elkartu zirenak, baina berehala 24 gazte bildu ziren.
Eurek egin zituzten lanak. "Estarbiari puska bat kendu genion lokala prestatzeko. Barra jarri genuen, mahaiak eta aulkiak, eta biltegi txiki bat. Sukaldea ez, ez zegoelako tokirik" gogoan du Juan Mari Razkinek. Obrako hondakinak edo eskonbroak karrora atera, "eta idirik gabe, guk karroa hartu eta Kaleren etxera eramaten genituen, hango tabernako obretako rellenorako" gogoan du Juan Marik. "Orduan indarra bazegoen, orain baino gehiago" barre egiten du Felipe Anduezak.
Bakoitzak bere ardo botila
Elkartean zer egiten zuten galdetuta, irribarre egiten dute. "Afari meriendak, eta txikitoak edatera hona etorri. Bakoitzak bere ardo botila zuen. Ardo botila hartu, eta izena jartzen genion" dio Juan Marik. "Afaldu, kopa edan, eta Boga Boga kantatu" gogoan du Simon Razkinek. "Gazteak ginen guztiak, gazteena ni. Gustura ibiltzen ginen" kontatzen du Felipe Anduezak.
Hasierako bazkide fundatzaileak gizonak ziren guztiak. "Hasieran gizonendako zen besterik" dio Juan Marik. "Larrañetako elkarte berria egiteko mugitzen hasi ginenean, emakumeek sozio sartu nahi zuten. Sartu ziren eta listo. Zonalde honetan lehendabiziko aldatu zen elkartea izan zen. Ez zen inolako arazorik egon" azaltzen du Felipek.
Orduan elkarteak ez zuen izenik. "Sozidedie hots egiten genion, edo Amionie" gogoan du Sebastianek. Bera lehen idazkaria izan zen, Primitivo Zubeldia lehen presidentea, eta Baldomero Lizarraga presidenteordea. Gabriel Lazkoz diruzain izan zen 13 urtez. "Zergatik? Diru asko omen nuen nonbait (kar-kar)". Kontuak ongi ixtea, hori zuen buruan. "Gabrielek oso ongi zaintzen zuen. Dena koadratzea, hori zen bere kezka. Eta ziur nago kontuak ez baziren ongi ateratzen bere poltsikotik dirua jarriko zuela, behin baino gehiagotan. Zintzoa zen" dio Felipek. Lan handia ematen ote zioten galdetuta, Gabrielek argi du. "Lan handirik ez".
Felipe Andueza: "1967an erromeria berreskuratu genuen: Lakuntzako Pertza"
Elkartea egiteko hasieran zenbat diru jarri zuten ez dute oroitzen. "Dirua baino, esku lana, auzolana izan zen" dio Felipek. "Hilero 300 euroko kuota pagatzen genuen" oroitzen du Juan Marik, "diru asko zen orduan". Pedro etxeko lau anaiak daude Lakuntzako Pertza elkartean dagoen 24 bazkide fundatzaileen koadroan. "Lana bagenuen; bakoitzak berea ordaintzen zuen" Sebastianek.
Lakuntzako Pertza erromeria
Elkartea zabaldu eta 3 urtetara Lakuntzako Pertza erromeria antolatu zuten lehenengoz elkartekoek, "1967 urtean egin genuen lehena, eta hortik aurrera urtero egin dugu, ez dugu inoiz huts egin" diote fundatzaileek. Aurretik Lakuntzan San Migelera egiten zen erromeria berreskuratu zuten. "Asulbizio izena zuen. Lakuntzarrak Aralarrera joaten ziren erromerian, eta astoak puska eramaten zuen" dio Simonek. "Gurasoei entzuten nien Asulbiziotan joaten zirela, baina gu gazte ginela erromeria hori galduta zegoen" gogoan du Felipek. Aspaldiko kontua edo istorioa zen astoari Asulbiziotan gertatutakoa. "Astoa malkorrean, irristatu, eta astoa erori zen, tripotekin. Uharteko errotaria inguruetan omen zegoen, eta tripotak begia izorratu zion. Ordutik astoa erori zen dermioari Lakuntzako Pertza izena jarri zioten" kontatzen du Juan Marik.
Lakuntzarrei burla asko egiten zieten horregatik. "Ze fin ein zuben Lakuntzeko Pertzak? galdetzen ziguten, burlaz. Eta guk erantzuten genien: "hire aittek eta amak ein zubiena" gogoan du Simonek.
1967an erromeria berreskuratu zuten. "Urte hartan Luis Igeltz apaiza etorri zen, eta baita Moxkaan etxeko Andres Ignacio Lanz, Ameriketan misiolari zebilena. Erromeria berriro egiteko haiek mugitu ziguten. Eta han joan ginen gazte guztiak, beraiekin eta Sesmako Martinen astoarekin San Migelera. Hori izan zen Lakuntzako Pertza erromeria egin genuen lehendabiziko urtea" dio Simonek. "Horrezkero, urtero igo gara ona edo txarra egin" Felipek. "Hasieran bakoitzak bere puska ematen zuen eta Guardetxen jaten genuen, baina gero jendea kuadrillan edo familian elkartzen hasi zen; bazkaldu eta gero oinez jaisten ginen" gaineratu du.
Ordurako elkarteak Lakuntzako Pertza izena hartua zuen. "Seguru Sebastian izango zela izena proposatu zuena. Berak mugitzen zuen dena. Guk baino mundu gehiago zuen. Gainontzekoei oso ongi iruditu zitzaigun" dio Felipek. 1967. urtean ere ofizialki mustu zuten Lakuntzako Pertza elkartea.
Larrañeta kaleko elkarte berria
Denborarekin jende gehiagok sartu nahi zuen elkartera, eta txiki geratu zen. "Beste zortzi-hamar lagun sartu ziren bazkide, baina jende gehiagok sartu nahi zuen, eta han ez zegoen lekurik. Elkarte handiago bat egiteko beharra ikusi zen" kontatzen du Felipek. Lur sailak begiratzen hasita, Larrañeta kalean itxita zegoen eta putzua zuen baratze eder bat zegoen. "Uniyeneko baratzea zen, karterue eta almiante zenarena. Toki oso ona zen. Elkartea egiteko zenez, prezio onean saldu ziguten. Toki berezia zen, eta gaur ere hala izaten segitzen du" gaineratzen du.
Baratzea erosi, eta han jaso zuten elkarte berria. 1976an salerosketa eskriturak egin ziren, eta planoak ere urte horretakoak dira. 1977an elektrizitatea jartzeko paperak aurkeztu ziren. Lizarragako Hermanos Luis y Goikoecheak egin zituen obrak. Lanak azkartu egin behar izan zituzten, Amio etxekoek ordura arte elkartearen egoitza zena behar zutelako. Elkarte berria 1977 urtean mustu zuten. "Idiekin eta karroan ekarri nituen Amioneko elkarte zaharreko gauzak elkarte berrira" gogoan du Felix Arregik. "Ilusio handia izan zen garai haietan elkarte berria egitea. Hau herri koxkor bat zen, eta halako elkartea..." Felipek.
Egungo Lakuntzako Pertza
Ordutik, hainbat eraldaketa izan ditu Lakuntzako Pertza elkarteak. 1995-1996 urtean egin zen lehen obra handia, baina elkarteak bazkide asko zituenez –praktikan herritar gehienak dira bazkide– berriro txiki geratu zen. 2010-2011 urtean egin zen azken handitzea edo zaharberritzea. Ordura arte lorategia zen eremua hartu, eta elkarteari espazio hori guztia batu zitzaion. Egun, hiru solairu ditu elkarteak, igogailuarekin, sukalde erraldoia, bi barra, sotoa eta elkarteko eta herriko kolektiboendako bulegoak. Urte luze horietan danborrada eta bestelako ekimenak sortu ziren, baina hori beste historia bat da.
Egungo elkartea "ikusgarria" iruditzen zaie fundatzaileei. "Lokal elegantea da, ilusio handia ematen dit" dio Juan Marik. "Poza, harrotasuna, edertasuna... Herriarendako gauza ona da" uste du Felipek. "Elegantea da. Urte hauetan bazkideak elkartea berritzera eta egokitzera animatu dira, eta hori ere eskertzekoa da" gaineratu du Sebastianek.
Dokumentala eta omenaldia
Elkartearen historia dokumental batean jasoko da. Dokumentalaren hasierako zatian bazkide fundatzaileek parte hartu dute. Hori da momentuz grabatu dena. Eurek eta gainontzeko fundatzaileen senitartekoek merezitako omenaldia jaso zuten azaroaren 16an.