Lurralde Kohesiorako kontseilariak behin betiko onartu du Lakuntzako Hirigintza Planaren aldaketa. Sakana Group kooperatibak eskatu zuen aldaketa, lantegia handitu ahal izateko. Aldaketak 25.917,07 m2-ko azalerako lursaila hartzen du. Kooperatibak bertan, gehienez, 15.000 m2 eraikitzeko aukera izanen du, eta eraikinen gehienezko altuera 12 metrokoa izanen da.

Enpresa Arbizu aldera handituko da. Bi udalerrien arteko mugan 3.746,34 m²-ko azalera izanen duen espazio publiko gisa planifikatuta dago, eta parke zuhaiztu gisa diseinatu da, oinezkoendako eta bizikletendako bide bat izanen duena, zeinak NA-2410 errepidea eta industrialdeko kalea lotuko baititu. Bidea 350 metro luze izanen da gutxi gorabehera eta gutxienez 3 metroko zabalera. Bide tarte horren erdia baino gehiago industrialdearen itxiturarekin mugakidea izanen da. Bertako zuhaitz eta zuhaixken landaketa mistoa egitea aurreikusten da, dentsitate handia izanen du, ikusizko hesia eginen du.