Urriaren 10ean 2025/2026 denboraldiko futbol taldeen aurkezpena egin zuen Lagun Artea Kirol Elkarteak Zelai Berrin. Urtetik urtera zenbakiak handitzen doaz. Iaz 170 futbolari inguru trebatu ziren Lakuntzako klubean, eta aurten 201 dira. Haiei entrenatzaileak, juntako kideak eta beste gehituta, talde ederra dago lanean Lakuntzan futbolaren inguruan. Datorren denboraldirako, gainera, nobedade garrantzitsua izango dute: Zelai Berri zelai natural izatetik zelai artifiziala izatera pasako da, horrek ekarriko duen iraultzarekin.
Aitor Goikoetxeak bigarren denboraldia du Lagun Arteako futbol koordinatzaile gisa. Berrikuntzak daude. Aurten benjaminen futbol taldea dute lehenengoz, futbol 8koa. "Kirol ikuspegitik garrantzitsua da. Areto futboletik futbol zelairako trantsizio hori lehenago egiteko joera dago, eta aurten beste klubekin batera salto hori egitera animatu gara" adierazi du Goikoetxeak. Benjamin taldearekin batera, kimuen mailan bi talde ditu Lagun Arteak, infantilen mailan beste bi, kadeteena, juniorrena, erregional mailakoa eta futbol inklusibokoa, Osasunako Genuine Ligan jokatzen duena. Guztira, hamar talde. Pozik egoteko hamaika arrazoi, baina nesken taldea atera ez izanarena, "pena handia".
Neskena, ea hurrengoan
Lagun Arteak denboraldi honetarako nesken taldea ateratzeko nahia zuen. "Sei-zazpi urtez nesken taldeak entrenatzetik nator, eta joan zen denboraldian hasieratik jarri zen mahai gainean taldea ateratzeko beharra. Horrela, denboraldian barna neskendako entrenamendu saioak egin genituen. Eguberrrietan, Aste Santuan... Bizpahiru hilabetero elkartzen ginen, eta entrenamendu horiek harrera ona zuten; hamalau-hamasei... neska biltzen ziren, gehienak Lakuntzakoak eta ondoko herrietakoak". Horietako bizpahiruk beste futbol eta areto futbol taldeetan jokatzen zutela azaldu du futbol koordinatzaileak. "Ekainean azkeneko entrenamenduak egin genituen, eta nahikotxo geundela ikusita, taldea sortzeko pausoa ematea nahi genuen, fitxak egiten hasi, ekipazioak eskatu... baina orduan zalantzak hasi ziren, eta zenbait neskek ez zuten pausoa eman. Neska gehiago animatzen eta erakartzen saiatu ginen, baina ez da erraza. Hamahiru-hamalau neskekin geratu ginen, eta futbol 11 txapelketa batean kopuru horrekin ezin duzu aurrera egin, denboraldian barna lesioak, gaixotasunak edo mila gauza tarteko, oso motz delako. Penarekin utzi behar izan genuen egitasmoa, pena izugarriarekin". Nolanahi ere, nesken taldea sortzeko ahaleginetan segituko dute.
Erregionala, gaztetuta
Erregional mailako Lagun Artea taldearen helburuaz galdetuta, goitik behera busti da Aitor Goikoetxea. "Batzuetan bai ala ez hitz egiten dugu, ez ala bai... ez dugu batere garbi hitz egiten. Busti beharra dugu: aurten egin den apustuarekin, Lagun Artea igoera fasea jokatzeko postuetan ikusten dut".
Batetik, jubenil mailatik futbolari berriak igo dira, eta taldea pixka bat berritu da. "Gazte asko igo dira, eta taldeari bultzada eman diote. Hori ikusten ari gara ligako lehendabiziko partida hauetan. Agian aurre denboraldia ez zen oso ona izan eta zalantzak sortu ziren, baina liga hasita, Lagun Artea ligako igoera faseko postuen borrokan sartzen ikusten dut. Maila ona ematen ari dira. Aurkariak ez dira gu baino gehiago, eta taldeak jokoaren erritmoari mantentzen dio, ez du bigarren zatian behera egiten. Itxaropena ematen du" argi du.

Goikoetxeak taldea gustuko duela nabarmena da. "Gustatzen zait. Kanpotik ikusita talde batek jokoan zer transmitizen duen, asko erreparatzen diot horri. Talde honek gogoa eta intentsitatea transmititzen ditu, erritmoa du, zer egin nahi duen argi du... Lagun Artea erregionalak hori guztia transmititzen duela uste dut".
Joan zen urteko entrenatzaile berberek jarraitzen dute aurten, Santi Suarez del Cerro eta Ander Eguillor Artola iruindarrak. "Serio hartzen dute. Kapitainekin hitz egin dut, eta gustura daude. Aldagela oso sanoa da, eta pozik dago".
Joan zen urtean Adur Kanpo Flores atezainak lesio larria izan zuen, eta oraindik ez da osatu. 2026an bueltatzea zen asmoa, baina Osasunan fisioterapeuta gisa lanean hasi da, hala egin diote fitxa, eta horrek jokalari gisa itzuli ahal izatea asko zailtzen du. Jose David Ramos da egungo atezaina. "Jubeniletatik erregionalera igo den jokalari bat atezain gisa aritu zen iaz jubenilekin, euren atezainak Adur Kanporen lesio berbera izan zuelako eta hura ordezkatu zuelako. Beraz, aurten bera da gure bigarren entrenatzailea. Horretaz gain, jubeniletan hiru atezain ditugu, eta atezainen postua horren espezifikoa denez eta atezainak bilatzea horren zaila denez, hirurak atezain mantendu nahi ditugu, uneren batean erregionalean behar badira gora igotzeko aukera dugulako. Babes handia da".
Harrobiaren helburuak
Harrobiko gainontzeko taldeei dagokienez, oro har txikienetatik hasita futbolariak trebatzea da nahia, futbolariek ongi pasatzea, disfrutatzea, eta talde bat osatzea, horrek dakarren guztiarekin. Nolanahi ere, talde bakoitzak bere berezitasunak ditu. Jubenilak joan zen urtean bigarren mailatik lehen mailara igotzear izan ziren, baina igoera faseko azken partidan erori ziren. "Pena, lehen mailara igo behar ginela zirudienean azkeneko partidan ez genuen maila eman eta Doneztebe igo zen. Beraz, bigarren mailan jarraitzen dugu. Jubenilen taldeak erregionalera igo diren jokalariak galdu ditu, baina iaz kadeteen lehen mailara igo ziren jokalari asko igo dira jubeniletara. Beraz, jubeniletan aurten elkartu den taldea ederra da, eta ongi hasi dira. Asko lehen urtekoak dira, baina mailaz igotzeko borroka horretan sartuta ibiliko direlakoan nago".
Mailaz igo eta gero, kadeteak preferente lehen mailan lehiatzen ari dira. "Exigentzia handiagoa da, maila handiago batean ari direlako. Kategorian mantentzea, hori litzateke helburua". Infantilen mailako bi taldeak ongi hasi direla gaineratzen du Goikoetxeak. "Talde batek hamazazpi jokalari ditu eta hamasei besteak, eta txukun hasi dira". Kimuen bi taldeek urriko bigarren asteburuan hasi zuten liga, eta benjaminek asteburuan izan zuten ligako lehen partida. "Beraz, denak martxan".
Talde inklusiboaz harro
Aurten bigarren denboraldiari ekingo dio Osasuna Genuine Ligan aritzen den Lagun Artea talde inklusiboak. Urrian hasi ziren entrenatzen eta badirudi azaroan hasiko direla partidak. Hamabi taldek parte hartuko dute Osasuna Genuine Ligan, sei Erriberako multzoan eta beste sei Iruñea eta ingurukoenean, tartean Lagun Artea. "Taldean oso harro sentitzen gara beraiek gure parte direlako. Horrek, modu batean, Lagun Arteari zentzua ematen dio, inklusioaren aldetik, gure klubean gaitasun bereziak dituen edonork futbola lantzeko aukera duelako. Aurten kide berriak batu dira taldera. Beraiek oso pozik daude, eta gu beraiekin, noski".

Asmo berriak
Aitor Goikoetxea "oso gustura" dago Lagun Artean. "Joan zen urtean aipatu nuen nolako familia topatu nuen bertan, eta berdin jarraitzen du, denak laguntzeko prest. Zuzendaritza batzordearen aldetik denak hor daude, egunero lanean, bakoitza bere ekintzetan. Gurasoen aldetik jarrera ona, beti laguntzeko prestu. Itxesaldeko zelaia markatu, aldagelak garbitzeko eta barra egiteko txandak egiten dituzte, antolatzen ditugun torneoetan sukaldean edo tabernan lan egitera etortzen dira... inplikazioa erabatekoa da, ez dakit nola eskertu ere. Beraz, oso gustura nago, jarraitzeko prest". Asmo berriak dituzte, tartean jokalariei, entrenatzaileei eta gurasoei zuzendutako hitzaldiak, futbolari edo adintxikikoen babesari begira, "haurrei ibilbide honetan laguntzeko".
Junta
Lagun Arteako juntan Javier Hernandezek jarraitzen du lehendakari. Xabi Lizarraga lehendakariordea da, Ainhoa Etxarri idazkaria eta Josu Arraiza diruzaina. Javier Andueza, Gonzalo Gomez, Miren Iriarte, Joxe Agirre, Joan Mumbru eta Egoitz Arraiza bokalak dira.
Belar naturalari eta Itxesalderi, agur
Aurten Zelai Berriko belar naturalari agur esango dio Lagun Arteak. Lakuntzako Udalak herri galdeketa egin zuen, eta herriak baiezkoa eman zion belar naturala belar artifizialarengatik aldatzeko eskaerari. Une honetan lanak ematear dago Udala, eta lanak egiteko 2026ko irailera arteko epea dago. Horrek goitik behera aldatuko du klubaren egunerokotasuna. Talde guztiek entrenamenduak bertan egingo dituzte, eta partida guztiak bertan jokatuko dira. "Kirol ikuspegitik hobe izango da: guztia Zelai Berrin zentralizatuko dugu, dena ordenatuagoa izango dugu, entrenamenduak aberatsagoak izango dira...".
Juntako mantenu arduradunendako, zer esanik ez. Belar naturaleko zelaiak mantenu lan handia eskatzen du, belar artifizialarekin izugarri erraztuko zaiena, "bereziki horrenbeste urtez zelaia zaintzen ari diren Javier Anduezari eta Egoitz Arraizari". Itxesalde ahaztu gabe. Nahiz eta hareazko zelaia izan, badu bere mantenu lana, gurasoek txandaka egiten dutena. "Zelai berriarekin, beraiendako ere aldaketa izango da".

Itxesalde uzteak nolabaiteko pena emango die, ordea, taldearen gotorlekua baita, "tenplua". Hareazko zelaia denez, Lagun Arteak goitik behera ezagutzen du, eta horrek nolabaiteko abantaila ematen dio etxean jokatzen duenean. Belar artifizialarekin, hori galduko da. "Partida guztien datuak eta erregistroak gordetzen ditugu, eta estatistikek garbi erakusten dute Itxesalden datu onak ditugula, gure aldeko tenplua dela. Gu bertan jokatzera ohituta gaude, badakigu baloiak non egiten du botea. Aurkaria, aldiz, desesperazio batean sartzen da eta hori guri ongi doakigu, garbi esan behar da. Nolanahi ere, Zelai Berriko belar artifizialak egunerokoan asko lagunduko digu, eta gogoa badugu".