Astekaria

"Sakanako umeek badute futbola, gogoa, intentsitatea eta grina"

Guaixe 2025ko urr. 30a, 10:30

Aitor Goikoetxea, Zelai Berriko harmailatan.

Aitor Goikoetxea Laugun Arteako futbol koordinatzailea eta Osasunako Iparraldeko kluben ikuskatzailea da 

Lakuntzako Lagun Artea Kirol Elkarteko futbol koordinatzaile izateaz gain, Osasunako Iparraldeko kluben ikuskatzailea da Aitor Goikoetxea

Osasunako ikuskatzaile izaten jarraitzen duzu?
Bai, Osasunak hitzarmenak dituen Nafarroako Iparraldeko kluben arduraduna naiz. Altsasu, Etxarri Aranatz, Lagun Artea, Beti Kozkor, Leitza, Doneztebe... eta Osasunarekin hitzarmena duten taldeetako benjaminekin eta kimuekin teknifikazio saioak egiten ditugu. Begirale edo arduradun nago, gustura.

Sakanan nolako futbolariak ditugu?
Onak. Egia da Osasunak gure ibarrak pixka bat baztertuta izan dituela; urte askotan ez zuten hona asko begiratu. Hirugarren denboraldia egingo dut Nafarroako Iparraldeko arduradun, eta poliki gure jokalariak sartzen bagoaz. Taxoarera eramaten ditugunean ikus dezatela gure bailaratan badaudela futbola duten umeak. Gauza bat argi dut: beste umeekin alderatuta, gure umeek intentsitatea dute. Ez dakit gure nortasunarekin doan zerbait den, edo herrikoak garelako, ez dakit zergatik den, baina nik batzuetan grina hori nabaritzen diet, gogo hori. Gure bailaretako umetxoek badute futbola, badute gogoa, intentsitatea eta grina hori, eta normala den bezala, noizbait Osasunako jokalariak izateko amets hori. Eta amets hori ezin zaie kendu. 

lldo honetan, Itxesalde edo Etxarriko hareazko futbol zelaiak datozkit burura. Bertan jokatu behar izateak, nolabait, gogo edo intentsitate gehiagorekin aritzera  behartzen du. Batetik pena pixka bat hartuko dugu Itxesalde uzten dugunean. Entzuna dut aspaldi Mendilibar hitzaldi bat ematera etorri zela eta esan zuela "zelai hau uztea ezta okurritu ere. Hau beti mantendu behar duzue".  Berak bazekien halako zelaiek jokalariei beste izaera hori ematen dietela, agian zelai artifizialekin pixka bat galtzen dena.

Lagun Artearekin torneo ugari antolatu dituzue Zelai Berrin. Bide beretik jarraituko duzue?
Denboraldiaurrean emakumezkoen lehen mailako Osasunak, Realak eta Eibarrek triangeluarra jokatu zuten eta gizonezkoen Osasuna Promesasek eta Mutilverak lagunartekoa. Zelaia eskatu ziguten, belar naturaleko zelaiak topatzea ez delako erraza. Bestalde, irailean kimuen eta benjaminen torneoa antolatu genuen; haurren mailakoa ekainean izan zen. Aurten bide horretatik segitu nahi dugu.