Aiaupenanik, a ze danborrada!

Guaixe 2026ko urtarrilaren 20a

Lakuntzako Pertza elkarteak Aiaupenanik euskara taldeari eman zion ohorezko txanoa.

Adur Kanpok maisuki gidatzen duen danborrada gauerdian punttu-punttuan hasi zen, Sansaastin Martxarekin. Segidan bestelako doinu ezagunekin. Lakuntzako abesbatzaren eta Ozarki txarangaren laguntza izan zuen oholtzan. Danborjole ugari, ikusle asko eta giro ederra bizi izan zen Lakuntzako plaza koloretsuan. Hasi baino lehen, osasun arazoez osatze bidean dauden lakuntzarrak izan zituzten gogoan, Irati eta Agustin tartean.

Lakuntzako Pertza elkartearen ohorezko txanoaren ekitaldia iritsi zen berehala. "Zorionez, Lakuntzan badugu ohorezko txanoa merezi duen geroz eta jende gehiago, eta hori pozgarria da. Aurten Aiaupenanik euskara taldeari emango diogu. 90eko hamarkadan jaio zen, etenaldi txiki bat izan zuen, berriro hasi zen lanean, eta helburu nagusienetakoa euskara sustatzea da, eta orain, Lakuntzako euskara" azaldu zuen Kanpok. Taldearen sortzaileetako batek, Maria Luisa Razkinek, jantzi zuen txanoa, Aitor Hernaiz elkarteko presidentearen eskutik, inguruan taldeko kide guztiak zituela. Ainara Lopetegik txanoa jasotzea ohore handia zela, eta eskerrak emateaz gain, lakuntzarrak euskaraz hitz egiten jarraitzera animatu zituen.