Futbola

Nafarroa vs Katalunia

Guaixe 2026ko otsailaren 12a

Unai Zubiria, beheko ilaran, erdian, Nafarroako selekzioko gainontzeko taldekideekin. NAFARROAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Nafarroako afizionatuen selekzioak Katalunia izango du aurkari UEFA-ko Erregioen Kopako azken faseko finalerdietan

Nafarroako afizionatuen futbol selekzioak badaki nor izango duen lehendabiziko aurkaria UEFA-ko Erregioen Kopako azken fasean. Finalerdietan, Nafarroak Katalunia izango du aurkari otsailaren 27an, 19:30ean jokatuko den norgehiagokan. Aldaketak egon dira eta azken fasea Terrassako Estadi Olimpic-en jokatuko da, Las Rozasen ordez. 

Nafarroa lehenengo aldiz sailkatu da UEFA-ko Erregioen Kopako azken faserako. Arerioa, Katalunia, ez da nolanahikoa. Multzoen fasean Valentzia, Madril eta Aragon jokoz kanpo uztetik dator, faboritoa da eta, gainera, etxean jokatzen du. “Maila handiko partida prestatuko dugu, orain arte landutakoaren bidetik. Ilusioz eta anbiziotsu jokatuko dugu, historia egiten jarraitzeko prest” azaldu du Nafarroako afizionatuen selekzioko hautatzaile Jaime Sanchezek. 

Beste finalerdian Galiziak Kanariar Irlak izango ditu aurkari. Partida otsailaren 27an jokatuko da, 16:00etan, Terrassan.

Bi finalistek final handia martxoaren 1ean jokatuko dute, 12:00etan. Txapeldunak sari bikaina lortuko du, UEFA-ko Erregioen Kopan jokatzea, Europako beste selekzioekin. 

Erlazionatuak