Lakuntzan aurten kinto ospakizunak otsailaren 16 eta 17an, astelehen eta asteartean, dira. Aurtengo kintada hamazazpi gaztek osatzen dute: Olaia Razkin Jimenez, Saioa Uzkudun Miranda, Idoia Miranda Martinez, Luca Martines Los Santos, Iker Eskudero Gomez, Iraide Betelu Bakaikoa, Ion Soto Maiza, Iker Alegria Iglesias, Izadi Razkin Ruiz, Laida Garziandia Pazos, Izaro Arkauz Lazkano, Miren Fernandez Gomez, Beñat Ganboa Lanas, Julen Larraza Salinas, Ekain Ramajo Bodego, Alain Berastegi Albizu eta Oihan Aldabe Salinas. Urtero moduan, kintoekin batera kinto gazteak egonen dira. Haiek 18 dira, beraz, guztira 35 gazte izan dira parrandan dabiltzanak. Kintoek behar den guztia antolatzeaz arduratzen dira. Kinto gazteen egiteko gutxietako bat da enpresetan dirua eskatuz kartak banatzea.
Baserritarrez jantzi eta kalera atera dira, kinto eskea egitera. Trikitilariak eta panderojoleak dituzte aldamenean ospakizun egunetan. Haien doinura dantzatuko dute enpresetan edo herrian barna kinto eskean dabiltzala. Hamabitakoa elkartean prestatzen gurasoek laguntzen diete. Bazkari-afariak herriko tabernetan egiten dituzte, "herriko merkataritza pixka bat sustatzeko". Kinto lakuntzarrak badakite zer den herriaren aurrean agertzea, Sansaastin festetan, patroiaren egunean Alkate dantza dantzatu zuten. Hilabeteko entseguen ondoren ongi atera zela azaldu dute gazteek. Kintoak kinto gazteen irakasleak izan ziren. Agorrilean Lakuntzako pertza dantza dantzatuko dute Aralarko aterpearen pareko plazan. Orduan Biltoki gazte elkartearen izenean ariko dira. Hala ere, garagarrilaren hasieran, atzera ere, kinto ospakizunak izanen dituzte. Garai horretan herri guztiko kintaden eguna ospatzen baita Lakuntzan.