Martxoak 8, Emakumearen Eguna, aldarrikapen eta aitortza eguna izan zen Lakuntzan. Lakuntzako Udalak eta Lakuntzako talde feministak emakume izena jarri zioten Uriz kale parean dagoen plazatxoari: Elvira Turumbay Sainz plaza. "Elvira Turumbayk bizitzak mundura ekartzeko ezinbesteko lana egin zuen. Emakumeen osasun erreproduktiboan funtsezko figura izan zen, eta bere lan isilari esker ehunka eta ehunka emakumeren ondoan egon zen" azaldu zuen Oihane Uribeetxeberria Garmendia alkateak. Lakuntzako azken emagina izandakoari aitortza egiteaz gain, "historian zehar ikusezin geratu diren emakume guztien lana ekartzen dugu argira: etxeetan, erditzeetan, zaintzan eta komunitatea eusten belaunaldiz belaunaldi bizitza zaindu duten emakumeena" gaineratu zuen.
Lakuntzarrek ez zuten ekitaldi xume bezain polita galdu nahi izan. Tartean zegoen Elvira Turumbayk Jose Cruz Zubeldia Goñirekin izandako zazpi seme-alabetatik bizirik geratzen den bakarra, Euxebi Zubeldia Turumbay, eta gainontzeko senitartekoak.
Biografia
Oihane Uribeetxeberriak Elvira Turumbay Sainzen biografia ekarri zuen gogora. Elvira 1892ko urtarrilaren 25ean jaio zen Lakuntzako Emañenean. Zortzi anai-arrebekin batera hazi zen, garai hartako familia xume batean. 1919ko ekainaren 4an Jose Cruz Zubeldia Goñirekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Emagintzarako bokazioa etxetik zetorkion Elvirari; ama, amona eta birramona emagin arituak izan ziren, eta bertan ikasi zuen. "Belaunaldiz-belaunaldi transmititutako jakintza praktikoa zen hura. Baina garaiko legeak titulazioa eskatzen hasi zirenean, bere amak ondorio gogorrak pairatu zituen: 14 erditze artatu ondoren salatua izan zen, eta bi epaiketaren ostean hiru urteko atxiloaldira zigortu zuten".
Turumbayk emagin izateko titulu ofiziala atera zuen 1929an Iruñean eta Zaragozan. 1.500 erditze inguru artatu zituen"
Egoera hark mugarri bat ezarri zuen familian. Egoeraren aurrean, herriko medikuak Elvirari titulua modu ofizialean ateratzeko proposamena egin zion, "amari laguntzeko eta lanbidea legez babesteko". Horrela, 33 urte zituela ekin zion ikasketei. Iruñean eta Zaragozan egin zituen, urte eta erdiz, eta 1929ko uztailaren 9an sinatu zen bere titulua". Emañenean harrotasunez gordetzen dute titulu hori.
Elvirak 1929an hartu zuen kargua, eta Lakuntza, Arbizu eta Arruazuko emagin titular izan zen. 1952 Nafarroako Gidan Nafarroako emaginen zerrendan ageri da bere izena, ofizialki aitortua. "Hala ere, 1952ra arte ez zuen behar bezala kobratu zegokion soldata, hilean 500 pezeta kobratzea bazegokion ere. Horren aurrean, herriekin akordioa egin zuen: 25 pezeta erditzeko titular zen herrietan, eta 50 gainerakoetan. Familiek zerbitzuak ordaintzerik ez zutenean, galderarik egin gabe joaten zitzaien Elbira. Zeukatena pagatuko zuten, baldin bazeukaten".
1.500 erditze, eta euskara
Elvira Turumbayk 1500 erditze inguru artatu zituen. Lakuntzaz gain, Arbizu, Arruazu, Uharte Arakil (12 kasu dokumentatu), Irañeta (2), Unanu (10), Dorrao (2), Etxarri Aranatz (4) eta Lizarragabengoara (2) joan zen.
Emagin lanaz gain, euskararen eta herri jakintzaren gordailu ere izan zen. "Bere ahotik jaso ziren Lakuntzako euskararen hitzak eta egiturak, belaunaldi berrientzat gordeta". Ekaitz Santazilia filologoak jaso duenez, "Resurreccion Maria Azkue, Euskaltzaindiko lehen presidentea izan zena, Lakuntzan izan zen 1930eko hamarkadan, Euskalerriaren Yakintza lan etnografiko erraldoia osatzeko kantuak, ohiturak, dantzak, jostaketak eta esaerak biltzen. Elbirari kukuka jostatzeko formula bat jaso zion. Hamarkada batzuk geroago, Ana M.ª Etxaide hizkuntzalariak ere emagina galdekatu zuen El Euskera en Navarra: Encuestas Lingüísticas (1965-1967) lanerako, Lakuntzako euskararen ordezkari. 1975eko urriaren 15ean hil zen Lakuntzan, 83 urte zituela.
Oihane Uribeetxeberria: "Elvirari eta herria zaintzen duten emakume guztiei aitortza da"
Memoria egin
Plazari Elvira Turumbay izena jartzea "keinu garrantzitsua" da Lakuntzako Udalarendako. "Emakumeen izenak plaza, kale eta espazio publikoetara ekartzea memoria egitea delako. Eta etorkizunari begira haien izenak gordetzeko".
Egun gizonezkoen eta emakumezkoen artean "arrakala handiak" daudela ekarri zuen gogora alkateak. "Soldatetan, zaintzaren banaketan eta baita emakumeen gorputza eta osasuna tratatzeko moduan ere". Lakuntzako mugimendu feministaren izenean Arantxa Ibargoienek aurtengo Martxoaren 8ko manifestua irakurri zuen.
"Elvirak bizitza ekartzen lagundu zuen; gaur, gure herriak bere izena ekartzen du plazara, harrotasunez eta esker onez; zaintza eta komunitatearen garrantzia nabarmendu nahi dugu. Elvirarendako, eta bera bezala herria zaindu eta zaintzen dugun emakume guztiei aitortza adierazi nahi diegu".
Aurreskuak, lore eskaintzak eta auzateak borobildu zuten Elvira Turumbayren eta herria egin duten emakumeen aldeko aitortza ekitaldiak. Puri Garziandia bilobak familia guztiaren esker ona azaldu zuen. "Eskerrik asko Udalari eta iragana eta oraina lotzen dituen keinu sinboliko hau posible egin duzuen guztiei".
Uriz kaleko plazaz gain, udal liburutegiaren txoko batek bere izena hartu du
Turumbayren itzala liburutegira iritsi da
Elvira Turumbayren aitortza ez da plazara mugatu. Udal Liburutegiaren txoko batek bere izena hartu du. Bere argazkia eta sinadura biltzen dituen kartela, eta Turumbayren biografiaren berri labur ematen dituen kartelek seinaleztatzen dute txokoa. Eta bere ondoan emakumezko erreferenteei buruzko liburuak izanen dira aurrerantzean.