Elvira Turumbay Sainz emaginaren plaza mustutzea, "poz handia" izan da familiarendako. Guztien izenean Puri Garziandia Zubeldiak esker oneko hitzak izan zituen Lakuntzako Udalarendako eta ekitaldira hurbildutako lakuntzarrendako.
Urte luzez Lakuntzako emagina izandako Elvira Turumbay zure amiñe ezagutu al zenuen?
Bai, amiñe ezagutu nuen. Nik 14 urte nituenean hil zen. Gogoratzen naiz fede handiko emakumea zela. Beti egoten zen besteei laguntzeko prest; laguntzeko bokazioa zuen. Oso emakume xumea zen, eta oso jakintsua. Emakume ona. Berarekin batera, Jose Cruz Zubeldia Goñi aittuneren papera azpimarratu nahiko nuke. Amiñeren etxera jende pila bat joaten zen laguntza eske, aholku eske, erremedioen bila... eta ikusten dut aittune ere gizon handia zela, garai haietan amiñeri bere tokia uzten ziolako. Garai haietan, bere lana eta tokia errespetatzen zizkion.
Emañenean beti jendea Elvirarengatik galdezka.
Bai, emagina zenez, edozein ordutan deitzen zuten eta amiñek joan beharra zuen. Ez dakit nor erditzear zela... gure amiñe hara, oinez edo mando gainean. Berdin zitzaion ordua. Behin alaba baten ezkontza utzi egin behar izan zuen, erditze batera laguntzera joateko; handik entzun omen zituen eztei ondorengo suziriak.
Euxebi zure amak eta beste seme-alabek laguntzen zuten?
Emagintza lanetan, berez, ez. Baina etxera laguntza eske etortzen zirenak ikusten zituzten; horrenbeste jende zen... Lakuntzako Udalak aspalditik pentsatua zuen plazatxo hau mustutzea, eta pena da osaba Gregorio, Primi... jada gurekin ez egotea, amiñeren inguruko kontu asko baitzekizkiten, eta plaza ikusteko ilusioa. Amak 98 urte dauzka; burua oso ongi du, baina gaurko eguna berarendako oso hunkigarria da; amiñeren inguruko gauzak une honetan ez zaizkio ateratzen. Baina mustutzera etorri nahi zuen, hori oso argi zuen.
Senitartekoek plaza eta omenaldia asko eskertzen duzuela esan duzue.
Lakuntzako Udala eta omenaldi hau posible egin duten guztiei zinez eskertzen diegu, benetan, familia guztiaren izenean, guretako ohore bat delako plaza honek amiñeren izena izatea, emakumeei eta besteei, urkoei laguntzeko izan zuen bokazioaren aitorpen gisa. Omenaldi honek, bere oroimena eta zerbitzu bokazioa ohoratzeaz gain, emakumeek izan zuten funtsezko papera azpimarratzen du. Garai haietan prestakuntzak eta lanbide batean aritzeak ahalegina, ausardia eta erabakitasuna eskatzen zuen, eta horregatik aitortza hau gure bizitzan aztarna utzi zuten eta uzten duten emakume eta pertsona guztientzat ere bada; hala uste dugu. Egun berezia da familia guztiarendako.
"Familiarendako ohore bat da plaza honek Elvira Turumbay izena izatea"
Gainera, Martxoak 8 Emakumearen Egunak bat egin du Elvira Turumbay Sainz plazaren mustutzean.
Bai, oso aproposa. Pentsa ezazu garai haiek zer ziren emakumeendako. Emakumeek etxean egin behar zuten dena: umeak izan, lana egin, bizi... nire ustez paper handi-handia zuten emakumeek. Isil-isilean badaude pertsona batzuk lan pila bat egiten dutenak, eta amiñe horietako bat zen.
Lakuntza, Arbizu eta Arruazuko emagin titularra izan zen: 1.500 haur mundura ekartzen lagundu zuen. Datuak oso deigarriak dira.
Unanura joaten zen ere bai. Eta Guardetxera. Bakarrik igotzen zen Guardetxera, aittuneren botinak jantzita, behin bere bosgarren umeaz erditu eta 20 egunera. Eta zenbat ijito etortzen ziren etxera bere laguntza eskatzera? Amiñe beraiekin joaten zen laguntzera; agian ez zuten dirurik ordaintzeko eta bestelako gauzak ematen zizkioten. Esan dezaket amiñe mundu guztiak asko maite zuela eta emakume bat zerbitzurako zela: zerbitzu bokazioa zuen. Denetarako. Emagina izateaz gain, erremedioak egiten zituen, belarrak ezagutzen zituelako, bere lekutik ateratako sorbaldak bere tokian jartzen bazekien... Orduko medikuntza naturalaz asko zekien.
Zure erditzean lagundu zuen?
Bai, nire erditzean bera izan zen emagina. Gaurko omenaldi honetan bildu garen lakuntzar asko bere laguntzarekin jaio ginen.
Orduko emakumeek Elvira gertu izatea asko eskertuko zuten. Beraiendako bermea izango zen.
Bai, zalantzarik gabe. Zenbat lan dagoen hor atzean. Baina pentsatzen dut gaur egun badaudela pertsona asko emakumeengatik lan egiten dutenak. Jendea laguntzeko bokazioa dutenak, zentzuzkoak. Aurrera jo behar dugu, emakumeak gizarte honetan pisua badugula erakusteko.
Bere garaian omenaldi bat egin omen zioten amiñeri.
Bai, 78 urte zituela, abenduaren 8 batean. Herritar talde batek antolatu zuen; gogoan dut Ricardo Areta hantxe ibili zela.