Astekaria

Aralar klubak 46. denboraldiari "gogotsu" ekin dio, juniorren taldea berreskuratuta

Alfredo A. eta Maider B. 2026ko apirilaren 22a

Aurten 32 neska-mutil trebatuko dira Aralar klubean, Sakana Group-Alea izenarekin. Aurkezpena Lakuntzako plazan egin zuten.

Apirilaren 26ko Arbizuko nesken proba eta ekainaren 27ko San Migueleko Kronoigoera, aurtengo nobedadeak.

Aralar Txirrindularitza Taldeak klubaren jaioterria, Lakuntza, aukeratu zuen denboraldi aurkezpena egiteko. Aurtengoa klubaren 46. denboraldia da. "Halako talde txiki batek 46 urte betetzea ez da erraza. Lan handia dago atzean. Taldea guraso batzuek sortu zuten 1980. urtean, Lakuntzan, eta gaur arte mantentzea polita da" azaldu zuten Aralar klubeko juntatik. 

Juniorren itzulera
Aralar Txirrindularitza klubean 32 neska-mutil trebatuko dira aurten, iazko kopuru berdina, baina aldaketa nabarmenarekin: aurten junior taldea berreskuratu dute. "Bi urte egon gara jubenilen kategoriarik gabe. Aurten berriro ere taldea ateratzea lortu dugu, talde polita, bost gazte igo baitira kadeteetatik. Iaz Sakanan bost txirrindulari zeuden jubeniletan, baina ez Burundak ez Aralarrek ez genuen taldea ateratzeko aukerarik izan, batzuek beste talde batzuk nahiago izan zituztelako. Pena handia". Aurten Sakanako bi klubetan daude jubenilak. Bueltan dagoena ere Edy Cerviño Anton entrenatzailea da. Juniorren ardura izango du, Jon Goikoetxearekin batera. 

Ekainaren 27ko juniorren San Miguel Kronoigoerak ikusmin handia piztu du tropelean

Kadeteen taldean hiru txirrindulari daude Borja Gonzalezen eta Eñaut Oiarbideren aginduetara. Eta, jakina, Nafarroako Kirol Jokoetan lehiatzen diren eskoletako taldeak: promesetan txirrindulari bakarra (entrenatzaileak Julen Razkin eta Amara Arrieta); hasiberrietan lau txirrindulari (Alberto Anton eta Amara Arrieta); kimuetan bederatzi (Asier Razkin eta Alberto Anton), eta haurretan hamar (Omar Sanchez eta Borja Gonzalez). "Kadeteetakoak eta juniorretakoak entrenatzaileak dira, eta eskoletakoak gurasoak. Jendea inplikatzen da".  

Helburuak oso argi ditu klubak. "Gazte hauek bizikleta gainean ongi pasatzea, txirrindularitza diziplinaz ikastea, beraien artean lagun izatea eta gustura ibiltzea. Hemen ez dugu inolako pretentsio handirik. Gero ginkanak edo karrerak irabaztea etor daiteke, baina ez da xede nagusia". Eskolakoek lasterketak zirkuitu itxian egiten dituzte, eta ginkana probak. "Ginkanan abilezia ikasten dute, bizikleta gainean segurtasuna izaten". 

Babesleei eskerrak
Sakana Group-Alea, bi babesle nagusien izenarekin ariko dira errepideetan. Permagsa, Industrial Barranquesa, Trefinasa, Legarbe eraikuntzak eta Arribici dira besteak. "Babesle eta laguntzaile guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Txirrindulari bakoitzak bere bizikleta propioa du, baina ekipazioa eta bestelakoak klubak jartzen ditu, eta ez da kirol merkea. Ildo honetan, beti laguntzaileak izan ditugu. Urte askotan Irabia Intersport izan zen, eta gero aipatu ditugunak. Euren laguntzarik gabe ezingo genuke taldea aurrera eraman". 

Lan handia
Txirrindularitza klubek lan handia dute atzean. "Lasterketa bat antolatzeak lan handia du, sekulakoa. Lan talde potentea behar da". Aurten eskola mailako lau lasterketa (maiatzaren 3an Uharte Arakilen, maiatzaren 30ean Etxarri Aranatzen, uztailaren 25ean Bakaikun eta abuztuaren 1ean Lakuntzan) eta Lakuntzako festetako kadeteen lasterketa antolatuko dituzte, eta bi proba berri: apirilaren 26ko I. Arbizuko Udala Emakumezkoen Saria, kadete eta juniorrena, eta ekainaren 27ko juniorren San Miguelera Kronoigoera, ikusmin handia piztu duena. "Normalean gaztetxoek ez dituzte kronoigoerak egiten, eta, gainera, San Miguelen izatea ikusgarria izango da, proba exijentea".

Aralar klubeko ateak "zabal-zabalik" daudela nabarmendu du juntak. "Gazteak etor daitezela, ongi pasako dugu".