Astekaria

Zelai Berri, are berriagoa

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 28a

Lagun Artea Kirol Elkarteko presidente Javier Hernandez, mustutze ekitaldian.

Uztailaren 25ean mustu zen Lakuntzako belar artifizialeko futbol zelai berria. Elkarlanean egindako proiektua da: Lakuntzako Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Sakana Group kooperatibak sustatu dute, eta Lagun Arteak auzolana egin du.

Uztailaren 25a egun handia izan zen Lakuntzan. Egun horretan mustu ziren Zelai Berri futbol zelai artifizial berriaren eta zelaian egin diren bestelako lanak. Lakuntzako Udalaren eta Lagun Artea Kirol Elkartearen gonbitari segika, lakuntzarrek Zelai Berri bete zuten. 

Azken egunak mugituak izan dira Lagun Artea Kirol Elkarteko presidente Javier Hernandezendako eta idazkari Ainhoa Etxarrirendako. Euren semeak futbolean hasi zirenean sartu ziren juntan. "Hala hasi ginen, hala segitzen dugu eta hala segituko dugu" dio Javier Hernandezek. Nahiz eta aurten semeak ezin izango duen jokatu, presidente jarraitzen du. "Javier Andueza bezalako beteranoak ikusita, klubean horrenbeste urte daramatzatenak eta hainbeste lan egin dutenak... aurrera segitzen dugu". 

Belar artifiziala, beharra
Poza eta ilusioa dira sentimendu nagusiak. Kostatu da, baina zelai berritua prest dago. "Denbora asko generaman belar artifizialeko zelaiaren esperoan, eta iritsi da, hemen dugu" dio Hernandezek. "Belar artifizialeko zelaia beharrezkoa zen, guztiz. Batetik, urtetik urtera geroz eta fitxa gehiago ditugu, futbolari eta talde gehiago. Erregional taldeak eta zenbaitetan, jubenilak izan ezik, gainontzeko talde guztiek Itxesaldezko hareazko zelaian jokatzen zuten. Orain, guztiek Zelai Berrin entrenatu eta jokatuko dute". Bestalde, segurtasunagatik. "Itxesaldera joateko errepidea gurutzatu behar da, eta horrek arrisku handia dakar" nabarmendu du. "Errepidea gurutzatzen den eremuan argiak edo fokuak jarri izan dira, baina arriskuak hor jarraitzen zuen" gaineratu du Ainhoa Etxarrik. Azkenik, belar naturaleko zelaiak sekulako lana zuelako. "Javier Andueza "Bullik", Egoitz Arraizak eta bestek ordu pila sartu izan dituzte zelaia behar bezala zaintzen. Egoitzek Jesus bere aita zenaren lekukoa hartu zuen mantenu lanetan. Orain lan horiek askoz ere arinagoak izango dira". 

Javier Hernandez: "Zelai artifiziala beharrezkoa zen. Elkarlanean iritsi da, hemen dugu"

Lakuntzako Udalak herri galdeketa egin zuen futbol zelaia berritzeko lanak egin ala ez erabakitzeko. "Herritarren gehiengoak aldeko boza eman zuen eta babes hori oso garrantzitsua izan zen udalarendako eta guretako. Baita Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza, eta Sakana Group kooperatibaren ekarpena. Oso eskertuta gaude" dio Etxarrik. "Igerilekuekin eta frontoiarekin batera, kirol gune ederra geratu da txoko honetan". 

Mustutzea, "ezin politago"
Mustutze ekitaldia ederra izan zen, festa egun polita. "Atetik sartu eta berehala argazki erakusketa zegoen. Adur Kanporen ideia izan zen. Miguel Angel Aretarekin argazki zaharrak biltzen aritu zen, eta beste berriagoak ere bazeuden". Ate berrian Javier Andueza izena ageri da. "Zelai Berri izenaren azpian Javier Anduezaren izena jarri dugu, Javierrek futbol zelaia zaintzen eta bestelako mantenu lanetan urte luzez egindako lan ordainezina eskertzeko". Javier Andueza izan zen mustutze ekitaldian txalo gehien jaso zituenetakoa, bereziki aurten Lagun Artean aurten hasi den eta jokalari gazteena den Unax Lopetegirekin batera ohorezko sakea egin zuenean. Tradizioa eta etorkizuna, oso ongi islatu zituen Lagun Arteak. 

Jone Aretak gidatutako ekitaldian Lagun Artea Kirol Elkarteko presidente Javier Hernandezek egindako lanengatik “poza” azaldu zuen eta eskerrak eman zizkien Lakuntzako Udalari, Nafarroako Gobernuari eta Sakana Group kooperatibari, egindako diru ekarpenarengatik. Halaber, Itxesalde futbol zelaia itxiko zela gaineratu zuen, eta alde batetik pena azaldu zuen, “gure tenplua zelako eta bertan oso ongi pasatu dugulako”, baina, bestetik, segurtasunari begiratuta guztia Zelai Berrin egoteagatik "poz handia" azaldu zuen, "guretako ametsa eta aspaldiko beharra baitzen".

Halaber, ongietorria eman zien Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafael del Amori, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiari, Sakana Groupeko presidente Gorka Eceolaza Zabalzari eta obra egin duten enpresen ordezkariei, 

Javier Hernandezek zenbait aipamen berezi egin zituen: "Javier Andueza zuzendaritzako kideari, urte luzez izandako ilusioagatik eta egindako lanarengatik; Juan Ignacio Mendietari, bere lan orduetatik kanpo ahal duen guztia ematen egon delako; klubetik pasatu diren zuzendaritzako kide ohiei, oraindik aurrera egiten laguntzen digutelako; ekitaldi honetan parte hartuko duten herriko talde guztiei; eta babesle guztiei, urtetik urtera ilusioz jarraitzera laguntzen gaituztelako". Etxarri Aranatz Kirol Elkartea eta Altsasu Kirol Elkartea ekitaldira gonbidatuta zeuden, eta haiei ere ongietorria egin zitzaien.

Alkatearen desioa: balioak lantzeko eremua izatea
Lakuntzako alkate Oihane Uribetxeberria ere pozarren azaldu zen. Lakuntzarrendako "egun handia” zela aipatu zuen, "ikusti besterik ez dago zenbat jende elkartu garen hemen. Ez ditugu kirol instalazio batzuk bakarrik mustutzen, elkarlanaren, auzolanaren eta herri ikuspegi partekatu baten emaitza mustutzen dugu. Herri galdeketa egin genuen, herritarren iritzia entzun, eta lanak egiteko erabakia elkarrekin hartu genuen. Honen emaitza da Zelai Berri berria" nabarmendu zuen. 

Segurtasunaz aritu zen. "Gure haurrek eta gazteek oinez eta bizikletaz Zelai Berrira modu seguruan iristeko aukera izango dute orain, eta hori ez da txantxa bat". Eta elkarlana nabarmendu zuen. "Proiektu hau ezingo litzateke aurrera emango Nafarroako Gobernuak eta Sakana Kooperatibak emandako laguntzarik gabe. Baina dirua ez da beharrezkoa den bakarra eta Lagun Arteak auzolanean egindako lana eta konpromisoa ez da gutxi. Handia izan da,  eta inplikazio horri esker iritsi gara hona". 

Auzolana Lakuntzaren "indargune nagusienetako bat" dela gaineratu zuen. "Elkarrekin lan egiten dugunean, herriaren onerako helburu partekatuak ditugunean gauza handiak egiteko gai garela probatu dugu beste behin. Ea izpiritu hori herriko beste esparruetan islatzen dugu, etorkizunari ilusioz eta indarrez helduko diogulako". 

Zelai Berri, kirolaren praktika osasungarria sustatzeko gunea izateaz gain, kirolaren bidez balio sendoak lantzeko topagune izatea nahiko luke Udalak. "Laguntasuna, elkarlana, talde lana, errespetua, inklusioa eta genero berdintasuna bezalako balioak sustatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du futbolak, eta herri euskalduna garen aldetik, espazio honetan gure egunerokoa euskaraz bizitzeko gunea izatea nahiko genuke. Zelai hau ez da bakarrik golak sartzeko izango, balioak eraikitzeko ere izango da. Hemen ikasiko dute gure haur eta gazteek irabazten eta galtzen, aurkaria errespetatzen, taldean lan egiten eta aniztasuna abarestasun gisa ulertzen. Hori da, benetan, irabazi nahi dugun partida. Eta partida hori guztion artean irabaziko dugu. Gozatu ditzagun denonak diren instalazio hauek, eta zain ditzagun. Izan daitezela kirola, elkar bizitza eta herri kohesioa indartzeko topagunea". 

Oihane Uribeetxeberria: "Hemen ikasiko dute gure haur eta gazteek irabazten eta galtzen, aurkaria errespetatzen, taldean lan egiten eta aniztasuna abarestasun gisa ulertzen. Hori da, benetan, irabazi nahi dugun partida"

Bukatzeko, obrak aurrera eraman dituzten enpresak gogoan izan zituen. "Obraren zuzendaritza teknikoa egin duen Amaia Eskala ingeniaria, Eskala Ingeniaritza enpresako ordezkaria; obra zibila egin duen Construcciones Irumendi empresa lakuntzarreko Mendieta anaiak, lanak maitasunez egiteagatik, bere garaian hasierako Zelai Berri egin zutenean bezala; eta belar artifiziala jarri zuen FieldTurf enpresa kataluniarra". 

Eciolaza: "Sakana Group Lakuntzaren parte da"
Sakana Kooperatibako presidente Gorka Eceolazak nabarmendu zuenez, "proiektu honetan parte hartzea proposatu zigutenean ez genuen zalantzarik izan, proiektu hau lurraldeariko konpromisoa eta ongizate soziala bezalako gure balio kooperatiboekin bat datorrelako". Argi dute enpresa lakuntzarra dela. "Sakana Group Lakuntza herriaren parte da. Alde horretatik, Lakuntzako Udalak Zelai Berriko lanak estaltzeko aparteko kreditu bat eskatzea ekidin nahi genuen, horrek herriko beste proiektu batzuek baldintzatuko zituelako. Pozik gaude kooperatibak egunero egiten duen lanaren esfortzutik ateratzen diren errekurtsoak halakoa bezalako proiektuetara bideratzeagatik".  Azkenik, Lagun Artea Kirol Elkarteari "onena" opa zion. 

Ereserki berritua, abesbatza, txaranga eta rock doinuekin
Elai Alai taldearen aurreskuaren ondoren, Ozarki txarangak, Lakuntzako abesbatzak eta herriko musikariek Lagun Artearen ereserki eguneratua eskaini zuten. "Bere garaian Anabel Arraizak eta herriko musikariek sortu zuten ereserkiaren eguneraketa eta moldaketa egin du Iñigo Aldunatek. Ozarki txarangaren doinuak jarraituz, Lakuntzako abesbatzak abestu zuen eta herriko musika taldeetan jotzen duten musikariek bere ukitua eman zioten ereserkiari, rock doinuetan oinarrituta" azaldu du Ainhoa Etxarrik. Izan ere, Lagun Artea herriko taldeekin harremanetan jarri zen, "mustutze ekitaldian herri guztia partaide izatea" bilatu zutelako, "herri guztiaren festa" izan zedin. Eta hala izan zen. 

Lagun Arteako hamar taldeak
Segidan, Lagun Arteako hamar futbol taldeen aurkezpena egin zen. Txintxo-txintxo atera ziren jokalari guztiak talde argazkiak egiteko. Bukaeran, denen argazkia atera zen. Benjaminen bi talde, kimuen beste bi, infantilen bi talde, kadeteena, jubenilena, erregional taldea eta Osasuna Genuine Ligako talde inklusiboa ditu Lagun Arteak". Jende askok deitu du aurten Lagun Artean jokatzeko. Tamalez, nesken taldea ateratzea ez da posible izan" azaldu du Ainhoa Etxarrik.

Erregional taldeak entrenatzaile berria duela, hori izango da aldaketetako bat. Aitor Goikoetxeak futbol koordinatzaile lanetan jarraituko du, eta klubeko zazpi entrenatzailek entrenatzaile titulua atera dutela nabarmendu dute. "Nafarroako Futbol Federaziotik hala eskatzen dute, eta guk ere nahiago dugu entrenatzaileak trebatuta egotea" azaldu du presidenteak. Denboraldi berriari begira, ilusioa antzematen da. "Talde erregionalak ilusio handia du. Hiriburuetako bestelako taldeetan zeuden zenbait jokalari itzuli dira, eta taldea indartu da. Jokalariek harreman oso ona dute, eta zelaian nabaritzen da".

Lagun Arteako lehena eta oraina
Javier Anduezak eta Unax Lopetegik egin zuten ohorezko sakea, Lagun Artea erregionalak eta Lagun Arteako beteranoek jokatutako partida hasi baino lehen. Giro ederrean eta lehia ederrean bana berdindu ondoren, penaltietan finago aritu ziren erregionalekoak eta giro ezin hobean despeditu zen partida. Festa borobiltzeko, auzate ederra eskaini zien Lagun Arteak bildutakoei. Lakuntzan egonda, eta Lagun Artearen armarrian agertzen denez, tripota ez zen falta izan. 

Lakuntzarrei "izugarri" gustatu zitzaien ekitaldia. "Oso polita izan da dena. Hasierako ekitaldi instituzionala, dantzariak, musikariak, abesbatza, txaranga, futbolariak, futbol partida, eta auzatea. Dena" entzuten zen Zelai Berrin bildutako taldeetan. 

Ainhoa Etxarri: "Mustutze ekitaldian herri guztia partaide izatea nahi genuen, herriaren festa izatea"

 

Udalaren iritziz, "urrats garrantzitsua"
Zelai Berriko lanak bukatuta, kontentu dago Lakuntzako Udala. "Eraberritze honi esker, urrats garrantzitsua eman da udalerriko kirol azpiegiturak hobetzeko bidean, herritarren eskura kirola egiteko espazio seguru, moderno eta kalitatezkoa jarriz, etorkizuneko beharrei erantzuteko prestatua" azaldu du Oihane Uribetxeeberria Garmendia alkateak. Proiektuaren helburu nagusia Zelai Berri egokitzea zen, "Lakuntzako eta inguruko haur eta gazteek kirol jarduera seguru, inklusibo eta kalitatezkoa garatzeko. Era berean, Lagun Artea Kirol Elkartearen jarduerari jarraipena eman nahi zitzaion, eta etorkizuneko garapena bermatu".

Oihane Uribeetxeberria: "Proiektua mugarria da. Erakundeei, Sakana Kooperatibari eta boluntarioei, eskerrak"

Lanek segurtasun arazo bati irtenbidea eman diote. "Futbol jarduera guztia Zelai Berrin biltzeak Itxesalde zelaia ixtea ahalbidetuko du. Ondorioz, Itxesaldera joateko NA-2410 errepidea gurutzatu beharrak zekarren arriskua desagertuko da, eta irisgarritasuna hobetuko da". Halaber, futbol zelaiaren mantentze lanak asko erraztuko dira, eta igerilekuek, Sakana frontoiak eta Zelai Berri berrituak kirol gune ederra osatuko dute. 

Inbertsioa eta lanak
Obren azken inbertsioa 482,637,38 eurokoa izan da, "aurreikusitakoa baino %5 handiago, beste hainbat hobekuntza egin direlako: ate berriak jarri, Zelai Berri eta Sakana pilotalekuaren artean futbol 7 zelaia egin, hormatxo berriak jaso eta zelaiaren inguruko zenbait gune hormigoiztatu". Obra zibila Construcciones Irumendi enpresak gauzatu du (166.643,15 euro), Eskala Ingeniaritza enpresaren zuzendaritza teknikopean (25.095,50 euro), eta belar artifiziala jartzeko lanak FieldTurf enpresa kataluniarrak (290.898,73 euro) egin ditu. Azken belaunaldiko belar artifizialeko sistema du: dentsitate handiko polietilenozko zuntzez osatua, artozko betegarri organikoarekin eta silize-harearekin.

Obra elkarlanaren fruitua da. "Proiektu hau erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzari esker gauzatu ahal izan da. Bereziki azpimarratzekoa da Sakana Group kooberatibak egindako 145.000 euroko ekarpena, baita Nafarroako Gobernuko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak emandako 160.000 euroko dirulaguntza ere. Lakuntzako Udalaren ekarpena 154.652,65 eurokoa izan da" zehaztu du alkateak.

Elkarlanaren emaitza
Udalak Lagun Artea klubaren ekarpena eskertu du. "Auzolanaren eta baliabide propioen bidez, eta herritar askoren laguntzaz, hainbat hobekuntza gauzatu ditu: argiteria LED teknologiara egokitzea, hegoaldeko harmaila enkofratu eta hormigoiztatzea, perimetroko hesiak berritzea, Sakana pilotalekuaren inguruan babes-sareak jartzea eta instalazio osoa hobetzen lagundu duten bestelako lan osagarriak egitea".

Lakuntzako Udalaren iritziz, "proiektu hau amaitzeak mugarri garrantzitsua dakar Lakuntzako eta Sakanako kirolarendako, zelai berriak urte osoan zehar futbol jarduera baldintza ezin hobeetan garatzeko aukera emango duelako, erabiltzaileen segurtasuna handituko du eta egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat kirol azpiegitura moderno, irisgarri eta kalitatezkoa".

Horregatik,  "eskerrik beroenak" eman nahi dizkiete proiektu hau posible egin duten pertsona, erakunde, enpresa eta boluntario guztiei, "guztien elkarlanari esker, etorkizuneko belaunaldien zerbitzura egongo den kirol azpiegitura berria izango duelako".

Itsesaldeko 'tenpluari', agur

Itxesalde zelaia itxiko da. 80. hamarkadan eta 1997tik gaur egunera arte, 40 urte inguru martxan egon da. "Xarma berezia du, izugarri disfrutatu dugu bertan. Gure tenplua zen, eta alde horretatik pena ere ematen digu. Oroitzapen handiak ditugu".