Sakana Groupeko Gorka Eceolazak adierazi zuen "herriaren parte direlako" eta "udala ez zorpetzeko" egin zutela 145.000 euroko ekarpena. Ozarki txarangak, Lakuntzako abesbatzak eta herriko musikariek Lagun Artearen ereserki eguneratua kantatu zuten, Lagun Arteako hamar futbol taldeak aurkeztu ziren eta horrenbeste urte kluban lanean aritutako Javier Anduezak (Zelai Berrik ere bere izena eramango du) eta aurten klubean hasiko den Unax Lopetegik egin zuten ohorezko sakea. Erregionalen eta Lagun Arteako beteranoen arteko partidak (bana berdindu zuten eta penaltietan erregionalak finagoak izan ziren) eta auzateak herriko festa borobildu zuten.
Lakuntzarrak, kontentu. "Zein polita izan den..." hori zen talde eta multzo guztietan entzuten zena. Eta hala izan zen.