Anfasek Lakuntzan duen egoitzatik adimen edo garapen desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei babesa eskaintzen die. Familia ardatz duen ereduan sakontzeko asmoz aurtengo eskaintzan aldaketa batzuk egin dituztela jakinarazi dute Anfasekoek.
Familiei zuzendutako hiru prestakuntza programa ditu Anfasek. Alde batetik, guraso eta anai-arreba txikien taldeak daude, adimen urritasuna edota garapenean zailtasunak dituzten
pertsonen senideei zuzenduta dagoena. Haren bidez parte hartzaileen ahalmenak
garatzea, sistema familiarraren loturak indartzea eta oinarrizko prestakuntza jasoko dute. Hala beraien portaera osasuntsua, sortzailea, eraginkorra eta aberasgarria izatea lortuko dute.
Espektro autistaren nahasmenduko atalaren bidez, Anfasek bi zerbitzu eskaintzen ditu. Alde batetik, familiendako eta haiekin lan egiten duten profesionalendako eskolak. Saio horietan batzuek eta besteek beraien egunerokotasunean opatzen dituzten traba eta oztopoak azaldu eta horien aurrean kontuan izan ditzaketen estrategiak landu eta garatzeko espazioa eskaintzen da. Bestetik, Anfasek umearen edota nerabearen garapenaren inguruko balorazioak egiten ditu. Ondoren, txosten batean, familiendako zein profesionalendako orientazioak proposatzen ditugu eta banakako interbentzio plan bat egiten dugu.
Anfasek adimen urritasuna duten pertsonei eta beraien familiei kezkatzen dien arloetan informazioa eta aholkularitza eskaintzen die ere. Gainera, adimen urritasuna duten pertsonek atseden har dezaten, Anfasek urtean zenbait asteburuetarako zaintza eskaintzen du. Horretarako aterpeetarako irteerak antolatzen ditu.
Haur eta nerabeendako
Alde batetik, 0 eta 3 urte arteko umeendako arreta goiztiarra programa du Anfasek. Horrek haurrei, haien familiei eta inguruari zuzendutako ekimenak biltzen ditu eta hainbat diziplinetako profesionalek parte hartzen dute. Bestetik, trebetasun funtzionalak garatzeko programa dago, nahitaezko eskolatzea bukatzen den arte luzatzen da, 21 urte arteko haurrei zuzenduta. Programa horren bidez garapenean zailtasunak edota adimen urritasuna duten pertsonek dituzten beharrei erantzuna ematea da. Programa horretan profesionalek, familiek eta ikastetxeek elkarlanean lan egiten dute.
Komunitatea inklusiboagoa eta solidarioagoa izan dadin, gizartea sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ere lan egiten du Anfasek, Horretarako, alde batetik, ikastetxeetan ikasleekin eta irakasleekin desgaitasuna lantzeko jarduerak antolatu eta egiten ditu. Bestalde, udalek, erakundeek, elkarteek eta edozein zentro edo kolektibok ere eska dezakete gizarte sentsibilizazioko programari buruzko informazioa, jarduera zehatzak antolatzeko.
Programen eta haien prezioen inguruko informazioa nahi duenak Sakanako Anfasekin harremanetan jar daiteke. Horretarako rzsakana@anfasnavarra.org e-posta helbidera idatzi edo 948 57 61 52 edo 658 84 23 53 telefono zenbakietara hots egin dezake.