“Programen bidez pertsonen beharrei erantzuna ematen diegu”

Guaixe 2023ko api. 21a, 14:41

Oihane Andueza Ros.

Altsasuk elkartasun azoka hartuko du igandean eta han ateratzen den dirua Sakanako Anfas-endako izanen da.

Sakanako Anfas-eko arduradun Oihane Andueza Rosek azaldu duenez, adimen urritasuna duten pertsonen eta haien familien alde lan egiten duen irabazi asmorik gabeko elkarte nafarra da Anfas. 62 urteko ibilbidea du eta 2017az geroztik Sakanan ordezkaritza du, Lakuntzan. 

Zer lan egiten du Anfasek? 
Hamaika programa ditugu, jaiotzen direnetik hasi, heldu aroan independentzia lantzekoekin segi eta zahartzaroarekin bukatzeko. Programa horien bidez pertsona horien beharrei erantzuna ematen diegu. 

Lakuntzako egoitzatik Sakanarako zer eskaintzen duzue? 
Bi programa daude. Batetik, arreta goiztiarreko programa eta, bestetik, trebetasun akademiko, sozial eta hizkuntza komunikaziorako trebetasunak lantzen dituena. Arreta goiztiarraren barruan, 0-3 adin artekoei eskaintzen zaien arreta Nafarroako Gobernuarekin itunduta dago. 3 eta 6 urte artekoendako eskaintza ere badugu. Trebetasunen programa 6 urtetik 21 urte bitartekoendako da. Lakuntzan horiei ematen diegu erantzuna. Egia da Anfasek beste programa batzuk dituela. Esaterako, aisialdikoa eta oporretakoa Nafarroa guztian egiten da. Horiek ere sakandarrendako ere prestatuta daude. Hortaz aparte, informazio programa dago, familia eta biztanle guztiondako. Sentsibilizazio ere lantzen dugu, eta sakandarren beharrei erantzuna ematen ari gara lanean. 

Ibarrean zenbat erabiltzaile dituzue? 
Gaur egun Anfasen 50 bat familia daude, 100 bazkide inguru dira. Arreta goiztiarreko programan 40 bat daude. 

Bazkideak, elkarteetan ezinbestekoak!
Bai. Azkenean, Anfas aurrera eramaten dutenak familiak dira. Badaude batzuk arreta jasotzen dutenak, baina badaude beste hamaika lagun bazkide direnak, beharrezkoak, jakina. Bazkidetzeko edo boluntario izateko www.anfasnavarra.org webgunean sartu edo Lakuntzako egoitzatik pasa daiteke edozein. Guztiendako atea beti irekia dugu: galdetzeko, interesatzeko, informazioa jasotzeko eta, bai, beti irekiak eta sareak egiteko prest.

Elkarlanerako prest?
Beti. Bai. Hezkuntza zerbitzuekin, gizarte zerbitzuekin, Sakanan ez dauden beste elkarteekin, Sakanako Mankomunitatearekin gero eta gehiago gaude harremanetan. Hori da gure helburuetako bat: sare horiek egitea, komunitatean parte hartzea areagotzeko eta komunitate barruan egoteko. 

Zergatik parte hartuko duzue elkartasun azokan? 
Lehenik eta behin eskerrak eman. Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko arduraduna gurekin  kontaktuan jarri zen familia baten bitartez. Berak esaten zuen adimen ezgaitasuna Anitzarteanek  kontuan izan behar zuela, ikustarazi behar zela. Bai Anfas bai ezgaitasunaren inguruan lan egiten dugunok denok beti gaude prest plazara ateratzeko eta beste kideekin egoteko, parte hartzeko. Oso momentu baliogarria eta aberatsa da. 

Zerekin egonen zarete azokan?
Txoko bat izango dugu informazioa eskaintzeko, dauden galderei erantzuteko. Bestalde, Liburuaren Eguna dela eta, Sakanako Anfaseko partaideak azokaren parte izateko orri markatzaileak egin dituzte. Horiek plazara ekarriko ditugu eta beste gauzekin batera salgai jarriko ditugu azokan. Eta liburu bat erosten badute, primeran. 

Erlazionatuak